ABENDUALDIKO 1. IGANDEA B 2014-11-30

SARRERA

Senideok, Abendualdia hastera goaz gaur. Zain egoteko aldia da. Era bizian, zain eta erne egoteko aldia. Jauna etorri zain: bai eguneroko geure bizitzan, bai gutako bakoitzaren lur honetako bizitzaren azkenean, bai munduaren azkenean. Jauna etorri dator beti; etorrera hori ezin nabarituko dugu, geure kaskoa beste mila gauzatan murgildua badugu. Modu berezian etorriko da, gutako bakoitza Aitaren altzora eramateko etorriko denean. Baina ez da hura etorrera bakarra.
Etorri datorren kasu horretan, garrantzi berezia dute sakramentuek: meza dela, aitortza dela, ezkontza dela, bataioa dela etab. Nola bizi ohi ditugu sakramentu horiek? Jo ta pasa eginez? Sakramentu horien artean, aipatzekoak dira urte osoan ospatu ohi ditugun Jaunaren jai handiak: Eguberriak, Jesusen heriotza eta piztuera, Igokundea, Mendekoste. Sakramentuak ez dira mugatzen ohiko 7 sakramentuetara. Sakramentu bakoitzak du bere ezaugarri berezia. Baina sakramentu guztiei dagokie ezaugarri orokor hau: Jainkoaren presentzia bizi eta adiskidetsu baten seinale izatea; salbamenaren historian, Jainkoa agertu izanaren seinale asko ageri dira. Adibidez, Abendualdiak jendea zain-zain egotea adierazten eta berregiten du, Jainkoagandik promesa hartu izan duelako. Adibidez, pentsa dezagun, nola egon zen Itun Zaharreko jendea Mesiasen zain; zain-zain egote hori berregiten dugu guk geuk abendualdian. Kristo era berezian etorriko da Eguberrietan: bizi gaitezen zain-zain.
«Bizia izan dezaten etorri naiz, eta bete-betea izan dezaten». Gure zain egote horrek horixe amesten du: Jesusek emango digun bizia, askatasuna, poza, bakea.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (63,16b-17; 64,1.3b-8)

Juduek urte asko egin zuten Babilonian, erbestean. Azkenean, ordea, errege berriak Jerusalemera itzultzeko aukera eman die. Itzuli direnek ez dute izan oso erraza hiria eta Tenplua berregiteko lana. Alde batetik, judu asko Babilonian gelditu dira: bertan goxo esan dute; bost axola Jerusalem, Tenplua eta Jainkoa. Bestetik, itzuli direnek baliabide gutxi dute lan hori egiteko. Profetak saiatu dira, bai Babilonian gelditu direnak, bai itzuli direnak animatzen.
Batzuek eta besteek uste dute, Jainkoak utzi egin dituela eskutik. Jainkoa ez dela arduratzen bere herriaz. Profetak adierazten die, Jainkoa jaitsi dela beste kasu batzuetan ere bere herrira; jaitsiko dela orain ere. Batzuek aintzat hartu dituzte profetaren hitzak.
Gaur ere gerta gintezke antzeko egoera batean. Jainkoak huts egin digula pentsatzeraino iritsi gintezke. Horren aurrean, fedea da gure arma. Ez da Jainkoa ahazten dena, baizik gizakia da bere buruaz ahazten dena. Eta, ondorioz, Jainkoaz ere ahazten dena. Baina, jakina, fedea ez da ohiturazko egintza batzuk ohitura edo ohikeria hutsez egitea. Fedea bizia da, ernea da, ekintzailea da, aspertzen ez dena da. Fededuna bera pozten duena, lagun hurkoari eta Jainkoari begira lanean ari denean

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (1,3-9)

Korintoarrei egindako lehenengo gutun hau eskerrak emanez hasten da: «Gesu Kristogan Jainkoak eman dizuen graziarengatik». Izan ere, Korintoko kristau-elkarteak dohain asko eta handiak hartuak zituen Jainkoagandik.
Segidako hitz hauek aldien azkeneko Kristoren etorreraz ari dira: «Jesu Kristo gure Jaunaren agerpena» eta «Jaunaren eguna». Izatez, Eliza dagoeneko azken aldian bizi da. Ez dugu zertan itxaron beste gertaerarik salbazioaren historian. Kristo berpiztua da azken hitza.
Edozein kasutan, esperantzaz bizitzera dei egiten digu Paulok. Egun batean Jesusekin behin betiko egingo dugu topo Kristo berpiztuarekin. Jesusekin bat eginik bizitzera dei egin digu Jainko Aitak. Abendualdiko jarrera bere-berezia da: esperantza.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (13,33-37)

Gaurko pasarte hau Markosen ebanjelioko 13garren kapitulutik hartua dugu. Kapitulu horretan Jesusen profezia bat dakar Markosek: batetik, Jerusalemgo tenplua suntsitua izango dela; bestetik,gizonaren Semea itzuliko dela. Kapitulu horren bukaerakoa da gaurko testu hau.
Ipuin labur baten bidez, itzultze hori azpimarratzen du testuak. Nagusia urrunera joan da, baina itzuliko da; gutxiena uste denean. Horregatik, erne eta adi egon behar du jendeak.
Ebanjelioko testu labur honetan, irudi bikoitzen hitz-jokoa dator: lo eta esna. Horregatik errepikatzen da hainbat aldiz «egon zain», «egon adi».
Giltzarria, beraz, zerbitzarien jarrera da. Etorri datorrena da Jesus. «Esna zaitez lo zauden hori, eta Kristo izango da zure argia». Ez da pentsatu behar, egun batean etorriko dela; une oro, memento oro dator. Une horietan zer harrera egiten diogun da kontua. Azken etorrera hartara prestatzea ez da inprobisatzen. Unean unekoa egitea da kontua; betiere begiak azken une hartan ditugula. Etorrera batetik besterako tartea ez da luzea. Izan gogoan joan den igandeko ebanjelioa: gose nintzen eta jaten eman zenidaten. Azken batean abendualdia ez da hitz huts bat. Esperantzaren aldia da. Esperantza horren muina, mamia, edukia Jainkoaren erreinua da: gizakia zorioneko, solidario, adiskide, bake-jende izango den erreinua,

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Elizaren alde: Jainkoaren erreinuaren testigantza egin dezan, jende guztia esperantzaz kutsatzen saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Zuzengabekeria, esplotazioa eta indarkeria bizi duten guztien alde: esperantzaz nork hitz egingo dien izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Jende xume eta apalaren alde: boteretsuen hitz engainagarrietan eror ez daitezen; argi bila nora joan izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gu guztion alde: erne bizi gaitezen; Jesusen etorrera bakoitzari bihotz garbiz erantzuten jakin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.