Mendekoste igandea C 2016-05-15
Katekesi ez oso egoki batek eraginda, kristau askok, batez ere adin handikok, gauza arrarotzat-edo hartu izan du Espiritu Santua, eta halakoen bizitzan ez du inolako zereginik Espirituak. Igande honetako irakurgaiek laguntzen ahal diete, agian, iritziz aldatzen.
1.- Espiritu Santua: predikari eta bat-bateko itzultzaile (Eginak 2,1-11)
Gaur egungo sarritako bidaiek konturarazi gaituzte hizkuntzen inportantziaz. Arazoa ogitarteko bat edo freskagarri bat erostea bakarrik denean problemarik ez. Baina Jesusez eta haren mezuaz hitz egitea erromatar inperioko lurralde desberdinetan ez zen gauza erraza. Beste herri asko alde batera utzirik, Eginak liburuak herri hauek aipatzen ditu: partiarrak, mediarrak, elamdarrak, Mesopotamiakoak, Judeakoak, Kapadoziakoak, Pontokoak, Asiakoak, Frigiakoak, Panfiliakoak, Egiptokoak, Libiakoak, Kretakoak eta arabiarrak. Nolatan konpondu ziren lehen kristauak ebanjelioa hizkuntza hain desberdinetan hots egiteko? Dudarik gabe, lurralde bakoitzeko hizkuntza, nekez bazen ere, ikasiz, geroago misiolariek munduko alde guztietan egingo zuten bezala.
Eginak liburua Espirituaren jarduera oso desberdinez mintzatuko da. Baina Lukasek pasadizo programatiko honekin hasi nahi izan du: ebanjelioa mundu osoan zabaldu bada, Espiritu Santuari esker izan da. Espirituaren egintza da den-dena: bai mezua, bai hizkuntza bakoitzera itzultzeko gaitasuna. Protagonistek hiru hitzez laburbildu dute mezua: «Jainkoaren gauza miresgarriak». Ezin ulertu izan dutena, bat-bateko itzulpen horren fenomenoa posible izana da.
Gertakizun hau kontatzeko, Itun Zaharreko kontakizunetan inspiratu da Lukas. Jainkoa Sinai mendian Moisesi agertu zaionean: «trumoia eta tximistak izan ziren eta hodei trinko bat mendian… eta mendi osoak egin zuen dar-dar» (Irteera 19,16.18). Bestalde, Joel profetak iragarri du Espiritu Santuaren etorrerak lagun izango dituela «mirariak goian zeruan eta seinaleak hemen behean lurrean: odola, sua, ke-zutabeak. Lukas ez da hain izugarria agertu. Aski ditu «haize-bolada» baten burrunba eta su-mihiak, inor izutzen ez dutenak, baizik eta bakoitzaren gainean eztiki kokatzen direnak. Haizeak zerikusi estua du Espirituarekin (hebreeraz eta grekoz hitz bera erabiltzen dute bi gauzak adierazteko). Mihi horiek hizkuntza desberdinak hitz egitearen dohain miresgarria aurreratzen dute.
2.- Espiritu Santua eta Jainkoaren seme-alaba garela sentitzea (Erromatarrei 8,8-17)
Jainkoari «Aita» esaten irakatsi zigun Jesusek. Halere, jende askok epaile zorrotz bezala ikusten dute, gure bekatuak zigortzeko prest, beldurgarri bezala; beste batzuek, urruneko izaki bezala ikusten dute, gure sufrimenduez eta kezkez arduragabe. Kristau bagara, bataiatuak baga eta Espiritua hartu badugu, nolatan izan genezake iritzi hori Jainkoaz?
Erromatarrei egindako gutunak argitzen du kontraste hori. Seme-alaben espiritua hartu dugu, Espirituak testigutzen du Jainkoaren seme-alaba garela eta haren oinordeko. Baina ez gara milioidun baten oinordeko, dena automatikoki hartzen duten horietakoak, familiako ondasunak hondatzeari emanak. Seme-alaba izateaz gain, seme-alaba garela sentitu behar dugu, Espirituak gida gaitzan utziz; Jesusekin heredatzeko, haren nekaldia partekatu behar dugu. Askotan, bi esperientzia hauek elkarrekin jostea izango da zailena: sufrimenarena, nekaldiarena eta Jainkoa aita sentitzearena. Beharrezkoa da Jainkoari «Aita» deitzearen fede hori, Jesusek Oliamendin egin zuen bezala, sufrimendua eta heriotza hurbil ikusten zituenean ere. Eta hau lortu, Espirituari esker lor genezake.
3.- Espiritu Santua, ustekabeko sari (Joan 14,15-16.23b-26)
«Ondo portatzen bazara, izango duzu saria», esan ohi diete guraso askok seme-alabei. «Maite banauzue eta nire aginduak betetzen badituzue, bi sari izango dituzue», esan die Jesusek ikasleei. Lehenengoa, izaki misteriotsu bat izango da, Jesus ondotik joango zaienean kontsolagarri izango dutena. Bigarrena, Aitaren eta Jesusen beraien bisita izango da, ez bisita labur eta konpromisokoa, baizik gurekin gelditzekoa, iraunkorki. Eta lehen sariko izaki misteriotsu hori nor den argituko die: Espiritu Santua. Erregalu hau ez da objektu geldo bat, kontenplatu hutserako. Jesusek esan zuen guztia gogoraziko digu eta nola bete irakatsiko. Kontsolamendua, irakaspena, oroitzapena: Espirituaren hiru egintza gu guztiongan.
José Luis Sicre