ZELAITU JESUSENGANAKO BIDEA
Abendualdiko 3. igandea B (2014-12-14)

«Bada zuen artean ezagutzen ez duzuen bat». Jesusez esan ditu hitz horiek Joan Bataiatzaileak; bataiatuak izateko, Jordan ibaira doan jende artean baitabil hura, oraino jendaurrean agertu ez bada ere. Hain juxtu, bere kezka guztia «bidea zelaitzea» du Joanek, jende hark Jesusengan sinetsi ahal dezan. Horrela aurkeztu ohi zuten Bataiatzailearen imajina lehen kristau-belaunaldiek.

Baina Bataiatzailearen hitzek halako moduan daude emanik, non, geure burua kristau jotzen dugunok, gaur irakurririk, galdera kezkagarriak eragiten baitituzte. Gure artean da Jesus, baina ezagutzen al dugu zinez?, bat egiten al dugu harekin?, hurbiletik jarraitzen al diogu?

Egia esan, beti Jesusez mintzo gara Elizan. Teorian ez da ezer guretzat hura baino garrantzizkoagorik. Baina, gero, hainbat jirabira ematen ditugu geure ideien, egitasmoen eta ekintzen inguruan, non, ez batere gutxitan, bigarren maila batean gelditzen baita Jesus. Geuk «ezkutatzen dugu» Jesus, konturatu gabe, geure protagonismoa dela medio.

Agian, hau du kristautasunak bere zoritxarrik handiena: bere baitan «kristau» direla esaten duten hainbat eta hainbat gizon-emakume izatea, bihotzean Jesusen arrastorik ez dutela. Ez dute ezagutzen. Ez dute haren bizi-arnasarik. Ez ditu hark erakartzen, ez liluratzen. Irudi zurrun eta bizirik gabea da Jesus haiengan. Mutu da. Ez die esaten bizitza arnastuko dien ezer berezirik. Haien bizitza ez du markatzen Jesusek.

Eliza honek Jesusen «lekukoen» premia gorria du, haren antzeko izango diren fededunen, kristauen premia, beren izaeraz eta bizieraz Kristogan sinesteko bidea erraztuko dutenen premia. Jainkoaz hark bezala hitz egingo duten lekukoen beharra du, Jainkoaren errukizko mezua hark egiten zuen bezala komunikatuko dutenen beharra, Aitaganako konfiantza hark egiten zuen bezala kutsatuko dutenen beharra.

Zertako dira gure katekesiak eta predikuak Jesu Kristo ezagutzera, maitatzera, hari fede eta gozotasun handiagoz sinestera ez bagaramatzate? Zertako dira gure eukaristiak Jesusekin, haren egitasmoarekin, guztientzat hark egin duen buru-eskaintza gurutzetuarekin bat egiten laguntzen ez badute? Elizan inor ez da «Argia», baina guztiok distiraraz dezakegu geure bizitzan. Inor ez da «Jainkoaren Hitza», baina guztiok izan gaitezke kristautasunaren ardaztzat Jesu Kristo hartzera gonbidatzen eta eragiten duen ahots.

Jose Antonio Pagola