Abendualdiko 1. igandea B (2014-11-30)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Abendualdia hasi dugu. Abendu hitzak etorrera adierazten du. Noren etorrera? Esango litzateke, kristau batentzat erantzuna erraza eta argia dela: Jesusen etorrera.

Baina hain gabi al dago erantzun hori egia dela. Jesusen etorrera espero al dugu? Haur bati galdetzen badiogu, seguru asko, erantzuna beste bat izango da: Olentzero. Eta haur ez garen askorentzat ere, erantzuna, neurri batean eta egiaz, beste bat izango litzateke, seguru asko.

Baina, tira. Eman dezagun, Jesusen etorrera espero dugula. Bai, Jesus etorri zen historikoko duela 2000 urte. Jesus etorriko da egun batean, gutako bakoitza Aitaren altzora eramateko. Bi etorrera horien artean, Jesus ez dago lo: etorri dator. Eguneroko bizitzan. Modu batean eta bestean.

Tarteko etortze hori nabaritzeko, zain-zain egon beharra dugu, adi eta erne egon beharra. Nola egon? John Henry Neuman-ek oso era ulerkorrean adierazten digu. Hona laburturik haren pentsamenduaren muina.

Izan al duzu sekula adiskide bat noiz iritsiko den sentimendua, esandako ordua atzeratu egin duela eta? Ba al dakizu, gogoko ez duzun lagunarte batean luze egotea zen den, lagunarte hura uzteko ordua noiz etorriko zain-zain? Bizi izan al duzu sekula iragarri duten gertaera larri bat gertatuko den kezka larria? Ba al dakizu zer den urruti bizi den etxeko baten zoria nolakoa ote den urduri egotea?

Jesus etorri zain egotea, antzeko sentimendua da. Zain egote hori bizi bihurtzen ez den bitartean, kontu eta ipuin hutsa izango da abendualdia. Egon erne, esaten digu abendualdiak. Egon zain-zain. Zain egote hori geure bizi egin behar dugu.

Jakina, zain egote hori ez da beldurrez egotea, ez da ikaraz egotea. Jesus adiskidea dugu, anaia dugu, salbatzailea.

Pozik egoteko aldia da. Zein albiste ekarriko didan zain egotea. Zein eginkizun aginduko didan zain egotea. Bera hobeto ezagutzeko, liburu bat irakurtzeko esango ote dit? Kalean ikusten dudan pobre bati eskua luzatzeko esango ote dit? Eroso bizitzeari pixka bat kentzeko esango ote dit? Auskalo. Edozein kasutan, neure oneko aginduko dit.

Ezustean etorri ohi da Jesus. Eta ezusteko egitekoren bat iradokiz, sujerituz. Pedro Salinasek adierazten duen bezala: «Nik dirua eskatu nion Jainkoari neure erosketak egiteko. Eta lagunak eman dizkit neure dirua haiekin partekatzeko. Nik Jainkoari mirariak eskatu nizkion sinesteko. Eta hark fedea eman dit mirariak egiteko. Nik osasuna eskatu nion Jainkoari gauza handiak egiteko. Eta gaixotasuna etorri zait ni neu handi egiteko. Ez dut hartu Jainkoari eskatu nion ezer. Baina espero nuen guztia hartu dut.

Senideok, Israel herriak bere jokabidea aldatzera jo ordez, Jainkoari eskatu dio: aldatu dadila Jainkoa bera. Eta Jainkoak ez dio ukatu. Ez da aldatu, jakina, Israelek nahi zuen bezala. Baina aldatu egin da: zeruko Aitak bere Semea bidali du mundura. Horri, Seme horri, egin behar diogu ongietorria. Horren zain behar dugu egon.