MEZAKO OHARPENAK
URTEKO 26. IGANDEA A (2014-09-28)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 26garren igandea ospatzen dugu gaur. Urtekoa! Aspaldi samar utzi genuen atzera Pazkoaldia; esateko modu bat da, zeren Eukaristian igandero ospatzen baitugu Pazkoa: Jesusen misterio handia, heriotza eta piztuera. Bai. Baina Pazkoaldiaren ondoren, Urtekoa esaten dugun aldia ari gara bizitzen. Eta zer berezitasun du urtealdi honek? Ez al zara konturatu? Igandero-igandero, apurka-apurka, Jesusen ebanjelioa irakurtzen eta entzuten ari gara. Eta zergatik ez esan? Bizitzen ari gara Jesusen ebanjelioa. Ez dakigula gerta, gaurko ebanjelioko parabolako anaia bietako batena: bai esan, eta ez egin.
Bai, ebanjelioan haserre mintzo zaie Jesus herriko buruzagiei. Aitari mahastira joango dela esan dion, baina joan ez den semearekin konparatu ditu buruzagiak.
Aitzitik, ez dela joango esan, baina gero lanera joan den anaiaren kontrako errabiarik ez du agertu Jesusek. Izan ere, Jainkoak badaki itxaroten. Maitasunak badaki zain egoten. Jainkoak ondo asko daki, geure bizitzan ez eta bai ibili ohi garela; zain-zain dago, bai hori noiz nagusituko zaion ez horri.
Senideok, gauza ona zer den aurkitzea gauza zaila da. Argi eta kemen beharra dugu horretarako. Jesusen Espirituak ematen dizkigu. Saia gaitezen horien bila Eukaristia honetan.
Gaur, bestalde, Caritas eguna dugu. Lanik ez dutenak hartuko ditugu kontuan, batez ere. Saia gaitezen halakoen larruan sartzen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (18,25-28)

Babiloniako inperioak K.a. 597an deportatu zituen israeldar asko. Eta 587an erabat suntsitu zuen Jerusalem hiria; Tenplua ere bai, jakina. Bi data horiek banatzen dituzte Ezekiel profetaren bi aroak; lehenengoan, herrian bizi dituzten iskanbilak salatu ditu; bigarrenean, esperantzarako deia hots egin du.
Gaurko pasarte hau, lehen arokoa da. «herriaren aurrean Jainkoaren zaintzaile» bezala dakusa bere burua; mehatxatzen duen arriskuaren aurrean herria ohartarazteko jarria den gizon bezala.
Horiek horrela, atentzio deitzen dio bere herriari. Istilu eta nahasmendutan murgildurik eta itsuturik dabil. Besteak beste, sentimendu abertzaleak direla-eta manipulatu egiten dute herria liderrek; optimismo zoroa eragiten ari dira herri-agintariak. Horrekin guztiarekin, Babiloniaren bigarren parte hartzea prestatzen ari dira; Babilonia xaxatzen ari dira.
Nahas-mahas honetan, zuhurtasunerako deia egin die Ezekielek. Gaurko pasarte hau barne duen Ezekielen 18garren kapitulua, salaketa eta guzti, uste- eta esperantza-emailea da. Hori dira Jainkoaren hitz bikain hauek: «nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte » (18,32).

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (2,1-11)

Filipoko kristau-elkartean ez zuten bizi problema larririk. Halere, bazuten ezbairako joeratxorik. Hauek ere, Jesusek fariseuei eta apaizei esango dien bezala, arriskua dute kontzientzia faltsu bat sortu eta hari temati loturik bizitzeko: ni ona naiz, ni besteak ez bezalakoa naiz, ni…
Kristoren arabera dabiltzan ala ez ezagutzeko, irizpide hau eman die Paulok filipoarrei: «bihotz errukitsua» izatea. Hau da: gizarteak baztertu duen jendeari baldintzarik gabeko maitasuna agertzea. Beraz, kristauak ez du aski elizkoi edo otoitz zale izatearen irizpidea; Jesusen bidea betetzea, praktikatzea, gauzatzea da irizpide nagusia.
Horiek horrela, elkartasuna bizitzeko eskatzen die Paulok, umil eta apal izateko. Eta eredutzat Kristo bera proposatu die. Horretarako oso ezaguna den Kristoren gorazarrea gogorarazi die. Alde batetik, gurutzeko heriotzaraino esaneko izan da Jesus, beheratu egin da; bestetik, zeruko Aitak goratu egin egin du.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (21,28-32)

Gaurko pasartea baino lehenago, mahastiko langileen parabola agertu die Jesusek Jerusalemgo buruzagiei: langile guztiek soldata bera jaso dute, lanean ordu-kopuru desberdina egin arren. Joan den igandean irakurri genuen parabola hori.
Hika-mika giroko parabola zen hura. Gaurkoa ere halaxe da. Datorren igandekoa ere hala izango da. Jesusen bizitzako azken aldikoak dira hirurak.
Gaurkoan, bi semeen parabola entzungo dugu. Aitak eskatuari erantzunez, lehen semeak joango dela mahastira, lanera, esan dio aitari, baina ez da joango; bigarrenak esan dio ez duela gogorik joateko, baina geroago han doa lanera.
Bi jarrera dira: bata, damutuarena; bestea, hipokritarena: esan bai, baina egin ez.
Segidan, bi bekatari-mota tipiko aipatzen ditu Jesusek: batetik, zerga-biltzaileak eta prostituituak; hauek konbertitu dira Joan Bataiatzailearen hitzak entzutean; bestetik, Jerusalemgo apaizak eta buruzagiak; hauek ez diote kasurik egin Joani. Prostituituak eta zerga-biltzaileak jende nazkagarria zen on usteko jendearentzat; besteak sistemari atxikiak ziren. Haiek bihotz leunagoa agertu dute; hauek zekenago agertu dira
Batetik, damutuak; bestetik, tematuak. Guztioi dagokigu parabola.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Ezarritako sistemari, eskema zaharkitu bati, alderdi politiko bati… lotu-lotuak bizi direnen alde: Pauloren esanera, bihotz-apalago, bihotz-bigunago, bihotz-askeago, bihotz-bilatzaileago, bihotz-errukitsuago izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Asia hurbilean bizi dituzten liskarrak eta gerlak zentzuz, zuhurtasunez, zuzen konpondu ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Euskal Herrian langabe direnen alde: beren arazoa konpondurik ikus dezaten laster. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Farmazia-konpainien alde: itxuragabeko diru-gosea alde batera utzirik, munduak behar dituen botikak sortzeari ekin diezaioten. Eska diezaiogun Jaunari.