AUZI BITXIA
(Urteko 34 ig. KRISTO ERREGE 2014-11-23)

Iturriek ez dute dudarako biderik ematen. Laguntza-premian ikusten dituenei emanik bizi da Jesus. Ezin egin du ezikusiarena. Ez da sufrimenik bere egin ez duenik. Bat egin du txikienekin eta ezgaituenekin, eta ahal duen guztia egin du haientzat. Errukia du Jesusek lehenengo gauza. Horixe dugu Jainkoaren antzeko izateko modu bakarra: «Izan errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala».

Zer harritzekorik, Azken Auziaz hitz egitean, gure bizitza eta harekin guk bat egin izana juzgatzeko, Jesusek azken irizpide erabakigarritzat errukia eman izate horretan? Zer harritzekorik historiako pobre eta zoritxarreko guztiekin Jesus bat eginik agertu izate horretan?

Mateoren kontakizunaren arabera, «nazio guztiak» aurkeztuko dira Gizonaren Semearen, hau da, Jesusen, errukitsuaren, aurrean. Ez da bereizketarik egingo «herri hautatuaren» eta «herri paganoaren» artean. Ez da ezer esaten erlijio eta kultu desberdinez. Oso gauza gizatarrez, guztiek ulertzen dituztenez, hitz egiten da hor. Zer egin dugu sufritzen bizi izan diren guztiekin?

Ebanjelaria ez da luzatu, berariaz, auziaren xehetasunak deskribatzen. Elkarrizketa bikoitza nabarmendu du, gure orainaz argi handia dakarrena, eta sufritzen ari direnekin jokatzeko, azken batean, bi modu daudela ikusi ahal izateko, begiak irekitzen dizkiguna: errukitu eta lagundu edo ezikusiarena egin eta hor konpon esan.

Pobre eta premiadun guztiekin bat egina den Epailea da mintzo dena: «Nire haurride txiki hauetako bati lagundu zenioten bakoitzean, neuri egin zenidaten». Premian dagoen bati laguntzeko hurbildu direnak, harengana dira hurbildu. Horregatik, haren alboan egongo dira erreinuan: «Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok».

Ondoren, errukirik gabe bizi izan direnei mintzo zaie: «Nire haurride txiki hauetako bati lagundu ez zenioten bakoitzean, neuri ukatu zenidaten». Sufritzen ari direnengandik apartatu direnak, Jesusengandik dira apartatu. Bidezkoa da orain esaten diena: «Alde nigandik». Segi zeuen bidean.

Orain berean hari gara geure bizia jokatzen. Ez da zertan egon auzi baten zain. Orain ari gara sufritzen ari direnengana hurbiltzen edo haiengandik urruntzen. Orain ari gara Kristogana hurbiltzen edo harengandik urruntzen. Orain ari gara geure bizia erabakitzen.

Jose Antonio Pagola