URTEKO HOGEI TA ZAZPIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
(Mahastiak ez dio fruitu onik eman Jaunari )
Izai profetaren liburutik 5,1-7
1 Nere adiskidearen izenean noa kantatzera
adiskidearen eta haren mahastiaren kantua.
Nere adiskideak bazuen mahasti bat, mendi-hegal jorian.
2 Aitzurtu zuen, harriak kendu, mahats bat hauta landatu.
Erdian dorrea eraiki zuen eta dolarea egin.
Mahats ona igurikatzen zuen, eta basak eman ziozkan.
3 Orai, Jerusalendar eta Judako jendeak,
zuek juje, nere mahastiaren eta nere arteko auzian!
4 Zer egin nezaken nere mahastiarentzat egin ez dutanik?
5 Mahats onaren beha nindagon, zergatik eman ditu basak?
6 Orai beraz, jakinaraziko dautzuet
zer eginen diotan nere mahastiari:
hesia kenduko diot, abereek alha dezaten;
harresia zilatuko, zangopila dezaten;
larre utziko dut, eta ez dute ez moztuko, ez jorratuko,
sasiek eta laparrek hartuko dute;
hedoieri manatuko diotet han euririk ez egiteko.
7 Horra bada: Izrael-etxea da diren guzien Jaunaren mahastia,
Judako gizonak hango landare maiteak.
Zuzenbidea igurikatzen zuen, eta horra zuzengabekeria!
Justizia igurikatzen zuen harenganik, eta horra deiadar-garrasiak!
« Nere adiskidearen izenean noa kantatzera .» Testoa hasten da mahats-biltzetan enzuten den kantua
bezala : « Nere adiskideak bazuen mahasti bat, mendi-hegal jorian. Aitzurtu zuen, harriak kendu, mahats bat
hauta landatu. »
Izraelen, mahastia gauza baliosa da. Hartaz axolatu behar dena, landatu, mahatsa bildu.
Bere xedearen helarazteko, Izai mahats-biltzaleen xaramelaz hasten da eta alegia bat proposatzen du.
Alegia guziek badute beren erakaspena. Hemen, Izaik berak emaiten ditu xehetasunak: « Izrael-etxea da
diren guzien Jaunaren mahastia, Judako gizonak hango landare maiteak. » Izai profetak segitzen du :
mahats ona zuzentasuna eta justizia da, eta mahats tzarra « deiadar-garrasiak .» Orroitarazten dauku hemen
aberatsen ezazolkeria, pobreak zorigaitzetan direlarik.
Oraino gaixtoagoa dena da justiziaren galbideratzea.: « Zorigaitz erraiten duteneri gaizkia ongia dela
eta ongia gaizkia, iluna argia dela eta argia iluna; samina gozo eta gozoa samin, hobendunari diru-truk
arrazoin emaiten eta hobengabeari zuzenbidea ukatzen dioteneri. » Zer eginen du mahastizainak, akitu
ondoan, uzta ona ez badu biltzen? Orduan onartzen du lurra tzarra dela eta denak debalde uzten ditu.
Beti erakaspen bera da, gizona urruntzen delarik manamenduetarik, bide galdua hartzen du, jaidura
tzarren harrapakin bilakatzen da eta ez da zoriontsu.
Izai profetaren mezuak durduzatzen gaitu, zeren gaztigua, Jainkoak berak emaiten baitu :
mahastizainak berak kentzen du hesia, harresia zilatzen, mahastia izan dadin zangopilatua eta suntsitua. Izai
profetaren pedagogia, Ezekiel profetarena baino zaharragoa da. Denbora hetan erraiten zuten, gizonak
idolatrian bizi zirelakotz, Jainkoak gaztigatzen zituela obra gaixtoak. Hemen, profetak nahi dauku behin eta
berriz erran Jainkoa dela bakarrik mundu guziaren nausia. Gertakari guzietan behar dugula haren ganat
itzuli.
Salmoa 79
Leloa: Zurea duzun mahastiari beha, Jauna,
Zure herria, otoi, salba!
Zuk Egiptotik mahastia
Jenderi hartu lurrean duzu ezarria,
Zuhauk diozu lurra lantu;
Erro azkarrak eginik, lurra bete baitu.
Zeren gatik ken harresia?
Bidetik jendek larru dezaten mahastia?
Basurde beltzak xahu dezan,
Eta kanpoko bas-ihiziek errotik jan?
Gu ganat itzul, Jaungoikoa:
Zerutik beha, gure zain heda zuk besoa.
Zain mahasti hau, zain zazu ba:
Zure eskuinak lantu mahatsa, otoi, salba!
Zure gaituzu sekulako:
Pitz gaitzazu, pitz, guk zuri beti kantatzeko.
Egin, Jauna, gu nola lehen:
Erakuts guri begitartea, salba gaiten.
Nork ere entzuna baitu Izai profetaren kantua mahastiarendako, erraiten ahal du Salmo hau kantu
haren oihartzuna dela : Izrael mahastia da eta Jainkoa mahastizaina, mahastiaz arta hartzen du
mahastizainak egiten duen bezala.
Kantua bururatzen da erranez mahastizaina hasarretu zela. Salmo hau kantatzen zelarik, Izraelek
ulertua zuen mahastiaren metafora. Izraeleko zorigaitz guziak aipatuak dira Salmo huntan, hala nola: « Zeren
gatik ken harresia ? Bidetik jendek larru dezaten mahastia ? Basurde beltzak xahu dezan? Eta kanpoko basihiziek
errotik jan ? » Jakin behar dugu okupazio denboran girela eta bas-ihiziak etsaiak direla.
Nor dira etsaiak ? Ez dakigu. Zorigaitzez, mundu osoan, gudu eta okupazio guziek izigarrikeriak
ekartzen dituzte. Ez dakigu zer egoeretan sortu zen Salmoa, bainan erraiten ahal dugu Izrael populuak Salmo
hau askotan irakurtu duela, eta orai ere mundu zabalean populu anitzek beren kondu hartzen ahal luketela.
Bigarren irakurgaia
(Jainkoak bere bakea emaiten leial dagozkioneri)
Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 4,6-9
Haurrideak,
6 ez izan deuseren griñarik, bainan gorabehera guzietan,
ager Jainkoari zuen eskariak,
otoitzez eta galdez eta eskerrak emanez.
7 Eta guk asma dezakeguna baino gehiago den Jainkoaren bakeak
zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.
8 Bestalde, haurrideak, egia den guzia, gisako, zuzen, garbi,
maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guzia,
hura dadila konda zuentzat.
9 Egizue nereganik ikasi, ukan eta entzun duzuena
eta nere baitan ikusia.
Eta bakearen Jainkoa zuekin izanen duzue.
« Haurrideak, ez izan deuseren griñarik …» Hitz bakar horietan otoitzaz, denak erranak dira :
lehenik, otoitzean, galdera eta eskerrak biak lotuak dira ; bigarrenekorik, Jainkoa gure ondoan dago eta gure
otoitza haren ganat doa ; hirugarrenekorik, Jainkoa guri hurbil delakotz ez dugu deusen beldurrik.
– Otoitzean galdera eta eskerrak beti lotuak dira. Juduaren otoitza hortarik ezagutzen da : «
Benedikatua zira Jauna, emaiten dautzugulakotz…otoi, emaguzu. » Zentzuzkoa da, zeren Jainkoa otoizten
badugu, badakigu emaiten ahal duela eta gure zoriona nahi duela. Jainkoari galdegitea, eskerrak emaitea da.
Gutun hunen hastapenean irakurtzen dugu : « Zuetaz orroitzen naizen guziz eskerrak emaiten diozkat nere
Jainkoari. »
– Jainkoa gure sahatsean dago, gure otoitza hari buruz doa. Hemen Paulo tematzen da, bi gauza
sinestera emanez : Jainkoa hurbil dagola eta maite gaituela. Jainkoa hurbil dago denborak beteak direlakotz
eta haren erreinua azken egunetan delakotz. Gizadiaren azken egunak dira. Petri apostoluak erraiten du : «
Gauza guzien azken egunak hurbil dira. »
– Jainko Jauna guri hurbil delakotz deusek ez gaitu griñatzen. « Guk, ordea, zeruan dugu egoitza ; eta
salbatzailea, Jesu kristo Jauna, handik etorriko zaukulakoan gaude. » Matiu apostoluak erakaspen eder hau
emaiten dauku : « Ez griña bizitzeko zer jan, edo gorputza zertaz jantz. Ez ote da bizia janaria baino
gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago ? …Ez griña, bada, erranez : « Zer janen dugu, zer edanen, zer
jantziko ? Paganoak horien guzien ondotik dabiltza ; zeruko zuen Aitak badaki horien guzien beharra
baduzuela. Bila zazue lehenik Jainkoaren erresuma eta haren nahiaren egitea eta beste hori guzia gainerat
emanen dautzue. »
Hori ez da axolagabekeria, bainan konfiantzia egitea lasaitasunean. « Ez griña deusetaz » denak
jadanik emanak zauzkitzuenaz geroz ; graziaren uhaitzean jar zaitezte. « Horrengatik, otoitzean eskatzen
duzuen guzia, sinetsazue ukana duzuela. » Funtsean, otoitz egitea, Jainkoaren dohainean sartzea da.
Markek segitzen du erranez : « Otoitzean xutik zaudeztelarik norbaiten kontra zerbait balinbaduzue,
barka. » Petrik berriz : « Hurbil da gauza guzien azkena. Beraz izan zaitezte zentzudun, atxik gogoa erne
otoitz egiteko. Oroz gainetik elkar maita zazue kartsuki. » Hola da ardiesten bakea, otoitz eginez
anaitasunean: « Ez izan deuseren griñarik, ager Jainkoari zuen eskariak otoitzez eta galdez eta eskerrak
emanez…eta Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo bihotzak…maitagarri eta goresgarri, bertutetsu
eta onargari den guzia, hura dadila konda zuentzat… eta bakearen Jainkoa zuekin ukanen duzue. »
Gure griñek ahantzarazten daukute Jainkoa, eta bihotza hetsarazten. Arranguratzen banintz gutiago
jakiteko zer janen dutan bihar, ainitzek balukete egun ogia.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Egun mintzo zaiku Jainkoa bere Semearen ahoz,
Hura ezarri baitu ororen premu: Jaunak egin du hori.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 21,33-43
Jesusek apezburu eta farisaueri erran zioten:
33 “ Entzun zazue parabola hau:
Etxeko jaun batek mahastia landatu zuen, hesiz inguratu,
dolarea egin, dorre bat eraiki,
eta mahastizain batzuri arrandan emanik, bidaiaz joan zen.
34 Mahats biltzeko tenorea hurbildu zenean
bere mutilak igorri zituen mahastizaineri, bere fruituen altxatzera.
35 Bainan mahastizainek mutilak hartu eta bat jo,
bestea hil eta beste bat harrikatu zituzten.
36 Berriz beste mutil batzu igorri zituen, lehen aldian baino gehiago,
eta berdin egin zioten.
37 Azkenean bere semea igorri zioten, bere baitan egiten zuela:
‘ Nere semearentzat izanen dute errespetu.’
38 Mahastizainek, ordea, semea ikustean, erran zioten elkarri:
‘ Horra ondokoa!
Goazen! Hil dezagun, guretzat izanen duk ondarea!’
39 Hartu zuten, mahastitik kanporat bota eta hil.
40 Mahastiaren jabea etorriko denean,
zer eginen diote mahastizain horieri?”
41 Ihardetsi zioten:
“Gaixto horiek garrazki hilen ditu.
Et mahastia beste mahastizain batzuri arrandan emanen diote,
heiek emanen baitiozkate fruituak beren garaian.”
42 Jesusek erran zioten:
“ Ez ote duzue Liburu Sainduetan behinere irakurri:
Etxegileek baztertu harria izkin harri bilakatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien miresgarri!
43 Horrengatik diozuet:
Jainkoaren erreinua zueri kendu
eta fruitua aterako dion herri bati emanen zaio.”
Jesusen parabola hunek badu Izai profetaren mahastiarenaren eite : « Etxeko jaun batek mahastia
landatu zuen, hesiz inguratu, brentsa egin, dorre bat eraiki. » Etxeko Jaunak hesiaz hesten du mahastia
Izairen mahastizainaren idurian, bi parabolen berdintasunak hor gelditzen dira. Ebanjelioak erakaspen berri
bat emaiten du.
Izairen kantuan, etxeko Jauna, mahastizaina da, eta mahastia Izrael populua. Mahastia ongi artatua
da, bainan etsigarria, fruitu tzarrak emaiten dituena. Jesusen parabolan mahastizaina ez da etxeko Jauna, ez
du berak artatzen mahastia, beste mahastizain batzuren gomendio ezartzen du. Matiuk erraiten dauku : « eta
mahastizain batzuri arrandan emanik, bidaiaz joan zen. » Ez dauku klarki erraiten nor diren mahastizainak
eta nor mahastia.
Lehen oharra : mahastia Izrael populua da, Izairen kantuan bezala, eta mahastizainak apez nausiak
eta farisauak. Mahastia, Izrael populua, ongi artatu behar zuten eta gaizki erabili dute, profeta guziak
errautsi dituztelakotz, eta azkenean, Aitaren Seme Maitea kanporat igorri.
Bigarren oharra : mahastia Jainkoaren erreinua da eta mahastizainak Izrael populua, hunek ukana du
mahastiaren artatzeko gomendioa. Bigarren ohar hau ditake egiazkoa, zeren Jesusek bururatzen baitu
erranez : « Jainkoaren erreinua zueri kendu eta fruitua aterako dion herri bati emanen zaio. »
Jesusen azken erranaldia izigarria da : « Jainkoaren erreinua zueri kendu eta fruitu aterako dion
herri bati emanen zaio. » Zer ulertu behar dugu hemen, Izrael baztertua izanen dela ? Galdera serios
horrek, bi mila urte huntan, girixtinoen eta juduen arteko harremanak pozoindatu ditu. Jadanik Paulo
juduak bere griña agertzen du Erromanoeri idatzi zioten gutunean. Azken hitza, mixteriozko hitza, bainan
segurra : Izrael populu hautatu gelditzen da beti, zeren : « Jainkoak ez baitezake bere burua uka . »
Bestalde, parabola ez da sekulan jujamendu bat, bainan gomita bat, bihotz-berritzeko. Egia erran,
parabola batetik besterat Jesus samurtzen da, zeren egunak kondatuak baitira. Pasioneko bezperan gira, ez
dugu sekulan ahantzi behar Jesusen nahiera dela gizonen salbatzea eta ez heien kondenatzea. Itsuak
sendatzen baditu zenbat gehiago nahi lituzke sendatu juduak beren itsutasunetik. Jesusek azken entsegu bat
egiten du farisauen atzarrarazteko, solas bortitzak ditu bainan ez aldeateko kondenamendua..
Matiuk ebanjelio hau izkiriatu zuelarik juduek ez zuten onartu Mesias eta horrengatik paganoak sartu
dira Elizan. Beraz, denbora hetako testotan irakurtzen ditugu hitz bortitzak Izrael populua Kristoren
errefusatzera hertsatu dutenentzat, bainan jujamendu hori ez da behin-betikotzekoa.
Jesusen hitzek daukute emaiten alegiaren sentsua : « Ez ote duzue Liburu Sainduetan behinere
irakurri : Etxegileek baztertu harria izkin harri bilakatu da !. » Jainkoak badu gertakarien uzkaltzeko usaia.
Jadanik Hasiera Liburuan, Jakoben semeek, Josep beren anaiaz, erran zuten : « Huna Maite-maitea, hil
dezagun. » Ez zuten asmatzen hil nahi zutenak salbatuko zituela, hek eta populu guzia. Gisa batez, hemen,
Jesusek bere piztea mezutzen du : Hura, harri baztertua, harri-giltza izanen da ; erran nahi baita, nunnahitik
jinikako jendeak, bere ganat bilduko dituela. Ez du nehor baztertuko, hitzak mahastizain
guziendako dira : « Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren. »