URTEKO 28. IGANDEA A (2014-10-12)
SARRERA
Anai-arrebok, urteko 28garren igandea ospatzen dugu gaur. Aurreko bi igandeetan eta gaurkoan, hiru parabola berezi dakarzkigu liturgiak. Duela 15 egun, hau zen parabola: seme batek «bai» esan eta «ez» egin; beste semeak «ez» esan eta «bai» egin. Joan den igandean, mahastiko langileek mahastiaren jabe bihurtu nahi izan zuten; gaur, berriz, gonbidatuek ez dute joan nahi eztei-otordura.
Parabola horien jatorrian, juduek Jesusi egindako galdera dago, Jesusek tenplutik salerosleak bota zituenean: «zein aginpidez egiten duzu hori?», galdetu zioten. Eta Jesusek, besteak beste, hiru parabola horien bidez erantzun die.
Senideok, Biblian, jai-otorduak gure salbazioaren izaera adierazten du. Otordua, familia edota lagunak elkartzeko aukera izan ohi da. Gure salbazioa horixe izango da: elkartasun betea, mugarik gabea, akatsik gabea, betearen betea.
Eztei-otorduak, beraz, diren guztiek, Jainkoak eta sorkariek, bat egiten dutela adierazi nahi du. Horrela, Jainkoak eztei-otordura deitu izanak, bakoitzak bere «neu» bakartia eta egoista utzi, eta «geu» osora, erabatekora, betera, guztion batasunera deitu gaituela esan nahi nahi du.
Jakina, elkartasun hori ez da noizbait automatikoki beteko den zerbait. Dagoeneko eginkizun dugu; apurka-apurka garatu beharrekoa.
Eukaristian modu bizian agertzen dugu deiari egindako geure erantzuna: talde batean elkartuz, hitza elkarrekin entzun eta biziz, Jesusen heriotza eta piztuera guztiok batean geure heriotza eta piztuera eginez. Elkartasun hori ez dadila gelditu momentu honetako bihozkada hutsean.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (25,6-10a)
Isaiasek esaten digu egun batean gizon-emakume guztiak jai-otordu batean bilduko garela. Herri guztiak bildu ere. Orduaz gero, ez da heriotzarik izango; herrien bereizketa guztiak ezkutatuko dira. Jaunaren eskua argi eta garbi ikusiko da han.
Hemen aipatzen den heriotza ez da egun batean esan beharko dugun «gero arte handi» hura; ez; hemen beste hau adierazi nahi du: biziaren, pertsonaren, elkartearen kontra ari den indar negatiboa; heriotza hau erabat desegingo du Jainkoak; hala, ez da gehiago gorrotorik izango, ez haserrerik, ez inbidiarik, ez alferkeriarik, ez… Geroaren ziurtasuna presente egina agertu digu Isaiasek.
Jai-otorduaren irudi hau askotan ikusten da Biblian. Bizi-seinalea da, elkartasun-seinalea, elkarrizketa-seinalea, pozaren eta barnetasunaren seinalea.Kontsolamendua da. Aldi berean, bihotz emateko modua, azken hura oraintxetik prestatzen, egiten, garatzen… joateko. Gora bihotzak!
BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (4,12-14.19-20)
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkie Paulok filipoarrei, eman dioten laguntzagatik.
Esaten die, alabaina, badakiela pobre eta miserian ere bizitzen; ez dela izan aprobetxategi bat. Aitortzen du, ordea, duentxoarekin konforme bizitze hori Jainkoaren dohaina duela. Edonola ere, zinez eskertzen die bidali dioten laguntza. Esaten die ere,eman dioten laguntza hori ez dela geldituko saririk gabe.
Pauloren azken hitz hauek balio beharko ligukete guri ere, pobreen alde, Elizako beharren alde zerbait egiten dugunean. Balio beharko ligukete, batez ere, haurrak heztean, familia aurrera ateratzeko, herria herri egiteko… lan egiten dugunean. Modu batean edo bestean, beti sumatuko dugu saria: helburu on baterako emandakoa, ez da izango zulo huts; izango du ordaina, modu batean edo bestean.
Baina Paulo ez da gelditu esandako horrekin. Bukatzeko, hona zertara gonbidatu gaituen: «Jainko gure Aitari aintza menderen mendetan. Amen.» Paulo zoraturik bizi da Jainkoaz, liluraturik.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (22,1-14)
Ebanjelioak bi zati ditu oso markatuak: lehenengoan, dei unibertsala ageri da; bigarrenean, pertsona bakar bat. Lehenengoan, Jainkoaren onginahia era absolutuan ageri da; bigarrenean, maitasun absolutu hori zerbaitek lausotuko balu bezala ageri da. Ikus dezagun.
Lehenengo irakurgaia bezala, ebanjelio hau ere eztei-otorduaz mintzo da. Jainkoa da deitzen duena. Lehenik eta behin, israeldarrei egin die deia. Baina haiek ez dute kontuan hartu deia: batzuk beren lurrak ikustera joan dira, beste batzuk beren negozioetara… Ez dute kontuan hartu, Jainkoak guztiekin bat egitera deitu diela.
Horregatik, Jainkoak beste batzuei dei egin die; inor ere bereizi gabe Hauek aintzat hartu dute deia. Horrela bete da eztei-aretoa. Jainkoa pozik da.
Baina eztei-aretora joatean, lagun bat ikusi du, jantzi berezirik gabe. Galde genezake: zer luke harritzekorik norbait jantzi txukunik gabe tartean egoteak? Izan ere, bide-bazter guztietan ibili dira zerbitzariak jende bila.
Esan nahi da, ez dela aski deiari «bai» esatea; gaur 15eko parabolako semeak bezala: «bai» esan, baina «ez» egin. Ez da aski bataiatua izatea. Deiaren arabera bizi behar da. Esan ohi da, ezkondua den zenbait jende ezkongabe bezala bizi ohi dela. Ez da aski eztei-aretora joatea; mahaikide izaten ikasi behar da: adiskidetasuna, maitasuna, elkartasuna. Azken batean, bihotz eta gorputz, bat egitea da kontua.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau-herri osoaren alde: gogotik onartu dezan Jesusen deia: mundua berri, zuzen eta anai-arreba arteko egiten saiatzeko deia. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gizon-emakume guztien alde: bata bestearentzat esperantza-iturri izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gizon-emakume guztien alde: edozein delarik bakoitzaren ideologia, munduan poza eta egia ereiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Erroman bildu den gotzainen Sinodoaren alde: hizketa-gai familia dutelarik, zintzo, adorez eta erantzukizunez hitz egin eta jardun dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.