Mendekoste igandea
Pazkoaldiko 8. igandea C 2019-06-09
Lukasen Apostoluen Eginak liburuak kontatzen du, Paulok kristau-talde ezezagun bat aurkitu zuela behin batean Efeson. Ikusi zen zerbait arraro gertatu zitzaion nonbait, zeren eta galdetu baitzien: «Hartu al zenuten Espiritu Santua sinesten hasi zinetenean?» Biribila izan zen erantzuna: «Entzun ere, ez dugu entzun Espiritu Santu bat badenik». Paulok guri gaur galdera bera egingo baligu, kristau askok erantzun beharko luke: «Badakit haurtzarotik, badela Espiritu Santua. Baina ez dakit zertako balio duen, ez du inolako eraginik nire bizitzan. Aski dut nik Jainkoarekin eta Jesusekin». Erantzun hau egiatia izango litzateke, baina erratua. Jaulki berri dituzten hitzak Espiritu Santuak eraginik jaulki dituzte. Imajinatzen duten baino eragin handiagoa du beraien bizitzan. Eta Korintoko kristauek beren artean izan dituzten eztabaiden eta gatazken bidez dakigu hau.
Espirituaren garrantzia (1 Korintoarrei 12,3b-7.12-13)
Korintoarrak trebeak ziren gatazkak sortzen. Guretzat mesedegarria izan da hori; izan ere, beraien eztabaidei esker jaso ditugu Paulok idatzi zizkien bi gutunak. Gaurko irakurgaia zerk eragin zuen ez dago argi, zeren eta, ohitura ez hausteko, moztu egin baitigute testua. Gutun honetako 12. kapitulua irakurtzeko neke koxkorra hartuko duena konturako da arazoa zein den: batzuek gainerakoak baino goragoko direla uste dute eta ez dute aintzat hartzen gainerakoek egiten dutena. Irudi moderno batez baliatuz, planoak egiten dituen delineatzailea, ordenagailuan lan egiten duen informatikoa, lana gidatzen duen kontramaisua eta, batez ere, batzuetan aldamioan, beren bizia arriskatzen duten langileak arkitekto batek gutxietsiko balitu bezala da, guztiak ezdeustzat joko balitu bezala.
Gaurko pasarteari kimatu dioten zatiak (8-11) Korintoko egoera deskribatzen du. Batzuk harro dira batzarrean oso ondo hitz egiten dutelako; beste batzuk, gauza garrantzizko guztiak dakizkitelako; zenbait beren fedeagatik nabarmentzen dira; beste zenbaitek jendea sendatzera iritsi dira; badira mirariak egitera iritsi direnak ere; gatazkatsuenak, ordea, beste hauek dira: Jainkoarekin inork ulertzen ez dituen hizkuntzez hitz egiteaz harrotzen direnak eta aurreko horien esanak interpretatzeko gai omen direnak.
Oinarritik hasi da Paulo. Bada guztiak batzen dituen gauza bat: Jesusekiko fedea, Jesus Jaun dutela aitortzea, nahiz eta Zesar erromatarrak bere buruari egozten dion Jaun titulu hori. Eta hori guztia Espiritu Santuari esker egiten dute. Batasun honek ez du baztertzen dohain espiritualak, jarduerak eta eginkizunak askotariko izatea. Baina askotarikotasun horretan Espirituaren, Jesusen eta Jainko Aitaren ekintza ikusi behar dute. Formula kasik hirutasunezko honen segidan, azpimarratu du Paulok, Espiritua ageri dela dohain, jarduera eta eginkizun horietan guztietan, bakoitzari emanak baina guztien onerako diren horietan.
Gainera, Espirituak, bere dohainak emateaz gain, batu egiten ditu kristauak. Espirituari esker, ez da elkartean alderik jatorriak (judu / greko) eragindakorik, ez gizarte-klaseak (esklabo / aske) eragindakorik. Galaziarrei gutunean, Paulok dio Espirituak ezabatu egin dituela generoan (gizonezko / emakume) oinarrituriko aldeak ere. Gaur egun bereziki sentibera gara genero-aldeekiko. Baina ezin imajina dezakegu zer esan nahi zuen esklaboaren (kulturarik handienekoa izanik ere) eta hiritar aske baten arteko aldeak, ezta judu-jatorriko kristau baten (hoberenen arteko hobetzat zuten batzuek beren burua) eta jatorri paganoko kristau baten, hau da, bataiatu berri baten (batzuen ustez, arrotz baten) artekoak ere. [Soilik gai batean egin du porrot Espirituak: independentistak eta nazionalistak batu nahi izatean.]
Hitz batean esateko, garen eta dugun guztia Espirituaren fruitu da, hori baita Jesus berpiztuak gure artean presente egoteko duen modua.
Historia hasi al zen? Bi bertsio arrunt desberdin.
Erdi mailako erlijio-formazioko kristau bati galdetuko baliote Espiritu Santua nola eta noiz etorri zen, erantzunik arruntena, segur aski, Mendekoste eguna aipatzea izango litzateke. Eta nolabaiteko formazio artistikoa izango balu, El Grekoren laukia aipatuko luke, nahiz ez dion erreparatu, Andre Mariaren eta Maria Magdalenaren ondoan irudikaturik dagoen gainerako kristau-elkarteari (ehun eta hogei lagun, Lukasen arabera).
Baina bada beste bertsio bat, arrunt desberdina: Joanen ebanjeliokoa.
Lukasen bertsioa (Apostoluen Eginak 2,1-11)
Espiritu Santuaren zale sutsua da Lukas. Kristautasuna Jerusalemdik Erromara nola hedatu den aztertu du, Siria, gaur egungo Turkia eta Grezia barna. Badu misiolarien nekeen eta ahaleginen berri, nola arriskatu duten beren bizia bidelapurren, animalia zakarren, amairik gabeko bidaien, ontzi-hondoratzeen, juduen eta paganoen etsaigoen erasopean: guztia ebanjelioa hots egiteko. Nondik atera dituzte indarra eta argia? Zeinek irakatsi die beren mezua hizkuntza desberdinetan ematen? Lukasentzat, argi dago erantzuna: Espirituaren dohain da den-dena.
Horregatik, Eginak liburua idatzi duenean, sakon berretsi nahi du Espirituaren etorrera ez dela esperientzia pertsonal eta pribatu hutsa, baizik eta elkarte osoarena dela. Otoitzaldi (berrogeita hamar egun) luze batez prestatua, eta une handios batean gertatua, juduen hiru jaietako bigarrenean: Mendekoste egunean. Gauza bitxia: jai hau Jainkoari eskerrak emateko ospatzen dute, gariaren uztagatik; aldi berean, ordea, lurreko fruituak ahulenekin (esklabo, lebitar, etorkin, umezurtz eta alargun) partekatu beharra azpimarratzen dute.
Gure kasu honetan, partekatzen hasi dena Jainkoa bera da, izan daitekeen erregalurik handiena emanez: bere Espiritua. Lukasen kontaerak bi eszena ditu (etxe barrukoa eta kanpokoa), haize bizi-zakar baten itxurako burrunbarekin erlazionatuak biak1.
Etxe barruan, burrunbarekin batean su-mihi batzuk agertu dira, bertan direnetako bakoitzaren gainean kokatuak. Ondoren Espirituaren etorrera gertatu da, eta hizkuntza desberdinetan hitz egiteko dohaina. Zer esaten dute? Bukaeran jakingo dugu.
Etxetik kanpo, burrunbak (edo elkartearen ahotsak) munduko alde guztietako juduen jendetza biltzea eragin du. Lukasek berariaz esan ez duen arren, ematen du elkartea etxetik irten egin dela eta guztiek entzun diotela nork bere hizkuntzan. Ikuspegi historikotik harturik, eszena ez da erreala. Nola jakin dezake elamdar batek partiar edo mediar bat nor bere hizkuntzan ari dela entzuten? Baina eszenak errealitate historiko bat sinbolizatu nahi du: ebanjelioa Mesopotamia, Judea, Kapadozia, Ponto, Asia, Panfilia, Egipto, Libia eta Zirene bezalako lurralde desberdinetan hedatu izana, eta haietako jendeak nork bere hizkuntzan entzun izana aldarrikapena. «Mirari» hau milaka misiolarik errepikatu du mendetan barna, beti ere Espirituaren laguntzaz. Espiritua ez baitator elkarteari barne lotura ematera bakarrik, baizik eta, gainera, kanporantz begira jartzen du, «Jainkoaren gauza miresgarriak» aldarrika ditzan.
Joanen bertsioa (20,19-23)
Oso bestelakoa da Joanek eman digun bertsioa. Pasarte labur honetan lau une bereiz ditzakegu: agurra, agertu dena Jesus dela baiestea, misio edo bidaltzea eta Espirituaren dohaina.
Agurra Juduen ohikoa da: «Bakea zuei». Kasu honetan, halere, ez da formula huts bat, ikasleek, juduen beldurrak jota, bake-behar handia baitute.
Bake hori Jesusen presentziak eman die, ezinezkoa badirudi ere, ateak itxirik baitaude. Esku-oinak erakutsi dizkielarik, egiaz bera dela baietsi die. Sufrimenduaren eta heriotzaren seinaleak, esku-oinak iltze-zuloekin, salbazio-seinale bilakatu dira, eta ikasleak pozak bete ditu.
Horretan gelditzen ahal zen guztia, beldurraren ordez eman dizkien bakearekin eta pozarekin. Baina ez, Jesusen agerpenen kontaeretan ez da falta izan sekula funtsezko osagai hau: misioa, bidaltzea. Jainkoaren asmoa bete nahi duen misioa da: Aitak Jesus bidali du, Jesusek apostoluak bidali ditu. [Gaur egungo apaiz eta erlijioso-eskasia dela-eta abagune ona genuke Joanen beste pasarte bat gogoratzea, zeinetan Jesusek esan baitu: «Erregutu uzta-jabeari bere uztara langileak bidal ditzan»].
Bukaera egintza harrigarri batek gauzatu du: Jesusek ikasleen gainera ufatu du, arnasa bota du. Ebanjelariak ez du zehaztu, ufatze hori guztien gainera multzo bezala harturik egin duen ala bakoitzaren gainera ufatu duen. Xehetasun horrek ez du garrantzirik. Sinbolismoa da balioa duena. Hebreeraz, ruaj hitzak biok adieraz ditzake: «haizea» eta «espiritua». Jesusek, ufatzean (haizea iradokitzen du) Espiritu Santua isuri du. Dohain hau hertsiki dago kateaturik gomendatu berri dien misioarekin. Beren jardueran barna, apostoluek jende askorekin izango dute harremanik; kristau bihurtu nahi dutenen artean, bereizi egin beharko dituzte elkartean onartuak (bekatuak barkaturik) izan daitezkeenak eta onartu ezingo direnak, aldi batez bederen (bekatuak atxikirik).
Laburpena
Ideia gutxi hauek argi jarri dute kristau bakoitzaren eta Elizaren bizitzan Espirituak duen funtsezkoa zerikusia. Teologiaren geroagoko hizkuntzak, misterioan sakondu nahi izatearekin, oinarrizko esperientzia honetatik urruntzera eraman du kristau-herria. Aitzitik, mezako Sekuentzia bikainak esperientzia hori berreskuratzeko laguntza eman diezaguke. Gaur aukera aparta dugu Espirituagandik hartu dugun hura hausnartzeko eta gehienik behar duguna eskatzeko.
Hizkuntzen dohaina
«Eta hizkuntza desberdinetan hitz egiten hasi ziren, bakoitza Espirituak ematen zion bezala». Lehen arazoa jakitea da, ea munduko beste leku batzuetan hitz egiten diren hizkuntzak ote diren, edota hizkuntza arraroak, misteriotsuak, diren, inork ezagutzen ez dituenak. Kontaera honetan garbi dago, beste leku batzuetan hitz egiten diren hizkuntzak direla. Bertan diren juduek diote, «nork bere jatorrizko hizkuntzan entzuten diela». Baina interpretazio honek ez digu balio geroko beste kasu batzuetarako; adibidez, Kornelio ehuntariaren eta Efesoko ikasleen kasuetarako. Autore batzuek bi fenomenoak bereizteari uko egiten dioten arren, ematen du bi gertaera desberdin ditugula begi aurrean: hizkuntza arrotzak hitz egitea eta «hizkuntza arraroak» (Paulok «aingeruen hizkuntza» deitzen dituenak) hitz egitea.
Lehen kasua erraz arrazoitzen ahal da. Lehen kristau-misiolariak beste hainbat misiolarik historian barna aurre egin behar izan dioten problemaren aurrean gertatuko ziren: hizkuntza ezezagunak ikastea, Jesusen mezua eskualdatzeko. Ematen du, gertaera honek, beti zaila, batez ere gramatikarik eta hizkuntza-ikastetxerik ez denean, zirrara eragin diola Lukasi, eta Espirituaren dohain berezitzat agertu nahi izan duela, misiolariei ahalegin handia eskatu zien zerbait hura hasiera hartako miraritzat aurkeztuz.
Bigarren fenomenoa korapilatuagoa da. Paulok Korintoarrei egindako lehen gutunaren bidez ezagutzen dugu. Elkarte hartan, Paulok fundatutako guztien artean exotikoena, bitxiena, jende batek dohain hori zuen, beste edozein baino handiagotzat ematen zuten dohain hori. Fenomeno honen oinarrian uste hau legoke: edozein hizkuntza guztiz pobrea dela Jainkoaz hitz egiteko eta bera goratzeko. Hitzak falta direla. Hala, soinu arraroetara jotzen dute, gainerakoentzat ulertezin direnetara, sentimendurik hondoenekoak adierazi nahiz, esperientzia mistiko baten ildotik. Horregatik, edukia interpretatuko duen norbaiten beharra izaten da, Korinton gertatu zen bezala. (Uste dut, fenomeno hau, kurioski Grezian testifikatua, Delfosko orakuluarekin erlaziona daitekeela, han Pitiak hizkuntza ulertezin bat hitz egiten du, «profetak» interpretatua).
Halere, ez dago garbi interpretazio hau, hain teologikoa eta sakona, ote den eman daitekeen interpretazio bakarra. Gaur egungo talde karismatiko batzuetan badira «hizkuntzatan hitz egiten jarraitzen duten» pertsonak; behatzaile inpartzial batek azaldu dit soinu arraro batzuen jaulkitzetzat hartzen dutela hori, inolako edukirik gabekotzat. Nahas-mahas bihurtzeko arriskua du horrek, Paulok Korintoarrei esan dienez. Bertaratuentzat ez du ezer onik, eta, fededun ez den bat etortzen bada, denak zoraturik daudela pentsatuko du.
José Luis Sicre
1 Hori iradokitzen du testu liturgikoak, bi eszenetan burrunba eman baitu. Testu grekoak, ordea, bi termino desberdin dakartza: «burrunba» eta «ahotsa». Esan liteke, haizearen burrunba etxe barruan bakarrik entzun dutela eta jendea elkartu duena berriz Jainkoa goresten duen kristau-elkartearen ahotsa izan dela.