MENDEKOSTE IGANDEA A 2017-06-04
SARRERA
Anai-arrebok, Mendekoste igandea ospatzen dugu gaur. Espiritu Santua ikasleen gainera etorri izana. Baita gure gainera ere.
Joan den igandean esan bezala, egintza edo errealitate bera izan ziren Jesusen Piztuera, Jesusen Igokundea eta Jesusek Espiritu Santua bidaltzea.
Jesus berpiztu hori Jauna dela adierazten du egintza horrek. Jesus Jainkoa dela. Lehen ikasleek oso gogoko zuten Jesusi Jauna deitzea. Jesusi izen hori ematean, garaiko paganoen kontra ari ziren. Paganoek sasi-jainkoei ematen zieten jauna izena. Baita enperadoreari ere. Kristauentzat Jesus da Jaun bakarra.
Baina hori guztia sakon eta bihotzez ulertzeko, beharrezkoa dugu Espiritu Santua. Jesusek esana da. Joango naizenean, neure Espiritua bidaliko dizuet. Hark argituko dizue nik esan dizuedan guztia; nik egin dudan guztia. San Hilariok ere (Orduen Liturgia Pazkoaldiko VII. ostirala) gauza bera diosku: «gure arrazoimenaren ahuldadea dela-eta, ez gara gai Aita eta Semea ezagutzeko, eta zaildu egiten digu Jainkoa gizon egina ulertzea; beharrezkoa dugu, horregatik, Espiritu Santua Dohain hartzea; honek bere argiaz egia hauek sakontzen irakasten digu».
Senideok, otoitz egin dezagun bero-bero: Zatoz, Espiritu Santua; zatoz, Kontsolatzailea, Argi-egilea, Indar-emailea. Zatoz, Espiritu Santua.
LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (2,1-11)
Gure Mendekoste honek berrogeita hamargarren eguna esan nahi du. Jesus etorri aurretik ere ospatzen zuten juduek jai hori: uztaren jaia zen. Denborarekin, esker oneko jai bihurtu zuten: Jainkoak herriaren alde eginak zituen elkartasun-egintzen jai.
Lukasek teofania bezala aurkeztu digu Mendekoste jaia, Jainkoak bere burua agertu izana bezala. Garai batean, Sinai mendian Yahvek egin zuen agerpenaren pareko bezala; Sinai mendian bere legea eman baitzien, haize handia eta sua lagun zirela. Lukasen gaurko pasadizoan sua azpimarratzen da. Suak Jainkoaren indar bizi-emailea adierazten du; animatzen, argi egiten eta berotzen duen sua da.
Jainkoaren agerpen da Espiritua; Jainkoaren bizi-indarra eta hurbiltasuna agertzen ditu.
Hasiera liburuko Babelgo dorreko pasadizoan hizkuntzen nahasmendua gertatu zen; Apostoluen Eginak liburuko honetan, berriz, Espiritua etorri denean, guztien arteko batasuna ageri da. Baina asko izatea, eta pentsaera askotakoak izatea desegin gabe. Munduko herri guztiak, desberdinak izanik ere, Eliza bakarra osatzera deituak dira; berriro esanda, desberdinak izateari utzi gabe.
Senideok, saia gaitezen: lehenik, geure barrua bat egiten; bigarren, geure familia bat egiten; hirugarren, geure herria bat egiten; azkenik, mundu osoa bat egiten. Zatoz, Espiritu Santua. Zatoz, askotariko batasunaren Espiritu Santua.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,3b-7.12-13)
Espiritu Santuak dohain edo trebetasun desberdinak banatzen ditu jendearen artean. Dohain horiek, hitzak berak adierazten duenez, doakoak dira, norberak merezi gabe Espirituak emanak.
Baina doan emandako dohain horiek herriaren zerbitzurako emanak dira. Jainkoaren nahia munduan gauzatzen laguntzeko indar dira. Dohain horien arabera jokatuz, Jainkoaren asmoa agerian jartzen dugu.
Horregatik, dohain horiez, bere tamainan baliatu behar dugu. Batak besteari traba egin gabe. Guztientzat mesedegarri izateko moduan. Kontuan izan behar dugu, guztiongan Espiritua bat bera denez, gutako bataren eta bestearen iritziak ezin izan direla kontrajarriak. Bakoitzak bere erara bai, baina ez apetaren edo kapritxoaren arabera.
Hori ikusteko ere, Jesusen Espirituaren, Jesusen ikusmoldearen, Jesusen pentsaeraren beharra dugu. Zatoz, Espiritu Santua.
EBANJELIOA San Joanen arabera (20,19-23)
Gaur entzungo dugun pasartea, Pazkoaldiko bigarren igandean ere entzun genuen; orduan gaurkoa baino luzeago.
Jesus agertu zitzaien ikasleei. Eta «Bakea zuei» esan zien. Ondoren, bere Espiritua ufatu zien: «Har ezazue Espiritu Santua».
Hebreeraz, espiritua eta haizea esateko hitz bera erabiltzen dute. Horregatik esan dut: «ufatu zien». Espiritua Jainkoaren hatsa da, Jainkoaren arnasa. Arbola batean izerdia bizigarri den bezala, hala da gugan Espiritua: bizigarria da, bizia ematen digu. Gogoan har dezagun Hasiera liburuan (Has 1,2) datorren hau: «Jainkoak lurreko buztinez eratu zuen gizakia, sudurrean bizi-arnasa ufatu zion, eta gizakia bizidun bihurtu zen». Baina Espiritu hori zerbaitetarako eman die: Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztek nik zuek.
Gaurko egun honetan, Espirituak kreazio berria sortu du: Jesusek ikasleei bere arnasa, bere Espiritua ufatu die. Kristok hasi zuen lana, Espirituak jarraitzen du Elizan eta mundu osoan gu guztiok garela medio. Mendekoste jaia, beraz, Jainkoaren eta gizakiaren arteko harreman sakon hori bihotzez eta poz-pozik ospatzea da.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztientzat: jakin dezagula gure bizi-iturri den Espiritu hori geure barruan mimatzen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Elizan sortzen diren joera desberdineko mugimenduak aintzat hartzen jakin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobreen, gaixoen, etorkinen, presoen, erbestetuen alde: geure Espirituak eraginda, haien larruan sartzen ikas dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Dudak, segurtasun-eza, arriskua dugunean, Espirituak argitu eta indartu gaitzan: Eska diezaiogun Jaunari.