Hiru mezulari, hiru promes eta misterio bat
Abendualdiko 4. igandea B

Testua: José Luis Sicre.
Aurkezpena: Bene…
Euskaraz: D. Amundarain.

Lehen mezularia (Natan) eta lehen promesa (Davidi)

Abentura askoren ondoren, Iparraldeko eta Hegoaldeko errege bihurtu da David, Israelgo eta Judako errege. Hiri bat konkistatu du, Jebus (Jerusalem), hiriburu izango duena. Jauregi bat eraiki du. Eta hor hasi dira arazoak. Jauregiko aretoetan eroso bizitzen jarri denean, lotsa sentitu du Jaunaren Kutxa, Jaunaren presentziaren sinboloa, zerupean dagoela jabeturik, babes bakarra oihal-etxola lau bat duelarik. Eta etxe bat, tenplu bat, eraikitzea pentsatu du. Asmo horrekin, bat dator Natan profeta. Jainkoa, ez. Jainkoa bera izango da Davidi familia bat, ondorengotza bat emango diona. Aita batek semea bezala tratatuko du Jainkoak Daviden ondorengoa. «Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo du nire aurrean zure ondoren; zeure errege-aulkia sendoa izanen duzu beti» (2 Samuel 7,16).

Bigarren mezularia (Gabriel) eta bigarren promesa (Israeli)

Ebanjelioa hain ezaguna da non ez baitu komentario-beharrik. Alabaina, batzuetan ahaztu egiten da aingeruak, Jesusez hitz egitean, Mariari esan dizkion hitzen eduki politikoa: «Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote; Jainko Jaunak bere aita Daviden tronua emango dio; Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango» (Lukas 1,32-33). Kontuan hartzen badugu «Goi-goikoaren Seme» esapideak ez duela adierazten «Hirutasun Santuko bigarren pertsona», baizik eta Israelgo erregearen titulua esan nahi duela, jabetuko gara Gabrielen hitzek indartsu errepikatzen dutela Jesusen erregetzaren ideia. Alabaina, haren erreinua ez da unibertsala, «Jakoben, Israelen, etxera» mugatzen da.

Hirugarren mezularia (Paulo) eta hirugarren promesa (mundu osoari)

Erromatarren gutuna idazten ari denean, Paulok ez du bisitatu, artean, Erroma,. Baina esperientzia luza du apostolutzaz eta gogoeta egiten. Batez ere, oinarrizko esperientzia izan du bere bokazioko unean: Jesus Mesias ez du bidali Jainkoak Israel herrira bakarrik, baizik nazio guztietara.

Misterioa

Labur esanda, Davidengandik Paulogana bitartean, ibilbide luzea egin da, eta ikuspegia modu miresgarrian zabaldu da: errege bati egindako promesa zen hasieran, gero herri bati egina, azkenean mundu osoari egina. Bigarren irakurgaiak dioen bezala, hau da «aurreko mendeetan gorderik edukitako misterioaren agerpena».

Hiru erantzun hiru mezulariri

Hartu dituzten mezuei zer erantzun eman diete hartu dituztenek?
Irakurgaiak ez du jaso Daviden erantzuna; halere, gorespen eta esker otoitz luzea egin du Davidek, Jainkoak egin dion promesagatik (2 Samuel 7,18-29).
Mariak onarpen eta fede erantzuna eman dio. Ez zaio burutik pasatu, ez zer-nolako memento latzak bizi beharko dituen Jesus dela-eta («ezpata batek zeharkatuko dio bihotza»), ez nolako fede handia beharko duen bere semea kritikatua eta terrorista eta biraolaria omen delako kondenatua ikustean.
Pauloren erantzuna, azkenik, bere erromatar irakurleei eragin nahi diena, Jainkoaren jakinduria eta aintza abestea da, Jesu Kristo tarteko dela.
Hiru erantzun hauek lagungarri ditugu Eguberri aurreko egun hauek bizitzeko.
Jose Luis Sicre