Garaipena eta misioa
Jaunaren Igokundea A (2020-05-24)
Zerura igotzea, garaipenaren irudi denez.
Jesus zerura igotzea, artistek maiz irudikatzen duten imajina da. Txikitatik daukagu barneratua. Gainera, gure fede-aitorpenaren gaia da. Norbaitek pentsa lezake, eszena hau lau ebanjelioetan datorrela. Baina ez; Lukasek bakarrik dakar, eta bi kasutan: bere ebanjelioaren bukaeran eta Apostoluen Eginak liburuaren hasieran. Alabaina, alde handiak nabari dira bietan.
• Ebanjelioan, zerura igo aurretik bedeinkatu ditu Jesusek (Eginak liburuan ez).
• Eginak liburuan, hodei batek ezkutatu du Jesus (ebanjelioan ez da aipatu hodeirik).
• Ebanjelioan, ikasleak ahuspeztu egin dira (Eginak liburuan zerura begira gelditu dira).
• Ebanjelioan, Jerusalemera itzuli dira; Eginak liburuan, bi pertsonaia agertu zaizkie, zuriz jantziak.
Autore batek berak, Lukasek, gertaera bera era desberdinetan azaldu badu, bistan da ezin garela gelditu azalekoarekin, xehetasunekin, baizik eta sakoneko mezuaren bila jo behar dugula.
Bibliaren hasierako orrietatik hasirik ageri da ideia hau: akatsik gabeko pertsona ez dela hiltzen, zerura eramana dela, han dagoela uste baita Jainkoaren bizilekua. Horrela dator Hasiera liburuan Henok patriarkaz ari denean; gauza bera esango da geroago Elias profetaz, zeina suzko gurdi batean eramango baitu Jainkoak zerura. Hau guztia zentzu historikoan hartzeak (ontzi hegalari batek profeta jaso izan balu bezala), antzinakoen gaitasun sinbolikoaren berri ez izatea esan nahiko luke.
Halaz guztiz, errotiko aldea dago Itun Zaharreko kontaeren eta Jesusen Igokundearen kontaeraren artean. Henok eta Elias ez dira hil. Jesus, berriz, hil egin da. Horregatik, ezin bateratu dira igokundearen kontaera eta beste zeruratze horienak.
Hobe, beraz, azalpena kultura klasiko greko-erromatarraren ildoan bilatu. Honetan, bai, honetan baditugu beren heriotza ondoren antzeko moduan aintzatuak izan diren pertsonaien kasuak. Hona aipatu ohi diren adibideak: Herkules, Augusto, Drusila, Klaudio, Alexandro Handia eta Apolonio Tianakoa. Azkenean dakartzat horien kontaerak, nahi dituztenentzat.
Adibide hauek baiesten digute, Lukasen kontaera, hain laburra, ez dugula hartu behar hitzez hitz, hainbat pintorek egin dutenez, baizik eta Jesusen aintzatzea adierazteko modu bezala.
Gaurko bigarren irakurgaia, Efesoarrei egindako gutunetik (1,17-23) hartua, oso interesgarria da alde honetatik. Ez da mintzo Jesus zerura igotzeaz, baina beste irudi bat dakar garaipenaz hitz egiteko: Jainkoaren eskuinaldean eserita dago, ororen eta guztien gainean.
Misioa
Lehen irakurgaia (Eginak 1,1-11)) eta ebanjelioa (Mateo 28,16-20) bat datoz Jesusek ikasleei egindako agur-hitz batzuk eskaintzean. Baina hemen ere alde nabarmenak ageri dira:
−Lukasek (Eginak) agurra Jerusalemen jarri du, ikasleek beste behin beren kezka politikoa azaldu dute Israel erreinua berregiteaz, eta Jesusek Espiritu Santuaren hurbileko etorrerarantz zuzendu die arreta.
−Mateok, agurra, Galilean kokatu du; ikasleek ez diote ezer; Jesusek bat-batean mundu osorantz bidali ditu, eta promes egin diena ez da Espirituaren etorrera, baizik eta bere etengabeko lagunartea: «Zeuekin izango nauzue ni munduaren azkeneraino».
Alde handi hauek eta guzti, bi testuak bat datoz misioaren garrantziari dagokionez.
Eginak liburua: Indarra hartuko duzue, nire lekuko izateko Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta munduaren azken muturreraino.
Mateo: Zoazte eta egin ikasle herri guztiak.
Horregatik, Jesusen Igokundea edo garaipena ez da zerura begira gelditzeko arrazoi. Lurrera behar dugu begiratu, mundu osora, honetan jarraitu behar dugu Jesusen ikasleok beraren egitekoa, Espirituaren indarra eta Jaunaren etengabeko lagunartea kontuan izanik.
Berrogei egunak
Ebanjelioak ez dakar ezer piztueraren eta igokundearen arteko berrogei eguneko aro honetaz. Zer esan nahi du, eta zergatik tartekatu du Lukasek? Biblian 40 zenbakia osotasuna adierazteko erabili ohi da, batez ere aldi-aro bati dagokionean. Uholdeak 40 egun eta 40 gau iraun du; israeldarren ibilaldiak basamortuan 40 urte; Jesusen barauak 40 egun… Badira adibide gehiago ere. Gaurko kasu honetan, Lukasek adierazi nahi du, ikasleek egun bat baino gehiago behar izan dutela Jesusen piztueraz konbentzitzeko, eta, bereziki, Jesus beharrezkotzat eman duen denboraldian agertu zaiela.
Testu klasikoak pertsonaia handien zerura igotzeaz
Herkulesi dagokionez, Apoloniok bere Biblioteca Mitológicon idatzi du: «Herkules…Eta mendira joan zen, trankinioei dagokienera, eta handik, su-meta bat egin ondoren, igo eta hari su emateko agindu zuen (…). Su-meta erretzen ari zen bitartean, dio, hodei bat jarri zela azpian, eta trumoia joz zerura eraman zuela. Ordudanik hilezkor bihurtu zen…» (II, 159-160).
Augustoz Suetoniok dakar: «Ez zen falta izan kasu honetan ere antzinako pretore bat, zinpean kontatu zuena, Augustoren itzala ikusi zuela, errausketaren ondoren, zeruetara igotzen» (Vida de los Doce Césares, Augusto, 100).
Drusila, Kaligularen arreba, baina honek emaztetzat hartua, 40. urte inguruan hil zen. Orduan Kaligulak haren oroitzapenean urrezko estatua bat sagaratu zuen Foroan; hura adoratzeko agindu zuen Pantea izenpean eta Venusi eskainitako ohore berak azaltzeko. Livio Geminio senatariak, Drusila zerura igotzen ikusi izana baieztatu zuenak, milioi bat sestertzio jaso zituen sari.
Alexandro Handiaz Pseudo Kalistenesek idatzi du: «Gauza hauek eta beste batzuk gehiago esaten ari zen bitartean, airean iluna zabaldu zen eta izar handi bat jaitsi zerutik itsasoraino, arrano bat lagun zuela, eta Babiloniako estatua, Zeus deitzen dutena, mugitu egin zen. Izarra berriro zerura igo zen eta arranoa berarekin. Eta zeruan izarra ezkutatzean, une horretan lokartu zen Alexandro betiko loan» (Libro III, 33).
Tianako Apoloniori dagokionez, Filostratok kontatzen du ezen, tradizio baten arabera, tenplu batean kateatu zutela guardia batzuek. «Baina bera, gauerdian, askatu egin zela eta, lotu zutenei dei egin ondoren, beraren ekintza lekukorik gabe geldi ez zedin, korrika ekin ziola tenpluko ateetarantz eta hauek ireki egin zirela eta, bera sartu zenean, ateak beren lekura itzuli zirela, itxi izan baitzuten bezala, eta kantari ari zen neskatxa-talde baten hitz-hotsa entzun zela, eta hau zutela kantua: Zoaz lurretik, zoaz zerura, zoaz» (Vida de Apolonio de Tiana VIII, 30).
Hodeiaz, ikus Halikarnaso-ko Dionisio ere, Historia antigua de Roma, I,77,2: «Eta hau esan ondoren, (jainkoa) hodei batean nahasi zen eta, lurretik igoz, gora eraman zuten airean».
José Luis Sicre