FAMILIA EZ DA UKIEZINA (Mateo 10,37-42)
Urteko 13. igandea A 2017-07-02

Sarritan, fededunek «familia» era abstraktuan harturik defenditu izan dugu; Ebanjelioaren arabera ulertu eta bizi izandako egitasmo familiar baten eduki zehatzaz gogoeta egitera gelditu gabe. Eta, halere, ez da aski familiaren balioa besterik gabe defenditzea; izan ere, familia era oso desberdinetan gauzatzen baita bizitza errealean.

Badira gizartearen zerbitzura irekiak diren familiak, eta badira beren probetxu propiora tolesturik bizi diren familiak. Badira egoismoan hezten dituzten familiak, eta solidaritatea irakasten duten familiak. Familia askatzaileak eta familia zapaltzaileak.

Jesusek fermuki defenditu ditu familia-erakundea eta ezkontzaren egonkortasuna. Eta zorrotz kritikatu ditu gurasoez axolatzen ez diren seme-alabak. Alabaina, familia ez da Jesusentzat gauza absolutu eta ukiezin bat. Ez da idolo bat. Bada familia baino goragoko eta lehenagoko den zerbait: Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna.

Funtsezko gauza ez da haragizko familia, baizik guztion artean eraiki beharreko familia handi hori, Jesusen lankide izanik Aitaren erregetzari bideak urratzeko. Horregatik, egitasmo honetan Jesusi jarraitzeko geure familia oztopo bihurtzen bazaigu, haustura eskatuko du Jesusek eta familia-harreman horiek bertan behera uzteko. «Bere aita edo ama ni baino gehiago maite duena ez da nire duin. Bere alaba edo semea ni baino gehiago maite duena ez da nire duin».

Familiak gainerakoekin solidario eta anai-arreba izatea eragozten badu, eta Jainkoak gizon-emakumeen artean nahi duen zuzentasunaren alde lan egiten uzten ez badu, askatasun kritiko bat bizitzea eskatzen du Jesusek, jarrera horrek familian gatazkak eta tirabirak eragingo baditu ere.

Eta galdera: gure etxeak balio ebanjelikoen eskola al dira; adibidez, anai-arreba artekotasuna, erantzukizunez gizarte zuzenago bat bilatzea, soiltasuna, zerbitzua, otoitza, barkazioa? Ala, aitzitik, «ebanjelizazioaren» kontrako gune ote dira, egoismoaren, zuzengabekeriaren, konbentzionalismoen, alienazioaren eta gure gizartea azal huts bihurtzeko transmisio-uhal ote dira?

Zer esan familia honetaz: semea edo alaba klase-egoismora, biziera itsatsi eta segurura, etekin handienaren idealera, gainerako guztiaz ahaztera norabidetzen duenaz? Semea edo alaba hezten ari ote gara benetan, soilik lehiaketarako eta aurkaritzarako motibatzen dugunean, zerbitzurako eta solidaritaterako motibatu ordez?

Hau al da katolikoek defenditu behar dugun familia? Familia honetan entzuterik izango ote dute Ebanjelioa belaunaldi berriek? Familia-mota hau ez ote dugu «bertan behera utzi» beharrekoa?, hain juxtu, Jesusek nahi duen bizi-egitasmoari leial izateko?

Jose Antonio Pagola