URTEKO HOGEITA HAMALAUGARREN ETA AZKEN IGANDEA A
. JESU KRISTO GURE JAUNA DIREN GUZIEN ERREGEA
Lehen irakurgaia
( Jainkoa, Izraelen errege, artzain eta juje)
Ezekiel profetaren liburutik 34,11-12.15-17
11 Hau dio Jainko Jaunak:
Orai, nihaur joanen naiz ene ardien biltzera, eta zainduko ditut.
12 Artzainak, artaldea barreiatu zaionean,
ardiak zaintzen dituen bezala,
nik zainduko ditut ene ardiak,
eta hedoi eta ilunbe egunean
barreiatuak izan diren toki guzietarik aterako ditut.
15 Nik alharaziko dut ene artaldea, nik harraraziko diot atseden,
dio Jainko Jaunak.
16 Ardi galdua bilatuko dut, baztertua artalderat erakarriko.
Min hartua lotuko dut, eritua sendatuko,
gizena eta azkarra begiratuko dut, zuzenki alhatuko.
17 Eta zu, ene artaldea, dio Jainko Jaunak, jakin zazu,
nik jujatuko dutala ardi batzuen eta besteen artean,
aharien eta akerren artean.
Jesu Kristo aitzineko seigarren mende hastean, Babilonarrek Izraelen norbait ziren
guziak desterratu zituzten Babilonerat, Izraelgo handieriak herria zurgatu baitzuen, artatzeko
eta zaintzeko partez. Gezurrezko artzain horien faltaz herria barreiatua eta esklabotua da.
Ezekiel profetak -bera ere desterratuen artean dela- oihukatzen du hemendik goiti Jainkoa
bera izanen dela Izraelen artzain : ” Nik alharaziko dut ene artaldea. “
Lerro hauen lehen mezua eta berri ona hau da : ” Hedoi eta ilunpe egunean “
barreiatua izanik ere, Jainkoaren artaldea zirezte eta, beraz, esku onetan. Harek bilduko
zaituzte eta zuen alhapideetarat itzularaziko.
Izraelen alhapidea Jerusalem da, eta Izraeleko lurraldea. Ezekielek desterruaren
bururatzea mezutzen du beraz. Desterratuak beren herrirat itzuliko dira 49 urte Babilonian
egon ondoan (587- 538), eta ez da gehiago judu erregerik izanen Izraelen. Bainan, halere,
itzalik gabeko errege baten beha egonen da Izrael : Mesias du izena, eta hain xuxen artzain
baten itxura du, ardi errebelatua bizkarrean dakarrela…
Salmoa 22
Leloa : Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Ur bazterreko pausa-lekurat banerama,
Pitz dakitan hor pitz arima.
Haren ondotik, bide zuzenez ni banoa:
Haren izena zoin gozoa.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau ta egun.
Banago-eta, Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.
Horra ardiak artzainari eskaini kantu hunkigarri bat ! Hobeki erran artalde osoak, Izraelek,
Jainko bere artzainari kantatzen diona. Izrael Jainkoaren herria, Jainkoaren artaldea : “Hura da gure
Jainkoa, eta gu harek alhatzen duen herria, harek gidatzen duen artaldea.” (95. Sal)
Gaurregun ez zaiku atsegin ardi edo artalde girela entzutea. Gaixo kabala hori ez da biziki
untsa ikusia arteietik kanpo, ume eta esne egiteko baizik. Bainan denboran eta iguzkialdean kasik
aberastasun bakarra zen anitzentzat. Erregeeri ere ohore zitzaioten beren herriaren artzain izaitea eta
agertzea. Guk ere badugu ardiaren beharra. Lehen abereek egiten zuten aberastasuna. ” Aberats”
euskal hitzak erroa “abere” du. Aberatsa, abere anitzen jabea zen. Horiek hola, pentsatzea Jainkoaren
aberastasuna girela! Bainan Jainkoa ez da giren aberastasunaz baliatzen. Gure artatzean, maitatzean du
plazerra : “Jainkoak hain maite ukan du mundua (erran nahi baita jendeak) nun bere Seme bakarra
eman baitu…” (Jn 3,16)
Salmo huntan Izrael herriari ez zaio batere itsusi Jainkoa bere artzain deitzea. Kontrara,
Jainkoa ongi-egile du, egiazko artzainak diren bezala : “Pausa-lekurat” derama, “bide zuzenez”.
“Mahain xuri” ezartzen dio, edatera emaiten “basoa gaindiz gaindi”; “zoriona eta grazia ditu lagun.”
Salmo hunen idazleak holakoa zaukan Jainkoa.
Geroago Jesusek erranen du : “Ni naiz Artzain Ona, bizia neure ardientzat emaiten dut. ” (Jn
10)
Bigarren irakurgaia
( Jainkoaren Semea, diren guzien Errege )
Jondoni Paulok Korintiarreri 15,20-26.28
20 Piztu da Kristo, hilen artetik,
heriotzetik piztuko direnetan lehena.
21 Zeren, heriotzea gizon baten bidez etorri zen bezala,
gizon baten bidez etorri da hilen piztea ere.
22 Alabainan, Adamen baitan hiltzen dira gizaki guziak;
23 Kristoren baitan guziak bizirat itzuliko dira,
bainan bakotxa bere aldian:
lehenik Kristo;
gero, Kristorenak, hau berriz etorriko denean.
24 Gero, azkena izanen da,
Kristok, gaizkiaren nagusigo,
botere eta indar guziak ezeztatu ondoan
Jainko Aitari erregetza itzuliko diolarik.
25 Kristok errege izan behar baitu,
Jainkoak etsai guziak haren oinen pean ezarri arte.
26 Azkena ezeztatuko den etsaia, heriotzea izanen da.
28 Gauza guziak menpean jarriko zaizkionean,
orduan, Semea bera menpean jarriko zaio,
gauza guziak bere menpean ezarri diozkan Aitari,
eta Jainkoa guzietan guzia izanen da.
Jondoni Paulok ez ditu hemen Ezekielen edo salmoaren irudiak (artzaina, ardiak, alhagiak…)
bainan gai beraz ari da. Erraiten dauku : ez urrunt artzain hortarik. Lur aberatsetarat eta pausurat
eremaiten zaituzte, nahiz-eta urrun diren oraino eta ez ditugun ikusten. Bainan egiozue konfiantza.
Jainkoak badu guretzat xede bat, asmo bat, amets bat, nekez konpreni dezakeguna. Jainkoari
konfiantza egitea, Jesusek bezala egitea da.
Jainkoaren xede hori, Jondoni Paulok erraiten dauku zer den, Efesoarreri idatzi zioten
eskutitzean : ” Historia bere beterat eremaiteko, diren guziak, zerukoak eta lurrekoak, Kristo buru
bakarra baitan biltzea. ” (Ef 1,9-10) Erran nahi baita gizadi guziak bat eginen duela Kristorekin.
Kristorekin bateratze hori betidanik Jainkoaren asmoa izan da.
Xede hori bidean da, osoki betea izanen den arte : ” Gauza guziak menpean jarriko
zaizkionean (Jesusi), orduan Semea bera menpean jarriko zaio gauza guziak menpean ezarri diozkan
Aitari, eta Jainkoa guzietan guzia izanen da. ” Efesoarreri idatzi zioten eskutitzean Paulok zion Jesus
gizadiaren ” burua ” dela, eta gizadia haren gorputza.
Jainkoaren xede hori ez da gu gabe beteko. Adamek -eta haren ondotik guk guziek- arrasta
eman zion. Bainan “bekatua nasaiago, eta Jainkoaren onginahia ugariago” (Rm 5,20), dio Paulok.
Jesus gutarterat jin da biziaren emaitera, guk ere ikas dezagun guhaunaren emaiten : “Ni bizia -eta
bizia gaindika- ukan dezaten etorri naiz” (Jn 10,10).
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Benedikatua gure aita Dabiden Erreinua,
mende berrien Erresuma
Benedikatua Jaunaren izenean datorrrena!
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 25,31-41
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri,
eta erran zioten:
31 ” Gizonaren Semea aintzaz beterik etorriko denean,
aingeru guziak lagun,
orduan, bere tronu ospetsuan jarriko da.
32 Herri guziak haren aitzinean bilduak izanen dira;
eta batzu besteetarik berexiko ditu,
artzainak ardiak ahuntzetarik berexten dituen bezala;
33 ardiak bere eskuinean ezarriko ditu, eta ahuntzak ezkerrean.
34 Orduan Erregeak eskuinekoeri erranen diote:
‘ Zatozte, nere Aitaren benedikatuak,
har zazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagon erreinua.
35 Zeren, gose nintzen, eta jatera eman dautazue;
egarri eta edatera eman; arrotz eta etxean hartu nauzue;
36 biluzirik, eta jantzi nauzue;
eri, eta zuek ene ikusten izan;
preso eta niganat etorri zirezte.’
37 Orduan zuzenek ihardetsiko diote:
‘ Jauna, noiz ikusi zaitugu gose, eta jatera eman,
egarri eta edatera eman?
38 Noiz ikusi zaitugu arrotz, eta etxean hartu, biluzirik eta jantzi?
39 Noiz ikusi zaitugu eri edo preso, eta zureganat etorri?’
40 Eta Erregeak ihardetsiko diote:
‘ Egiaz diozuet:
nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz,
neri egin dautazue.’
41 Orduan ezkerrekoeri erranen diote:
‘ Zoazte nereganik urrun, madarikatuak,
debruarentzat eta haren aingeruentzat prestatua den betiereko surat.
42 Zeren, gose nintzen, eta ez dautazue jatera eman,
egarri, eta edatera ez eman;
43 arrotz nintzen , eta etxean ez nauzue hartu;
biluzirik, eta ez nauzue jantzi;
eri eta preso, eta zuek ene ikusten ez izan.’
44 Orduan heiek ere ihardetsiko diote:
‘ Jauna, noiz ikusi zaitugu gose edo egarri,
arrotz edo biluzirik, eri edo preso,
eta ez zaitugu lagundu?’
45 Orduan ihardetsiko diote:
‘ Egiaz diozuet:
ttipien hauetarik bati egin ez diozuen aldi guziz,
neri ere ez dautazue egin.’
46 Eta joanen dira, hauek betiereko gaztigurat,
eta zuzenak betiereko bizirat.”
Matiuren azken hitzak dira Pasionea aitzin. Ebanjelio hunen bilduma bezala dira : Jesusek
erakusten du nor zen eta nor giren :
– Jesus, hemen, aldi berean Jainko eta gizadi berriaren lehen gizona bezala agertzen zauku.
“Gizonaren Semea aintzaz beterik etorriko denean…bere tronu ospetsuan jarriko da.” Aintza, tronua,
Jainkoari doazkonak dira; eta Jesusek erraiten du gizonak “batzu bestarik berexiko dituela”, batzu bere
erresuman hartzeko. Beraz juje da, eta jujatzeko eskubidea ere Jainkoari doako. Jesusek garbiki
erakusten du beraz Jainko dela. Bestalde “Gizonaren Semea”, aldi berean mundu huntakoa eta
Jainkoaren munduko norbait da. Danielen liburuak gizon baten itxura emaiten dio, hedoien gainean
heldu dena, mundu guziko errege bezala. Testamendu Berriaren garaian “Gizonaren Seme” eta
“Mesias” bat eta bera ziren. Ardiak ahuntzetarik berexten dituen artzain hau Jainkoa bera izan daiteke,
edo Mesias.
– Parabola hunen bidez Jesusek erakusten dauku nor giren, Jainkoak zertarako kreatu gaituen :
errege izaiteko eginak gira. Hurbilagotik euskararatu testoak dio : ” Zatozte,…ondoretasunez ukan
zazue munduaren hastetik zuentzat prestaturik dagon erresuma. ” Nor da ondoko semea edo alaba ez
bada, bat ala bestea aitaren bete direnak ? Jainkoaren ondokoa Jainko da. Harrigarri !
Bidenabar, ohar gaiten justiziaz nola mintzo den Jesus. Justizia? Berenaz balantzak heldu
zaizkigu gogorat. Zoin alderditarat makurtzen dira ? Zer pizuago? Zer arinago? Jesusentzat besterik da
: eman eta eman, behar duenari, hori da justizia. Gainerat, ez da baitezpada ohartua izan behar : “Noiz
ikusi zaitugu gose…arrotz…buluzurik?” Hemen garbiki ikusten da ez dela erlisione huntakoa edo
hartakoa izaite beharrik Erresuma ondoretasunez ukaiteko. Arraza, kultura, erlisione guzietan bizitzen
da Erresumako zerbait. Amodioa orotan aurkitzen da. Zer dugun egin edo ez egin, hori izanen da
jujamendua. Nahikeria ez da aski, egin behar da.
Azkenik, testo hunek badu bere alderdi latza : jendeak bi zatitan ezartzea, benedikatuak eta
madarikatuak. Izitzekoa ere bada. Bainan Biblian aurkitzen ditugularik bekoz beko onak eta tzarrak,
justuak eta bekatariak, jakin behar da bat bestearen kontrako bi egin-molde direla eta ez behar bada bi
jende mota. Bakotxak baditu bi alde : argi aldea eta ilunpe aldea. Ororen buru eta giren bezalakoak