MENDEKOSTE IGANDEA (C) 2019-06-09

SARRERA

Senideok, Mendekoste igandea ospatzen dugu gaur. Urteurren handia: Jesusen ikasleen gainera Espiritu Santua etorri zen egunaren urteurrena; ikasleen artean zen Andre Maria ere; ez lehen postuan, baizik, bere bizitza guztian izan bezala, apal-apal, lehentasuna Pedrori eta beste apostoluei aitortuz; beti ere, Kristoren zerbitzari.
Oroitzapen hori egitean, Espiritu Santua gure gainera etorri izana ospatzen ari gara. Gure bataio-eguna ospatzen; kristau izaten hasi ginen egun hura ospatzen; Jesusen anai-arreba egin ginen egun hura; geure artean anai-arreba egin ginen egun hura.
Jesusek, hil aurretik agindu bezala, bere Espiritua bidali du mundura. Mundua berritu egin nahi du: arnasa emanez, gure ohiko jarrera indibidualista elkartasun-jarrera bihurtuz.
Gizon-emakume guztien onerako bizi ahal izateko ahalmen eta argi dugu Espiritu Santua geure bihotzean.

APOSTOLUEN EGINAK liburutik (2,1-11)

Kristauen aurretik, juduek bazuten beren Mendekoste-jaia: Jainkoak Sinai mendian Israel herriarekin egindako elkargo handia ospatzen zuten jai hartan.
Kristauok ospatzen dugun urte hartan, beti bezala, jende asko bildu zen Jerusalemen. Bat-batean Espiritu Santua jaitsi zen Jesusen ikasleen gainera. Eta, Espirituaren argiaz, jende artean hizketan hasi ziren. Denek nork bere hizkuntzan ulertzen zieten ikasleei. Denak harriturik zeuden.
Sinbolo bat da hau guztia; hau esan nahi du: Babelgo Dorrean nahasmendua sortu zenaren kontra, orain Jesusen Espirituarekin herri guztiek bat egiteko ordua etorri da.
Gaurko pasarte honek gertaera hau azpimarratzen du: Jesusen aldia bukatu da eta, joan den igandean, aipatu genuen Elizaren hasiera indartzera etorri da Jesusen Espiritua. Berotu dezagun elkar Espiritu horren suaz.

PAULOK 1 KORINTOARREI (12,3b-7.12-13

Espiritu Santuaren indarrez bakarrik esan dezakegu, fedez, Jesus Jauna dela. Espirituak dohain desberdinak ematen ditu: pertsona bati dohain bat, beste bati beste bat. Baina dohain guztiak elkartearen onerako dira. Denak Jainkoagandik datoz. Kide desberdinek osatzen dugu Eliza; gorputz bat bezala da Eliza: atal asko ditu. Baina elkarte bakarra osatzen dugu guztiok. Hau izango da dohainak ondo erabiliak diren ala ez ikusteko irizpidea: elkartea batzeko, elkartea garatzeko, elkartea sanoago bihurtzeko izatea.
Paulok esan digu, dohain handi bat hartu duena ez dela besteak baino handiago. Halakoaren egitekoa, bere dohaina, bere gaitasuna elkarte osoaren onerako erabiltzea dela.

SAN JOANEN EBANJELIOA (20,19-23)

Bereetara dator Jesus berpiztua, aurrez agindu bezala: “banoa, baina itzuliko naiz”. Lau dohain nagusi eman dizkie ikasleei: bakea, poza, misioa, Espiritu Santua. Ez dizkie eman lur azpian gordetzeko. Baizik eta fruitua emanarazteko. Egiteko hau eman dio Jaunak Elizari, garai hartan ikasleek ordezkatzen zuten Elizari, gaur egun guk ordezkatzen dugun Elizari: mundu osoan Jesusen berri ematea. Baina, geurez ahul garelako, bere Espiritua bidali digu, egiteko hori bete ahal izateko.
Jesusek arnas egin zuen ikasleen gainera. Hasiera liburuak Kreaziokoa deskribatu duenean bezalaxe: buztinaren gainera arnas egin eta gizakia sortu. Jesusek, arnas egin eta Espiritua ematean, ikaslea sorkari berri egin du, pertsona berri, gizaki berri.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: etengabe berrituz joan dadin, Mendekoste-eguneko Espirituaren arabera. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Pazkoaldi honetan bataiatu edo sendotu direnen alde: egunetik egunera fedean handituz joan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Zuzentasunaren, pobreen, gaixoen, presoen alde lanean ari diren guztien alde: behin ere etsi ez dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon alde: Jesus bezala, maitasunaren, errukiaren, bakearen, esperantzaren emaile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.