GUZTIENA DA ESPIRITUA Joan 20,19-23

Pazkoaldiko 8. igandea Mendekoste 2019-06-09

Gure bizitza askotariko esperientziak osatua da. Gozamen eta atsekabe, lorpen eta porrot, argi eta ilun: horiek guztiek ehotzen dute gure bizitza, bihotza biziaz blai eginez edota nahigabetuz.

Baina sarritan ez gara gai izaten sumatzeko geuregan dugun aberastasun guztia. Geure kontzientziaz atzematen duguna, uharte koskor bat baizik ez da, gure bitzako itsaso askoz zabalago eta sakonagoan. Batzuetan, ihes egiten digu funtsezkoen eta erabakitzaileen denak berak ere.

Bere Esperientzia espiritual liburu bikainean, K. Rahner-ek indartsu gogorarazi digu «esperientzia» errotik desberdina den hori, beti gure baitan gertatua, nahiz askotan oharkabe gelditu: Jainkoaren Espirituaren presentzia biziaz ari da, gure izatearen barnean diharduenarenaz.

Esperientzia bat, kasik beti estali ohi dutena gure denbora eta gure arreta betetzen duten beste gauza batzuek. Hertsaturik eta gorderik gelditzen den presentzia da, gure bihotzaz jabetzen diren beste zirrara eta kezka batzuen pean ahaztua.

Kasik beti uste izaten dugu ezen gauza handi eta doako batek oso gutxitan gertatzen den zerbait izan behar duela; baina tartean Jainkoa dabilenean, ez da horrelako konturik. Kristautasunaren zenbait sektoretan izan da joera bat, uste izatekoa, Espirituaren presentzia bizi hau pertsona hautatu eta berezi batzuen gauza dela soilik. Fededun pribilegiatu batzuei dagokien gauza.

Rahner-ek gogorarazi digu ezen Jainkoaren Espiritua beti bizirik dagoela gizakiaren bihotzean; hain zuzen, Espiritua Jainkoaren beraren komunikazioa delako gure bizitzako barrunbean. Jainkoaren Espiritua komunikatu egiten da, erregalu etortzen zaigu, baita itxuraz ezer gertatzen ez den harengan ere. Bizia onartzen den eta eguneroko betebehar astuna xume-xume betetzen denean.

Jainkoaren Espirituak lanean jarraitzen du, isilik, jende arrunt eta xumearen bihotzean, Espirituaren jabe direla sentitzen dutenen harrokeriari eta ustekeriari kontrajarriz.

Mendekoste-jaia gonbit bat dugu Jainkoaren Espirituaren presentzia hori gu guztiongan bilatzera; ez, noski, trofeo bezala aurkezteko hautatuak izan ez omen diren beste batzuen aurrean, baizik eta bizi ororen iturburu den Jainko hori onartzeko, txikiena eta pobreena irudi dakigukeena izanik ere bizia.

Guztiena da Jainkoaren Espiritua; hain juxtu, Jainkoaren egundoko maitasuna ezin ahaztu da malko bakar batez ere, beraren seme-alaben bihotzari darion intziri eta gurari bakar batez ere.

Jose Antonio Pagola