ABENDUKO HIRUGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

(Salbatzaileak bozkarioa ekartzen)

Izai profetaren liburutik 61, 1-2. 10-11

1 Jainko Jaunaren Izpiritua nere gainean dago,
Jaunak gantzutu bainau.
Igorri nau behartsueri berri onaren ekartzera,
bihotz urratuen sendatzera,
preso direneri eta giltzapetueri libertatearen berri emaitera,
2 Jaunak eman graziazko urtearen berri emaitera.
10 Pozez betetzen nau Jaunak,
nere Jainkoa baitan alai daukat arima,
salbamendua jantzi eman baitaut, zuzentasuna soingaineko,
senar ezkonberria koronaz edertzen den bezala,
eta emazte ezkonberria edergailuz apaintzen.
11 Lurrak landareak emaiten dituen bezala,
eta baratzeak haziak sorrarazten,
hala sorraraziko ditu Jaunak zuzentasuna eta goresmena
nazione guzien aitzinean.

Jondoni Paulok, Izpirituaren fruituak aipatuko dituelarik, Izai profetaren lehen hitz hauek hartzea aski izanen zaio: « Jainko Jaunaren Izpiritua nere gainean dago…Igorri nau behartsueri berri onaren ekartzera…bihotz urratuen sendatzera… preso direneri eta giltzapetueri libertatearen berri emaitera. » Horiek dira egiazki Izpirituaren fruituak.
Entzuten duguna (edo erraiten duguna) Izpiritu Sainduaganik heldu den edo ez, jakiteko bidea.
Ez da dudarik. Profetak mezutzen badu: « Sorraraziko ditu Jaunak zuzentasuna eta goresmena nazione guzien aitzinean » seinale da ez dela egina, eta Jerusalemgo jendearen bihotza piztu beharretan dela. Bizkitartean, denbora hartan, Jerusalemgo jendeak ez dira ez preso ez giltzapetuak. Babilonian 50 urtez preso egonik, beren herrian sartuak dira. Bainan ez dira hain zoriontsu ; ez dira Babilonian baino urosago; askatasuna eta libertate zoriontsu bat
igurikatzen zuten. Ororen buru, beren bizian – gurean bezala- bertze presondegi, bertze gate ez hain materialak bainan aski zapatzaileak badirela ikusten dute. Beren herrian, ez ziren igurikatuak eta tenplo berria eraikitzeko zernahi gataska ukan dute. Erran behar da ere, berak falta zirelarik, jende arrotzak hor ezarriak izan zirela beren erlisionearekin.
Ondorioz, Judu eta arrotzen arteko ezkontzen bitartez, Juduen erlisioneak gibelerat egin zen. Nork du Legea errespetatzen (eta Legea Juduen erlisionearen zutabea da) ? Betiko galdea beraz, eta bereziki oren latzetan: Jainkoak bere herria abandonatua ote du ?
Eta profeten erantzuna, beti eta beti errepikatua: Jainkoak hitza emana du; atxik konfiantza. Irakurgai hunen lehen erakaspena : ez etsi, Jainkoak ez gaitu guhauren ber utziko. Jainkoaren Izpirituaz betea dela dio Izai profetak eta Jaunak Mesias (gantzutu) egin duela. Hain xuxen, Izaik hau idatzi zuenean ez zen erregerik Dabiden errege alkian; Mesiasen igurikatzea aldatuko da beraz; ez da errege baten igurikatzea bakarrik izanen, bainan profeta batena ere. Mende batzuek geroago, horrek du su emanen Nazareteko sinagogan, Jesusen hitzen ondotik. (Lk 4,16-28) Ez du Jerusalemgo errege-alkia galdetzen. Mesias dela du aitortzen eta bere herritarrek ez dute holakorik onartu nahi.

Kantika (Luk 1,46-54)

Leloa : Kantuz ari zait nere arima Jainkoari !

Kantuz ari zait nere arima Jainkoari,
Haren goresle kantuz ari.
Naizen neskato apal hau baitu hautatua,
Mendeek neri: Dohatsua.
Zoin handi nitan Jainko Jaun guziz indartsua,
Haren izena zoin saindua.
Urrikalmenduz betea dago mendez mende,
Sineste duten jenden alde.
Gose zaudenak nasaiki ditu gozarazi,
Aseak aldiz hutsik utzi
Behatu dio Izrael bere jendeari,
Lehen bezala urrikari.

“Magnificat” deitzen dugun olerki huntan Maria ez da berak asmatu hitzekin ari kantuz. Bere
herriaren otoitzekin ari da, han eta hemen Biblian irakurtzen diren hitzekin. Mariaren ahoz Izrael guzia da kantuz ari. Lerro bakar hauetan Bibliako gai nagusiak agertzen dira :
Bat : Fedeak du emaiten bozkarioa : “kantuz ari zait nere arima Jainkoari…” Hitz bertsuak nun-nahi aurkitzen dira Biblian, hala-nola : “Jainkoarekin alaituko naiz, salbatu nauelakotz bozkariotan izanen.” (35.Sal, 9)
Bi : Jainkoa leiala da : “Bai, ona da Jauna, haren maitasuna betierekoa, haren leialtasuna mendez mendetakoa.” (100. Sal, 5)
Hiru : Jainkoak maite ditu pobreak eta ttipiak : « Gose zaudenak nasaiki ditu gozarazi… » edo “Jaunak gizagaixoa errautsetik altxatzen du eta behartsua ondarkinetarik ateratzen.” (113. Sal, 7)
Nolaz ez erran Mariarekin eta bere herri guziarekin : « Kantuz ari zait nere arima Jainkoari, haren goresle kantuz ari. »

Bigarren irakurgaia

(Nola presta Jaunaren etortzeari buruz)

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 5,16-24

Haurrideak,
16 zaudezte beti alegera,
17 egin otoitz aspertu gabe,
18 orotan eman eskerrak,
hori nahi baitu zuentzat Jainkoak Kristo Jesusen baitan.
19 Ez itzal Izpiritua,
20 ez gutiets profetak,
21 bainan oro hazta, eta on dena har.
22 Bazterrerat utz nolanahiko gaixtakeriak.
23 Bakearen Jainkoak berak egin zaitzatela osorik saindu,
eta zuen izaite osoak – izpiritu, arima eta gorputz –
hobenik gabe iraun dezala,
Jesu Kristo gure Jaunaren etortzea arte.
24 Leiala da dei egin dautzuena: eta beteko du hitzemana.

Tradizionean, igande hau « gaudete » deitzen zen latinez, edo « alegera zaitezte », eta apezen aldare-soinekoak arrosa kolore ziren. Hitz hori meza hasteko lehen hitza zen. Orain ere, bigarren irakurgaiaren lehen hitza da, Jondoni Paulok Tesalonikarreri idatzi gutunean.
Ausardia da « alegera zaitezte » kantatzea, mundu huntako hainbertze gerla, bortizkeria eta problemen erdian.
Jondoni Pauloren denboran ere mundua ez zen zoriontsu. Zoriona aipu duelarik, ez da zentzu gabeko alaitasunaz mintzo, ez eta baikortasun xoro batez, bainan fede beteko elkarte baten barneko zorionaz, Berri Onaren hartzeaz, gure bizian Izpirituaren seinaleak ikusteaz, haurridetasunezko biziaren alaitasunaz…
Hauek oro anaidi hobezinezko batenak dira, bainan ez dezagun etsi sobera ederrak direla guretako pentsatuz!
Jondoni Paulok Tesalonikarreri diotelarik « zaudezte beti alegera », heiek ere hits izaitekorik bazuten. Erasoak bazituzten eta Paulok ihes egin izan behar zuen Tesalonikatik – doi doia zenbait asteren buruan- Juduek erromano botereari bazter nahasten ari zela salatu baitzuten.
Alaitasun hunen arrazoia, Jondoni Paulok azken lerroan erraiten du. Betiko helburua du gogoan « Jesu Kristo gure Jaunaren etortzea. » Lehenbiziko elkarteen berezitasunetarik bat : Jesu Kristoren etortzearen igurikatzea. Jesusen zerurat altxatzea maiz errepikatzen bide zen eta Apostoluek errezebitu mezua helarazten zen batetik bertzera: «Zerurat nola zoan begira zaudela oraino, bi gizon soineko xuritan agertu zitzaizkioten ondoan, eta erran zieten:
« Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat so? Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori, zerurat joaiten ikusi duzuen bezala etorriko da. » (Eg 1,10-11)
Jondoni Paulok, Kristoren etortzea gogoeta gai zuen eta horrek du giristino taldeetako jokabidea erakusten.
Konparazione, bidaia baten helburuak du bidea hautarazten; Paulorentzat, giristino bidaiaren helburua zen, Jainkoaren erreinuaren eraikitzea munduaren bukaeran.
Pauloren beste ideia bat : « Leiala da dei egin dautzuena; eta beteko du hitzemana.» Lerro huntan, hiru gauza gutienik entzuten dira. Lehenik, « beteko du » : Jainkoaren erreinuaren langilea Jainkoa bera baita. Bigarrenekorik, « leiala da »: hau Juduen sinestea da, beren betiko segurtamena, beren historia Jainkoaren leialtasunez betea izana gatik, populuaren fedegabekeria guzien gatik ere. Bainan Judu ez zirenentzat, berri arras harrigarria zen: gizadi osoaren historia Jainkoaren leialtasunak du laguntzen eta Jainko horren helburu bakarra gizadiaren zoriona da, « jende guziak salbatu eta egiaren ezagutzera hel daitezen nahi baitu. » (1 Tim 2, 4). Jainkoaren helburu bakarra zoriona eta salbamendua jende guzientzat, gure garaikide guziek hori balakite, munduaren aurpegia arras aldatua liteke!
Bi gomendio egiten ditu Paulok : « Ez gutiets profetak, bainan oro hazta, eta on dena har ». Agertzen diren dohainak errespeta: norbait profeta agertzen bada, Jainkoaren mezulari, Jainkoa ez entzuteko arriskua ez har.
Bertzalde, egon erne: ez segi edozoin itsu; Izpiritutik heldu dena ezagutzeko badira bideak. Geroago, Korintiarreri idatzi gutunean erranen du Elizaren fedea indartzen duena hautatu behar dela. Erreinua aitzinarazten duena hauta .
Egungo Elizarentzat ere on eta beharrezkoa da.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Goi-goikoaren profeta, Joanes, etorri da
Jaunari bidearen prestatzera eta Argiaren lekuko izaitera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik : 1,6-8 ; 19-28

6 Agertu zen gizon bat Jainkoak igorria: izena zuen Joanes.
7 Lekuko izaitera etorria zen, argiaren lekuko izan zadin,
haren bidez guziek sinets zezaten.
8 Bera ez zen argia, bainan argiaren lekuko izan behar zuena.
19 Hau da Joanesek egin zuen aitormena,
Juduek Jerusalemetik apez eta lebitar batzu igorri ziozkatenean
galdatzera: “ Nor zira zu ?”
20 Harek argi eta garbi aitortu zuen:
“ Ni ez naiz Mesias.”
21 Galdegin zioten: “ Nor zira bada? Eli ote zira?”
Ihardetsi zuen: “ Ez.”
Heiek: “ Orduan, etortzekoa den profeta zira? ”
Harek ihardetsi: “ Ez.”
22 Berriz erran zioten:
“ Nor zira, bada? Igorri gaituzteneri ihardetsi behar diotegu.
Zer diozu zeure buruaz?”
23 Joanesek erran zuen:
“ Ni basamortuan oihuka ari denaren mintzoa naiz:
Xuxen zozue bidea Jaunari, Izai profetak erran duen bezala.”
24 Igorriak zirenetan baziren farisauak.
25 Hauek galdatu zioten oraino:
“ Zergatik bataiatzen duzu, bada,
ez bazira Mesias, ez Eli, ez eta etortzekoa den profeta?”
26: Joanesek ihardetsi zioten:
“ Nik urez bataiatzen dut.
Bainan zuen artean baduzue ezagutzen ez duzuen bat,
27 nere ondotik datorrena,
eta ni ez naiz on hari oinetakoen lokarrien laxatzeko ere.”
28 Hau guzia Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaren bestaldean,
han ari baitzen Joanes bataiatzen.

Zoin ziren Izraelen gogoetak Kristo etorri zelarik, Joanes Bataiatzaileari egin galdeek arras ongi erakusten dute. Batzuentzat, Mesiasen etortzea arras hurbil zen ; bertzeentzat, igurikatze hori ezinegona bilakatua zen. Joanes Bataiatzaileak halako fama bildu zuen nun galdetu baitzioten ez ote zen Mesias.
Igurikatzen zen, bainan ez denek gauza bera : « Nor zira zu? Eli ote zira ? Etortzekoa den profeta zira ? »
Testamendu Zaharreko promesak ez ziren argi argiak. Batzuek Malakias profetaren azken bertsetetan oinarritzen ziren: « Jaunaren eguna, egun handi eta ikaragarria etorri aitzin, Elias profeta igorriko dauzuet. Aitak beren haurrekin eta haurrak beren aitekin baketuko ditu. » (Ml 3,23-24). Eta Deuteronomioa Liburuan bertze agintza hau: « Zu bezalako profeta sorraraziko dut herritarren artetik; neure hitzak ezarriko diozkat ahoan eta nik manatua
erranen diote .» (Dt 18,18) Agintza hau Mesiasen etortzearen berria bezala zen, egiazki. Bainan Joanes Bataiatzailea ote zen?
Galde haueri guzieri: «Mesias ote zira? edo Eli? Profeta haundia ote zira ? » Joanes Bataiatzaileak ezetz : ez da Mesias, ez da Eli, ez da Profeta haundia. Ez, doi doia mintzo bat da. Bere misioa edo eginbeharra aipatzeko, ez ditu ez Malaki, ez Deutoronomioa hartzen lekuko, bainan Izai: «Ni basamortuan oihuka ari denaren mintzoa naiz: xuxen zazue bidea Jaunari. » Izaik Babiloniako desterruan zen jendearen askatasunh hurbila zuen mezutzen : Jainkoa bera, bere populuaren lehendakari izanen da eta etxeratuko du. Ondotik, Izairen erranak Mesiasen etortzea zuten aipatzen eta hola zituen Joanes Bataiatzaileak onartzen: Mesias hurbil da, eta bera, Mesias oihukatzen duen mintzoa.
Jondoni Joanik argitan emaiten du Joanes Bataiatzailearen umiltasuna Jesusen aitzinean : « Ni ez naiz on hari oinetakoen lokarrien laxatzeko ere. » Ebanjelioaren irakurleentzat, gauzak argi eta garbi erraitea ez zen alferretakoa.
Badakigu Joanes Bataiatzailearen dizipuluek Jesusen arrakasta ez zutela onartzen. Hortakotz du Jondoni Joanik finkatzen: « Lekuko izaitera etorri zen, argiaren lekuko izan zadin, haren mezuaren bidez denek sinets zezaten. Bera ez zen argia, baizik argiaren lekuko izan behar zuena… Hitza zen egiazko argia, mundurat etorriz gizaki guziak argitzen dituena. » Urruntxago, Jondoni Joaniren Ebanjelioan irakurtzen ditugu Jesusen hitz hauek : « Piztu eta
distiratzen duen argia zen Joanes. » (Jn 5,35)
Zakarias ez zen engainatu kantatzen zuelarik: « Eta zu, haurtxoa, Goi-goikoaren profeta deituko zaituzte, Jaunaren aitzinean joanen baitzira, hari bidearen prestatzaile. » (Lk 1,7