Eguberrietarako prestaketa hiru ekitalditan
Abendualdiko 3. igandea B
Abendualdiko hirugarren igandeko liturgiak, Eguberriak hurbil direla kontuan izanik, pozik bizitzeko gonbita dakarkigu. Lehen irakurgaiko protagonistak dio: «Pozaren pozez nago Jaunarekin, alai dut arima neure Jainkoarekin» (Is 61,10). Paulo santuak ere gauza bertsua eskatzen die tesalonikarrei: «zaudete beti pozik» (1 Ts 6,16). Joan Bataiatzailea seriosegia da pozaz hitz egiteko, baina mundua blaituko duen argiaren testigantza dakar; hori ere atseginerako arrazoia da. Datu komun honetaz gain, gaurko irakurgaiak ulertzeko erarik hobena, hiru ekitaldiko antzezlan baten ikusle garela imajinatzea da.
Lehen ekitaldia
Oihala zabaltzean pertsonaia bat dago eszenatokian, jendetza batek inguratua, lurrean eseria, pobre jantzia. Antzina Babilonian erbestean egonak dira, une honetan pertsiar inperioak zapalduak. Eszena argi-itzal dago, ikusleari tristura sakoneko sentipena ezartzen dio; soilik, foku batek argitzen dio aurpegia protagonistari. Isilik dago begira, aski denbora luzean, bera inguratzen duen jendetzari. Ireki du, halako batean, ahoa eta ezohiko gauza bat bota du: «Jaunaren Espiritua nigan dago». Biraoa ematen du. Mendeak dira Jaunaren Espiritua inorengan kokatzen ez dela. Hori diote jakintsu batzuek: Espiritua erretiratu egin zela Jerusalemeko tenplua suntsitu zutenean. Alabaina, dioenaz oso seguru dela ematen du gure pertsonaiak. Eta, Espirituaren eraginpean, gauzatu nahi duen misio honetaz mintzo zaie: «berri ona eman zuei, sufritzen ari zaretenoi, bihotz urratuak lotu, gatibuei amnistia aldarrikatu, eta presoei askatasuna, Jaunaren graziaren urtea hots egin».
Pixkana, aurpegia bakarrik distiratzen zion argia handitu eta biziago egin da. Bistaratzen du, pertsonaiak, beste guztiek ez bezala, gala-jantzia duela, mantu eder eta bikaina gainean; haren aurpegiko poza nabarmenago ageri da horrela. Baina ez da mintzo errege bat bere gorteari bezala. Landa-jendeari mintzo zaio, uler dezaten moduan: «Lurrak bere kimuak ematen dituen bezala, baratze batek hazia ernearazten duen bezala, horrela ateraraziko ditu Jaunak zuzenbidea eta poz-kantuak herri guztien aurrean».
Bigarren ekitaldia
Eszenatokiaren erdian hogei urte inguruko mutil bat, mahai aurrean eseria eta idazten. Harat honat dabil Paulo gelan, mutilari diktatuaz batera.
«Utzi gaiztakeria-mota guztiak».
Ez jarraitu. (Eten dio mutilak, esaldia idatzi orduko). Badira jada zazpi aholku.
Paulok harriturik begiratu dio.
Zenbatzen joan ahal zara?
Jakina, ba. Hauek izan dira lehen seiak: «Bizi beti pozik. Otoitz egin etengabe. Eman eskerrak une guztietan. Ez itzali espiritua. Ez mespretxatu profeziaren dohaina. Aztertu dena, eta gorde onena». Beraz, aski duzu orain jendea Jainkoari gomendatzea eta guztiei haren babesa segurtatzea.
Aholku horietarik zein doakizu egokiena?
Mutila pentsakor gelditu da oihala jaisten ari den bitartean.
Hirugarren ekitaldia
Eszena Jordan ibaiaren ertzean. Erdi-erdian Joan Bataiatzailea, apaiz eta lebitar talde batek inguratua. Kezkagarriak dira Jerusalemetik iritsi diren albisteak. Gero eta jende gehiago dator ibaira, eta agintariak beldur dira matxinada bat noiz gertatuko. Nor da Joan hori? Mesias ote, erromatarren mendetik askatuko dituen erregea? Egia al da, batzuek diotenez, Elias profeta dela, lurrera itzuli dela? Ala Moisesek aipatu zuen profeta hura da, beste batzuek munduaren azkena baino lehen espero dutena? Zer dio berak bere buruaz?
Galdezka josi behar dute Joan, baina ez diote aterarazten ezetza baizik, zein baino zein laburragoa: «Ez naiz Mesias». «Ez naiz». «Ez». Azkenean, galdaketaz asper-asper, giltzarri bat eman die, segur aski ulertuko ez dutena. «Ni, basamortuan oihu dagien ahotsa naiz soilik. Bilatu behar zenuketena, ezagutzen ez duzuen bat da, nire ondoren datorrena, ni baino joan-etorri handiagokoa».
Apaizek eta lebitarrek ezinezkotzat eman dute Joan, eta alde egin dute.
Joan bere ikasleei begira jarri da, eta esan die:
Ni nor naizen jakin nahirik etorri dira Jerusalemetik, eta ez zaie axola, urrundik ere, nire ondoren datorrena zein den jakitea.
Egunkariaren kritika
Eguberriak prestatze aldera, atzo antzezlan estrainio bat antzeztu zuten, hiru ekitaldikoa. Aski nahasmendu eragin zuen bertaratu zirenen artean. Komentariogile honen ustez, giltzarria lehenengo ekitaldiaren eta hirugarrenaren arteko kontrastean dago: lehenengoa, bere buruaz eta bere misioaz seguru dagoen pertsonaia batez mintzo da; hirugarrena Joan Bataiatzaileaz: bere burua txikitzat jotzen du honek, beraren segidan datorrenaren handitasuna areagotzeko. Eta beraren segidan dator hori beraren aurretik den bat da, hain juxtu, lehen ekitaldiko protagonista bera. Sufritzen dutenentzat esperantzaren eta pozaren mezua dakar honek. Sotiltasun edo zorrozkeria hauekin konforme ez denak Pauloren aholku onak betetzearekin konformatu beharko du.
Jose Luis Sicre