URTEKO 25. IGANDEA A 2014-09-21
SARRERA
Anai-arrebok, gaurko ebanjelioa mahastiko langileez mintzo zaigu. Ordu desberdinetan joan dira lanera; halere, soldata bera jaso dute denek.
Zer esan nahi du horrek? Elizako bizitzaz emandako irakaspenetakoa da parabola hau ere. Esanahi sakon-sakona du: Jainkoa ez da merkataria, ez tratularia; Jainkoa maitasun hutsa da; ez dago gizakiak zer egingo zain; doan eskaintzen digu bere maitasuna, bere onginahia, bere salbazioa.
Ebanjelioa beti modu probokatzailean mintzo zaigu; beti zirika: giza ikuspegitik, zentzurik ez den jokabidea agertu digu: eguzkitik eguzkira lan egin dutenei eta arratsean ordu pare bat bakarrik lan egin dutenei soldata bera!
Horren guztiaren esanahia ulertzeko, ez dugu beste biderik: Jesus maitatu. Maitatuz bakarrik ulertuko dugu Jesus bera eta Jesusen jokabidea. Izan ditzagula lagun haren Espiritua eta haren ama, Andre Maria.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (55,6-9)
Esaldi bakar honek biltzen du gaurko irakurgai hau guztia: Nire planak ez dira zuen planak. Pasarte hau Bigarren Isaias deitzen dugun zatikoa da; kontsolamenduaren liburukoa. Herriak eta buruzagiek Jainkoaren bidea utzi eta ituna, emandako hitza, jan zutelako joan ziren israeldarrak Babiloniako desterrura. Halere, Jainkoa ez da ahaztu bere herriaz. Bigarren Isaias hori, desterruan bizi den herriari esperantza eta kontsolamendua ematen saiatu da. Bide batez, konbertsiorako deia egin dio; Jaunagana itzultzeko eskatu dio; plan eta pentsamendu okerrak baztertzeko, eta Jaunaren asmoak onartzeko. Hitz batean esateko, Jainkoaren erruki handia goresten du profetak: errukia dio bekatariari eta aberats da barkatzen. Gaur egun esango genuke, Jainkoak ez duela zer barkaturik. Gizakiak berak du bere buruari barkatu beharra. Gizakiak berak du Jainkoaren maitasunean uste guztia jarri beharra. Jainkoaren jokabidea ez da gizakiona bezalakoa: onbera da, errukitsua, maitatzailea eta maitagarria.
BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutuna (1,20c-24.27)
Filipoarrei egindako gutun hau, kartzelatik idatzi du Paulok; Efesotik (56. urte inguruan) edo Erromatik (61-63 urteetan); adituak ez datoz bat.
Filipoarrek bihotza harrapatu zioten Paulori; oro har, ez zuen gogoko inorentzat zama izatea; halere, gustura hartzen zituen filipoarren erregaluak; gogoan hartzekoa da gustura hartze horren arrazoia: «Ez uste izan neuretzako mesede bila nabilenik; zuen aldeko kontua handitzea nahi dut» (Flp 4,17)
Horiek horrela, bere bihotza zabal-zabal irekirik, bere barnean bizi duen aukera egin beharra eta ezin egina adierazi die Paulok: bere buruari begira, nahiago luke Jaunagana joan; kristau-elkarteei begira, berriz, lan egin beharra ikusten du; hil ala bizirik jarraitu da planteatzen zaion aukera, erabakitzea berari dagokion neurrian. Jaunagana joan: bere burua pertsegiturik, kalumniaturik, preso, zigorturik, mespretxaturik ikusten duelako. Lan egin: kristau-elkarteak oso hauskor, oso arriskuan ikusten dituelako. Azken batean, ez daki zer aukeratu. Baina prest dago bietan edozein onartzeko.
Miresgarria da Pauloren fedea eta ustea: kartzelan dagoela bere azkena hurbil ikusten du; konbentzimendu osoa du Jainkoaren onginahia berekin duela; konbentzimendu osoaz agertzen du Kristo dela beretzat dena: bizi ala hil, hura du bere uste bakarra, bere xede edo helburu bakarra.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (20,1-16)
Mateok hiru parabola dakartza mahastiaz. Gaurkoa da lehenengoa. Hurrengo igandeetan entzungo ditugu beste biak.
Lerro batzuk lehenago, Jesusengatik dena uzten dutenei dagokien sariaz jardun da Mateo. Hemen, segidan, mahastiko langileen parabola ezarriz, irakaspen hura bera osatu nahi du, nonbait.
Mahastiko langile horiek plazan nork hartuko zain egote hori ez da asmatutako zerbait. Jesusen garaian bizi zuten egoera da.
Alde askotatik har daiteke parabolaren mezua. Alderik nagusiena, badirudi, Jainkoaren doakotasuna azpimarratzea dela. Jainkoa ez da egon, ez dago, ez da egongo, gizakiak zer egingo zain: ez gizakia kreatu duenean, ez gizakiari pertsona bezala bizitzen lagun dionean, ez beste inoiz. Jainkoarena da beti lehen hitza. Onginahi hutsez dihardu. Maitasun hutsez. Ez da tratularia. Eskuzabala da. Dena bihotz, bihotz bigun, bihotz samur, bihotz onbera. Alde horretatik, Jainkoarentzat ez du zentzurik lehenengoak eta azkenak delako esapideak. Guztiok gaitu berak kreatu, maitasun hutsez kreatu ere. Alde horretatik, zer mingarria den entzutea edo irakurtzea: «Irak-eko eta Siriako Estatu Islamikoko suni-ihadista taldea GARBITU egin behar da». Borrokatu edo garaitu terminoek ez bezalako konnotazioa du «garbitu» terminoak.
Nahi bada, beste alde honetatik ere har daiteke parabola. Mahastia Israel herriaren sinboloa da, Jainkoaren herri bezala harturik. Horregatik, mahastian lan egiteak Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan lan egitea esan nahi du.
Ebanjelio hau ez da hartu behar, beraz, harreman sozialeko irakaspen bezala. Soilik, Jainkoaren maitasuna agertu nahi du. Guztiek soldata bera hartu dute, mahasti-jabearen errukia eta ontasuna mugagabeak direlako.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: Jaunaren mahastian langile fin, ondradu eta erantzukizun handiko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Zuzentasunaren eta bakearen alde lan berezia egiten duten erakundeen alde: aspertu gabe, iraupentsu izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, preso, pobre, goseak diren guztien alde: aberatsen eta pobreen mundu hau ebanjelioaren araberako orekara itzul dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-. «Irak-eko eta Siriako Estatu Islamikoko suni-ihadisten» alde. Berek ere, beren bihotzean Jesusen Espirituaren argia suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.