Erregua, errealitatea, erne egotea
Testua: José Luis Sicre Díaz
Euskaraz: D. Amundarain
Abendualdiko 1. igandea B 2014-11-23
Lau prestaketa-aste Jesusen jaiotza gogoratzeko? Ez. Hori baino gehiago da Abendualdia. Kontua ez da aspaldiko gauza bat era erromantikoan gogoratzea; gertatu zena, sakon ulertzea da kontua eta Jaunarekin behin betiko topo egiteko prestatzea.
Erregua (Isaias 63,16b-17. 19b; 64,2b-7)
Lehenengo irakurgaiak Jesus jaio aurreko hainbat mendetara garamatza. Israel herriak trapu zikin bat bezala dakusa bere burua, adarrak ihar eta hostoak zimel dituen arbola bat bezala. Egoera ez litzateke izango gurea baino askoz desberdinagoa. Baina herriak, errua politikoei, bankeroei, NMFri (Nazioarteko Moneta Fondoa) eta Merkel andereari bota ordez, uste du, Jainkoak bere aurpegia ezkutatu izanetik datorrela dena, herriak egin dituen bekatuengatik, inork ez diolako dei egiten Jaunaren izenari, inor ez zaiolako Jaunari atxikitzen. Gauza logikoa, herriak bere jokabidea aldatuko duela promes egitea izango zen, Jainkoaz axolatuko dela. Alabaina, aldatuko dela promes egin ordez, bera aldatzeko eskatu dio Jainkoari: gogoan izan dezala gure Aita dela bera (irakurgaiaren hasieran eta bukaeran ageri da ideia hau), itzul dadila, urra dezala zerua eta jaitsi dadila. Nola erantzungo dio Jainkoak erregu honi?
Errealitatea (1 Korintoarrei 1,3-9)
Jainkoaren erantzunak nasaiki gainditu du lehenengo irakurgaian herriak eskatu zuena, beste era batean bada ere. Jainko Aitak ez du urratu zerua, ez da irten gure aurrera Aita bera. Jesus bidali du, eta, hura dela medio, gauza guztietan aberastu gaitu eta bere Semearen bizitzan parte hartzera dei egin digu. Ondorioaz, dio Paulok, «Ez duzue dohainik falta». Krisialdi batean, zeinetan hainbat jende kexatzen baita, batzuetan arrazoiz, falta dituen hainbat gauzaz, hitz hauek kasik iraingarri gerta daitezke: «Ez duzue dohainik falta». Abagune ederra Abendualdi hau, hausnartzeko, zer gauzari ematen diogun balioa: ala askotan falta ditugun gauza materialei, ala Jesusek eskaintzen dizkigun hauei: Jainkoa leiala delako ziurtasuna, gure alde ari dela, sendo eutsiko digula azken topaketa berarekin egin arte.
Erne egotea (Markos 13,33-37)
Gauza ironikoa da ebanjelioak hain juxtu ez hitz egitea, ez Jainko Aitaz, ez Jesusez. Gu geu jarri gaitu ardatz, zein jarrera izan behar dugun adierazteko: «egon erne», «zain egon», «zain egon». Hiru bider agindu bera lerro gutxitan. Izan ere, Abendualdia ez da Jaunaren etorrera gogora ekartze hutsa; gainera, prestatzea da azkenean harekin topo egiteko.