Urteko 30. igandea A 2014-10-26
SARRERA
Anai-arrebok, urteko hogeita hamargarren igandea ospatzen dugu gaur. Nola lehenengo irakurgaia, hala ebanjelioa, maitasunaz mintzo dira biak. Lehenengoa, lagun hurkoa maitatzeaz; ebanjelioa, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeaz. Baina ez hori bakarrik: baita nork bere burua maitatzeaz ere.
Mateok eta Markosek Jesusen bizitzako azken astean kokatzen dute gaurko pasadizo hau. Israelgo botere guztiekin Jesusek izan duen polemika handiaren testuinguruan. Jesusek airoso ihes egin dio fariseuek ezarri dioten tranpari: behin batean, Zesarri zergarik ordaindu ala ez galdetu zioten, joan den igandean entzun genuenez. Beste momentu batean, garbi utzi du Jesusek, saduzearren aurrean, badela betiko bizia, badela hildakoen piztuera; haiek ez zuten sinesten piztueran (gogoan izan dezagun apaizik gehienak, batez ere apaiz nagusiak, saduzear zirela eta ez zutela sinesten betiko bizian eta piztueran). Gaurkoan fariseu jakintsu bati erantzun behar izan dio Jesusek. Zein da agindurik nagusiena?, galdetu dio. Jesusek agindu guztiak bakar batean bildu ditu: maitasuna.
Hau esan nahi digu: zu, zeure izatez edo izaeraz, maitasuna zara; zure egiazko izaera, zure «neu»a, maitasuna da, eta maitasuna besterik ez. Horixe da gizon-emakume guztien helmuga: modu osoan maitasuna izatea. Letra handiz idatzitako BIZIA bilatzea da kontua. Aurkitzea bakoitzarengan dagoen Jainkoaren Bizia, izaki guztiengan dagoena. Adimena eta bihotza bat egitea da kontua, ezagutza eta maitasuna bat egitea. Azken batean, fedean oinarritzen da maitasuna: Jainkoak maite zaituela dakizulako zara maitatzeko gai. «Bai, Jauna, badakit maite-maitea nauzula. Badakit, Jordan ibaian bataiatua izan zenean, Jesusek entzun zuen ahots hura bera esan duzula nitaz ere: Ene seme maitea da hau. Eramazu, Jauna, konbentzimendu hori nigan bete-betera».
Saia gaitezen Eukaristia bizitasun handiz bizitzen, Jainkoa eta geure burua ezagutzera iritsi, eta Jainkoa eta izadi guztia izaki bakar bezala maitatzera irits gaitezen.
LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (22,21-27)
Testu honek agindu etiko-sozialak biltzen ditu. Pertsona ahulenez ari dira agindu horiek: etorkinak, umezurtzak, emakume alargunak, pobreak. Ez zaie aitortzen hiritar baten eskubiderik. Pertsona horietako inork ez du, esateko, defendatzailerik, Itun Zaharraren denboran. Horiek ere, jakina, bere babespean hartu ditu Jainkoak; horretarako, Yahve Jauntzat hartzen duen elkarteaz baliatuko da. Bera aitortzen duten gizon-emakumeen bidez askatzen ditu Jainkoak pobreak.
Kontuan hartzekoa da, etorkinei zor zaien errespetuaz egiten duen arrazoiketa: zeuek ere etorkin izan zineten. Alegia, zure maitasunak maitasuna du oinarri eta iturburu; Jainkoak maite zaituelako behar duzu maitatu bestea. Jainkoak , maila pertsonalean eta Jainkoaren herri bezala, agertu digun maitasuna dugu geure etikaren oinarria.
Zein garrantzizkoa den, salbamen-historia ezagutu, hausnartu eta bizitzea!
BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (1,5c-10)
Joan den igandean hasitako gutuna irakurtzen jarraituko dugu gaur: Tesalonikarrei egindako lehen gutuna. Paulo santuak uste du Tesalonikako kristau-elkarte hori eredua dela beste kristau-elkarte batzuentzat: fedean eredu edo fede-eredu; neurri batean, apostolu eta predikari izan dira berak ere; idoloen jarraitzaile izan ondoren, Jainko bakarragana itzuli dira. Baina oraino aurrera egiteko eskatzen die, Jesus eta Paulo bera eredutzat hartuz. Erregutzen die, izan daitezela guztiz leial eta guztiz fidel Jainkoaren Hitza irakurtzen eta Hitz hori beste batzuei ematen. Hori guztia, Jesu Kristo noiz etorriko zain-zain daudela.
EBANJELIOA Mateoren liburutik (22,34-40)
Gaurko ebanjelio honen aurreko zatietan, Jesusek erantzun beharra izan du: lehenik, fariseuei eta Herodesen aldekoei: zilegi al da Zesarri zergak ordaintzea?, lehengo igandean entzun genuen erantzuna. Ondoren, Jesus barregarri utzi nahi zuten saduzearrak isilarazi ditu; haien iritziaren kontra, garbi utzi du Jesusek badela betiko bizia, badela hildakoen piztuera; pasadizo hau ez dugu entzungo. Saduzearren argudioak hautsi eta haiek isilarazi dituela jakinik, fariseuek zoratu egin nahi dute Jesus beste galdera batekin: Zein da lehenengo agindua? Pasadizo hau entzungo dugu gaur.
Galdera hori ez zen berriketakoa. Izan ere, bazituzten juduek seiehun eta hamahiru agindu inguru. Zein inportanteago?
Agindu guztiak batean bilduz erantzun die Jesusek: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu. Baina beste guztia baino inportanteagoa da maitatzeko eman duen arrazoia. Esaten die: maitatu Jainkoa bihotz osoz, arima osoz, indar guztiez, zaren guztiaz…, zeren Jainkoak hala maite baitzaitu zu zeu, zeure amak baino gehiago.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliza osoaren alde: munduaren aurrean, bere testigantza osoa, gizon-emakume guztiekiko maitasun askatzailea izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Beren bizitza egoismorik gabe bizi nahi dutenen alde: Izan ditzatela argia eta adorea, jende egoistak sortzen dizkien oztopoak gainditzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure gizarteko pobreen alde: haien estutasunak arnasa pixka bat aurkitu dezan ingurukoen maitasunean. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Herriak askatzen eta indartzen saiatzen diren guztien alde: etsipenak sekula jo ez ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.