. URTEKO HOGEITA HAMEKAGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Maita Jauna zure Jainkoa )

Deuteronoma liburutik 6, 2-6

Mois hunela mintzatu zitzaion Izrael herriari:
2 “ Jaunaren, zure Jainkoaren beldurra izanen duzu.
Zure biziko egun guzietan,
zuk, eta zure semeak, eta semearen semeak
begiratuko ditutzu nik egun emaiten dauzkitzutan
haren lege eta manamendu guziak, luzaz bizi zaitezten.
3 Izrael, entzun,
lehia zorion eta joritasun ekarriko dautzuna begiratzera,
esne eta ezti darion lurrean,
Jaunak, zure arbasoen Jainkoak hitzeman dautzun bezala.
4 Entzun, Izrael: Jauna, gure Jainkoa Jaun bakarra da.
5 Jauna zure Jainkoa maitatuko duzu zure bihotz guziaz,
zure arima guziaz eta zure indar guziaz.
6 Gaur emaiten dauzkitzutan manamendu hauek
egonen dira zure bihotzean.

Deuteronoma izenak « Bigarren Legea » erran nahi du grekaz. Tradizioneak Moisen gain ezartzen du, bainan ez du egile ezagunik. Uste denaz J.K. aitzineko zortzigarren/zazpigarren mendeetan berridatzia izan da, lehenagoko testo batzu baliatuz. Prediku idurikoa da, eta predikua izan bide zen Samaria, Iparraldeko erresuma, asiriarren eskuetarat erori aitzin (721). Orduan Samariako apez eta lebitar anitz Izrael erresumarat joan zen, Jerusalemerat, bere izkribuekin.
Josias Izraelgo erregearen denboran, 620 inguruan, testo hau kultu erreforma baten oinarria izan zen : besteak beste, Jerusalemeko tenplua kultu leku bakar ezartzea, Jainko bakarraren alderako kar bereziaren sustatzaile.
Liburu hau Jalgitza liburuaren ber-irakurketa bat da : Moisen erakaspenak berriz gogoratu nahi ditu : bihozberritu behar dela, Jainkoarekilako elkargoa hobeki begiratu : « Begiratuko dituzu nik egun emaiten dauzkitzutan (Jainkoaren ) lege eta manamendu guziak… » Eta bereziki huna juduek egun guziz erraiten duten otoitza, guk « Gure Aita » bezala : « Entzun, Izrael : Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Jauna zeure Jainkoa maitatuko duzu zeure bihotz guziaz, zeure arima guziaz eta zeure indar guziaz… » Hitz ber-
berak ez ote daitezke izan gure biziaren argi eta indar ?

Salmoa 17

Leloa : Maite zaitut nik : zu baitan, Jauna, dut indarra !

Maite zaitut nik: zu baitan, Jauna, dut indarra,
Zuri esker dut beti garaitzen gaitz-oldarra.
Zu zaitut, Jauna, itsas-harroka, ihes-lurra,
Nere geriza deusek ezin har, ezin urra.
Deika nago ni on baino hobe den Jaun horri,
Eta jausten zait etsaietarik salbagarri.
Eman daut harek osasun eta bozkario
Salbatu nau ni, baitu neretzat amodio.
Gora Jainkoa! Eskerrak zuri, oi, Harroka!
Salbatu bainau, hari guziak bil goreska!
Erregeari diozu beti, dei orduko,
Indar emaiten etsai guzien garaitzeko.

Bigarren irakurgaia

( Beti iraunen duen apezgoa )

Hebrearreri epixtolatik 7, 23-28

23 Lehen Batasunean, apezak asko ziren,
ezin baitzuten iraun, hiltzen zirelakotz.
24 Jesusek, ordea, beti dirauelakotz, betirako apezgoa du.
25 Horrengatik, betikotz salba ditzazke
haren bidez Jainkoarenganat hurbiltzen direnak,
bizirik baitago beti, heien alde otoitz egiteko.
26 Jesus bezalako apez nagusia behar ginuen guk:
saindu, hobengabe eta kutsugabea,
bekatarienganik berexia eta zeruak baino gorago altxatua.
27 Ez du, beste apez nagusiek bezala,
egun guziz opari eskaintze beharrik,
lehenik bere bekatuengatik, eta gero herriarenengatik;
behin-betiko egin baitzuen hori,
bere burua opari eskaini zuenean.
28 Alabainan, Moisen Legeak gizon ahulak ezartzen ditu apez nagusi.
Bainan legea baino geroago etorri den Jainkoaren zin-hitzak
Semea ezartzen du apez nagusi,
bere beterat heldua dena betiko.

Eskutitz huntan hebrear girixtinotu idazle ezezagun batek Lehen Elkargoaren (Testamendu Zaharraren) eta Bigarren Elkargoaren (Testamendu Berriaren) arteko desberdintasuna aipu du.
Lehen Elkargoan apez nagusiak hilkorrak ziren, Bigarren Elkargoan “Jesusek …beti dirauelakotz, betirako apezgoa du.” Lehenak kontsekratuak ziren bainan bekatari; Jesus aldiz “saindu, hobengabe eta kutsugabea”. Heiek egun guziz opari eskaintzen ari ziren; Jesusek “behin-betikotz egin zuen hori bere burua opari eskaini zuenean.” Besteak Moisen legeak ezarriak ziren; Jesus aldiz “Jainkoaren zin-hitzak Semea ezartzen du apez nagusi.”
Lehen Elkargoak gero etorri beharra zena zuen helburu. Bigarren Elkargoa da helburu hori, lehena bere beterat eremaiten duena. Hori behin eta berriz errepikatua da : “Jesusek beti dirau”, “betirako apezgoa” (24.bertseta), “Betikotz salba dezake”, “Jesus bizirik dago beti” (25), “behin-betiko egin zuen” opari eskaintzea, bere burua opari eskaini zuenean.(27)
Bidenabar gutun hunen idazleak fedearen oinarriak aipatzen ditu : Piztea eta Eukariztia. Piztea : “Jesusek …beti dirauelakotz, betirako apezgoa du.”(24) Eukariztia : “…bere burua opari eskaini zuen…” (27)
Oro har testo hunen mezua hau da : denborak beteak dira. Lehen Elkargoa behin-behinekoa zen, Elkargo hobe baten beha zagona. Bigarren Elkargoa, Jesusek hasi duena, behin-betiko da. Jainkoak azken hitza erran du Jesusen bidez.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Maitasuna da Jainkoa;
Maitatzalea Jainkoaganik sortua da, eta Jainkoa ezagutzen du.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 12, 28b-34

28 Lege-irakasle bat Jesusenganat hurbildu zen, eta galdatu zion:
“ Zein da manamendu guzietan lehena?”
29 Jesusek ihardetsi zion:
“ Lehena, hau da:
Entzun, Izrael : Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da.
30 Maita zazu Jauna zure Jainkoa,
bihotz guziaz, arima guziaz, adimendu guziaz eta indar guziaz.
31 Bigarrena hau da:
Maita zazu hurko laguna zure burua bezala.
Ez da manamendu horiek baino handiagorik. ”
32 Lege-irakasleak erran zuen:
“ Ederki, Irakasle jauna, egia diozu
Jainkoa bakarra dela, eta ez dela besterik.
33 Hura bihotz guziaz, adimendu guziaz eta indar guziaz maitatzea,
eta hurko laguna nork bere burua bezala maitatzea,
erre-opari eta sakrifizio guziak baino hobea dela.”
34 Jesusek, zuhurki ihardetsi zuela ikusirik, erran zion:
“ Ez zaude Jainkoaren erreinutik urrun. ”

Eta handik aitzina, nehor ez zitzaion galderik egitera ausartatzen.
Jesus eztabada gogorrean da apez-nausi, idazle eta farisauekin. Sal-erosleak tenplotik haizatu ditu gogorki. Mahastizain hiltzaileen (apezak eta farisauak) parabola kondatu du (12,1-12), eta bere etsaiek konprenitua dute nortaz ari den. Hasarre giro hortan, horra elkarrizketa goxo bat idazle batekin. Fede oneko gizon bat heldu zaio Jesusi, eta hunek goxoan hartzen du, sumatu baitu gizon hori ez zaiola zepo batean harrapatzera heldu.
Idazlearen galdera aho anitzetan zen. Juduen Legeak 613 manamendu bazituen, larri eta xehe. Hortik idazlearen galdera : “Zoin da manamendu guzietan lehena ?” Jesusek Idatzi Sainduen bidez ihardesten dio. Horietan biga hartzen ditu, biziki ezagutuak : “Lehena hau da : Entzun, Izrael : Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da …” Hau Juduen “Credoa” da. Bigarrena Lebitikoan aurkitzen da (Lv 19,18). Bi manamenduek gauza bera diote : Maitatu. Maitatu, erran nahi baita Jainkoaren hautua egin, eta hari bakarrik atxikia izan, idolatriarat lerratu gabe, hau baita bekatuetan handiena. Bainan amodioa manatzen ote da ? Bihotzaren pir-pira, ez; bainan leialtasuna, bai. Eta hortaz da ari Jesus. Legea amodioaren zerbitzuko da, ez du amodioa ordaintzen ahal.
Bigarren manamendua ez daiteke lehenetik berex. Profetek hori oihukatzen zuten fermuki eta ardura.
Adibidez Oze profetak, Jainkoaren partez hau dio : « Nahiago dut maitasuna sakrifizioak baino… »(Os 6,6)
Eta gaurko Ebanjelioan : « Hurko laguna nork bere burua bezala maitatzea erre-opari eta sakrifizio guziak
baino hobea da. » Bidenabar ikus dezagun Jesusen irakaspena ez dela « Behar da, behar duzu », bainan
begien aitzinean ezartzea guhaurek bizi duguna : maitatzea dela beharrena konprenitzen duzulakotz dohatsu
zu, ez zira Jainkoaren erregetzatik urrun.
Jainkoaren eta hurko lagunaren maitatzea Lehen Elkargoak artamendatzen bazuen jadanik, zer berri ekarri du Jesusek ? Lehenik, Jesusentzat, hurko laguna edozoin gizaki da, eta ez bakarrik judua, Lehen Elkargoan bezala. Bigarrenekorik Jesus bi amodio ezin berexizko horien bizitzera jin da gure artera, Jainkoaren eta gizakiaren maitatzera. Hurbildu zaion idazleari erran dio zer den Jainkoaren erregetza : amodioa errege den lekua, Jainkoaren maitatzeak besteen maitatzera deramana.