ERABERRITU GAITZAZU BARNEZ Joan 20,19-23)
Mendekoste Igandea B 2021-05-23

Apurka-apurka barnetasunik gabe bizitzen ikasten ari gara. Jada ez dugu harremanetan egon beharrik geugan dugun alderik hobenarekin. Aski dugu denbora-pasa bizitzearekin. Konformaturik gaude arimarik gabe jokatzearekin eta ongizateaz bakarrik janaritzearekin. Ez dugu egiaren bila arriskatu nahi. Zatoz, Espiritu Santua, eta aska gaitzazu barne hutsunetik.

Errorik gabe eta helmugarik gabe bizitzen ikasi dugu. Aski dugu kanpotik programa gaitzaten uztearekin. Etengabe gara mugitzen, etengabeko zalaparta bizi dugu, baina ez dakigu, ez zer nahi dugun, ez norantz goazen. Gero eta informazio handiago dugu, baina inoiz baino galduago sentitzen gara. Zatoz, Espiritu Santua, eta aska gaitzazu nora gabeziatik.

Ez zaizkigu axola jada, kasik, bizitzaren arazo handiak. Ez gaitu kezkatzen argirik gabe gelditzeak bizitzari aurre egiteko orduan. Eszeptikoago bihurtu gara, baita ahulago eta kolokago ere, ordea. Adimentsu eta azti izan nahi dugu. Baina ez dugu topatzen, ez sosegurik, ez bakerik. Zatoz, Espiritu Santua, eta aska gaitzazu barne ilun eta nahasmendutik.

Gehiago nahi dugu bizi, hobeto bizi, luzeago bizi, baina zer bizi? Ondo sentitu nahi dugu geure burua, hobeto sentitu, baina zer sentitu? Bizitzaz bizi-bizi nola gozatuko gabiltza, zukurik handiena nola aterako, baina ez gara konformatzen ondo pasatzearekin bakarrik. Sudur puntan jartzen zaiguna egiten dugu. Kasik ez da galarazpenik, ez lur-debekurik. Zer dela-eta nahi dugu zerbait bestelakorik? Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu bizitzen.

Aske eta independente izan nahi dugu, baina gero eta bakarrago gertatzen gara. Bizi beharra dugu, eta geure mundutxoan hesitzen gara, batzuetan hain aspergarria. Pertsona maiteen beharra dugu, eta ez dakigu harreman bizi eta adiskidetsurik sortzen. Sexuari «maitasun» esaten diogu, eta plazerari «zoriontasun», baina zeinek aseko du gure egarria? Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu maitatzen.

Gure bizitzan ez da lekurik jada Jainkoarentzat. Haren presentzia hertsaturik gelditu da edo atrofiaturik gure barnean. Barruan zarataz beterik garelarik, ezin dugu entzun jada haren ahotsa. Mila desio eta sentsaziotan nahaspilaturik, ez gara gai jada haren hurbiltasuna sumatzeko. Harekin ez beste nornahirekin dakigu hitz egiten. Misterioari bizkar emanik bizitzen ikasi dugu. Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu sinesten.

Fededun eta fedegabe, fededun handi eta fededun txar, horrela gabiltza askotan bizitzan erromes. Espiritu Santuaren kristau-jai honetan, guztioi esaten digu Jesusek behin batean ikasleei esan ziena, haien gainera ufatuz: «Har ezazue Espiritu Santua». Gure bizitza pobre hau sostengatzen duen Espiritu hori, gure fede ahula arnasten duen hori, sar daiteke gure baitan eta biziberri dezake gure bizitza berak bakarrik ezagutzen dituen bideetan barna.

Jose Antonio Pagola