Letrango Basilika Sagaratzea (2014-11-09)
SARRERA
Anai-arrebok: Fedearen eta Bataioaren bidez Eliza bat bereko kide gara guztiok. Kristo da Eliza honen oinarria. Hark eusten dio bizirik eta indarrean. Kontu handia izan beharko genuke, konfiantza harengan bakarrik jartzeko, eta ez beste inorengan, ez beste inon.
Letrango Basilikaren Sagaratzea ospatzen dugu gaur. Erromako gotzainaren katedrala da hura, Aita Santuarena, alegia. Elizbarruti bakoitzean izan ohi da katedral izeneko eliza bat; lekuan lekuko kristau-elkartearen batasunaren seinalea-edo da, edota izan beharko luke.
Aita Santuaren katedralaren sagaratzea ospatzean, munduko Eliza guztien batasuna ospatzen dugu, Erromako Gotzainaren inguruan.
Gaurko irakurgaiek eliza eraikinaren esanahia adierazten digute, edozein mailatakoa delarik eliza eraikin hori. Lehen hiru mendeetan kristauek ez zuten eliza eraikinik elkarrekin biltzeko. Paulo Elizaz mintzo da, halako edo bestelako lekuan elkartzen den elkartea adierazteko; ez da mintzo, beraz, eliza eraikinaz; baizik elkarteaz. Horregatik, kristauarentzat, eliza eraikina edo tenplua ez da Jainkoaren etxea, baizik kristau-elkartea biltzen den lekua.
Irakurgaien arabera, Kristo da egiazko tenplua. Hura da ur bizia darion iturria (lehen irakurgaia). Fededunen elkartasuna adierazten duen leku pribilegiatua da tenplua (bigarren irakurgaia).
Gaurko ebanjelioak, berriz, eliza eraikinari edo tenpluari zer tratu ematen diogun kontuan hartzeko esaten digu. Jesus, adibidez, ez zer agertu batere gustura Jerusalemeko tenpluan. Gu geu geurean?
Galde egiogun geure buruari: eliza eraikin horretan / honetan kristau-elkarte sentitzen al gara?, saiatzen al gara kristau-elkartea gauzatzen, geure portaeraz, geure otoitzaz? Nekez egin genezake hor topo Jainkoarekin, baldin eta lagun hurkoarekin egiten ez badugu.
Jainkoak nahi izan dezala gure ospakizun hau familia handi baten aldarrikapen izatea, letra handiz idatzitako Eliza elkartearen aldarrikapen izatea.
LEHEN IRAKURGAIA Ezekiel profetaren liburutik (47,1-2.8-9.12)
Ezekiel profetak ikuskari bat izan zuen: Jainkoa tenplua uztera zihoala, herriak oker erabiltzen zuelako (8–11 kap.). Geroago, erbestean jadanik, beste ikuskari bat izan zuen. Hartan, suntsitua izan zen tenplua eraberritua ikusi zuen, eta Jainkoa itzuli zela berriro hartara. Presentzia honek ez zuen esan nahi, aspaldiko egoera hura bera berrituko zenik, baizik zerbait berria etorriko zela (43. kap.). Zerbait geroxeago, beste ikuskari bat izan zuen, sinbolismoz betea. Jainkoa tenpluko arroka dela ikusi zuen, eta arroka hari iturburu bat zeriola, zen guztiari bizia ematen zion ura ematen zuena. Hasieran erreka txiki bat, gerora ur oparoko ibaia. Adierazi nahi zuen, gizadiaren basamortu lehorra ureztatzen duen ur bizia dela Jainkoa.
Jainkoak nahi izan dezala, gure eliza eraikin hau Kristoren presentziaren agerpen izatea, ingurumen guztia birbiziarazten duen ura darion Kristoren agerpen, alegia.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutuna (3,9c-11.16-17)
Paulo santua, une batzuetan, etsirik-edo gertatu zen Korintoko kristau-elkarteari erreparatzean. Urte asko daramate kristau bezala, baina ez du ikusten haiengan fede heldurik. Iruditzen zaio, ez direla jabetu gurutzearen irakaspenaz. Sostengutzat Kristo hartu ordez, batek Pedro hartzen du, besteak Paulo, beste batek Apolo. Ez dakite bereizten zein den lehenengoa eta zein bigarrena. Esaten die: Pedro, Paulo etab. lankide huts dira. Testuinguru honetan, jakin dezagun letra handiz idatzitako Eliza, hau da, kristau-elkartea, Jainkoak lantzen duen alorra dela, Jainkoak eraikitako etxea.
Hitz batean esateko, Jainkoari aitortu behar diogu protagonismoa eta konfiantza; hark bakarrik hazaraz dezake Eliza, kristau-elkartea; kopuruz baino gehiago, nolakotasunez.
Baina protagonismoa behar denari emanik, giza lankidetzaz mintzo da Paulo. Lankidetzak solidaritatea esan nahi du, seriosa, konprometitua. Solidaritatea egoismoaren kontrakoa da, indibidualtasunaren kontrakoa.
Eliza osoaren, kristau-elkarte osoaren batasunaren irudi den Letrango Basilikaren Sagarapena ospatzeak, eraman gaitzala Jainkoari protagonismoa aitortzera, harengan konfiantza izatera, eta gizon-emakumeon lankidetza solidario baten beharra aitortzera.
EBANJELIOA San Joanen liburutik (2,13-22)
Hiru ebanjelio sinoptikoek –Mateo, Markos eta Lukas– Jesusen bizitzaren azken aldian jarri dute merkatariak etab. tenplutik bota izanaren kontakizuna.
Joanek, berriz, Jesusen jendaurreko bizitzaren hasieran-edo kokatu du. Esango litzateke, bere egiteko osoaren gida bezala-edo hartu duela Jesusek gertaera hau, Joanen ustez. Esaterako, kontakizunaren hasieran juduen jai handia aipatzean, zorrotz jarri da Jesus jai horren aurka: esan liteke, jai horren aurka jartzean, sistema zahar osoaren aurka jarri dela. Gainera, juduen Pazko jai horrek Egiptoko askatasuna iradokitzen zuen. Eta Jesus, askatasun hori bere betera eramatera etorri da.
Testuinguru honetan hartu behar dugu gaurko pasadizoa: Jesusek tenplua garbi nahi izana: ez bihurtu merkatu nire Aitaren etxea.
Kristo bera izango da tenplu berria: bota ezazue tenplua, eta hiru egunen buru berreraikiko dut. Aurrerantzean kontua ez da izango animaliak opari egitea. Kristo bera eskainiko zaio Aitari gizadi osoaren izenean, Jainkoaren erreinuari hasiera emanez, eta gizadi osoarekin batean.
Agian, guk geuk, tenpluaren inguruan juduek zituzten usadioekin jarraitzen dugu oraindik ere. Ez dugu hiltzen opari animaliarik, jakina; baina, agian, gure burubidea ordukoa bera da alde askotatik. Protagonismoa ukatzen jarraitzen diogu Jainkoaren maitasunari, maitasuna den Jainkoari, eta Jainko mendekariari ematen diogu, Jainko epaile zorrotz itsuari ematen diogu, Jesusen heriotza eskatzen eta exijitzen duen Jainkoari ematen diogu. Hondo-hondoan, agian, sasi-jainko bat eraiki dugu geure bihotzean.
Eliza unibertsalaren ospakizun honek eraman gaitzala bata besteari galdezka ibiltzera, bata besteari kontsulta eginez bizitzera, begiak irekitzera Eukaristian ospatzen dugun maitasunezko misterio handiari: Aita, gerta dadila zuek nahi duzuna.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Erromako Elizaren alde: munduko Eliza guztientzat fedearen eta maitasunaren etsenplu izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko gotzain guztien alde: beren bihotza batak besteari irekitzeko gai izan daitezen, txokokerietan ibiltzeko joerari uko eginez. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Kristau guztion alde: pertsekuziopean bizi diren Eliza guztiekin solidario izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garen guztion alde: Bataioan eta Eukaristian hartu dugu Espirituari leial izanik, herri solidario bat moldatzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.