Mendekoste festaren historia eta mezua (Baionako elizbarrutiko euskal web orritik hartu eta moldatua)
Giristinoen besta izan aintzin, Mendekoste Juduen besta bat zen. Eta Juduen besta bat izan
aintzin, laborantzako besta zen, uztak bildu ondoan ospatzen zena. Besta baten sortzea ez da
sekulan xuxen jakiten ahal : historian zehar, ohidura batzuen arrastoak agertzen dira, han eta hemen.
Mendekoste, hastapenean, laborantza besta bat zen. Emeki-emeki Elkargoaren oroitzapenak xertatu
bezala dira, izpiritual maileraino. Bazko bestarentzat Mendekosterentzat bezala gertatu da.
Mois aintzin, Bazko besta egiten zen. Laborariek eta abere-hazleek beren ohidurak
bazituzten udaberrikari. Menturaz, bi besta horien artean, lehena udaberriko uzta hastean eta bertzea
uzta bururatzean, lokarri bat bazitaken. Bien artean sei-zortzi aste ziren. Jalgitza liburuak dio
Egiptotik ateratzea Bazko bestarekin egin zela. Ordutik, udaberrikari egiten ziren ospakizunek,
Jainkoak bere populua nola askatu zuen goresten zuten. Horra nola Bazko bilakatu zen Egiptotik
ateratzearen ospakizuna. Gisa berean, Jalgitza liburuak dio Jainkoak Moisi manamenduak eman
ziozkala Egiptotik ateratu ondoan. Ondorioz, uzta-besta aldatu zen eta legearen emaitza-besta
bilakatu. Ondotik bi besta horieri beren egunak eman zitzaizkioten, zazpi aste bat bertzearen artean.
Gero Izrael populuak lokarri sakona sumatu zuen bien artean : Bazko, gorputzaren
azkatasuna, esklabotasunetik ateratzea. Bainan esklabotasuna ez da bakarrik gorputzarena izaiten.
Beraz, Mendekoste, Lege-emaitzaren besta, azkatasun izpiritualaren besta izan zen. (Izrael
populuak Legea azkatasunaren bidea dela dio).
Kristoren denboran, Juduen Mendekoste hori, legearen emaitzaren besta, besta guziz
premiatsua zen : Jerusalemerat beilaz joaiteko urteko hiru bestetarik bat. Egungo irakurgaiak hori
oroitarazten du hastapenean : „Mendekoste eguna etorri zenean, toki berean bildurik zauden
dizipulu guziak.“ Luk Jesusen dizipuluez mintzo da, bainan testoak erraiten du ere herri guzia toki
guzietarik etorri jendez betea zela. Jesus hil zen urtean sekulako jendea bazen beraz Jerusalemen.
Nahitara erraiten da Jesus „hil den“ urtea, haren berpizteaz mintzatu gabe, zeren berpizte hori
ixiltzen baitzen oraino. Jerusalemerat etorri jende horiek ez dakite ez nor zen Jesus hori, ez zer
gertatu zitzaion. Urte hori bertze urte guziak bezalakoa zen eta Mendekoste besta hori bertze guziak
bezalakoa.
Dizipuluentzat, urte hortako Mendekoste ez da bertze urtetakoa bezalakoa. Heientzat, deus
ez da berdin. Alabainan ez dakite batere zer gertatuko den! Ongi konpreniarazteko egiazki zer
gertatu den, Lukek zehazki kondatzen du gertakaria. Testamendu Zaharreko hiru testo aipatzen ditu:
Legearen emaitza Zinaiko mendiaren gainean; Joel profetaren hitza; Babel dorrearen historia.
Zinai mendian gertatua. Suzko mihiak, arrabotsa „haize azkar baten ufa iduria“, xehetasun
horiek oroitarazten dute zer gertatu zen Zinai mendian legearen manamenduak Moisi emaitean:
Jainko Jauna su baten erdian agertu zen, suaren kea altxatu zen labe batekoa iduri, eta mendi guzia
daldaratu zen. Mois Jainkoari mintzatu zitzaion eta Jaunak erantzun zion ortzi-karraskan. Gertakari
hura aipatuz, Lukek adiarazi nahi du urte hortako Mendekoste Zinai berri bat dela. Bere Legea
populuari eman zion bezala, Jainkoak bere Izpiritua emaiten dio orain. Jaunaren Legea, harrizko
lauzetan izkiriatu zen lehen; orain, haragizko lauzetan, jendeen bihotzetan.
Lukek Joel profeta ere aipatzen du. „ene Izpiritua denetan zabalduko dut” dio Jaunak. Eta
hemen, herrialde guzietarik etorri direnak kondatzen dira “zerupean diren herrialde guzietarik
etorriak”.
Azkenik, Babeleko gertakaria. Lehen egintza: jende guziek hizkuntza bera zuten. Obra
haundi bat egitea erabaki zuten: animaleko dorre bat ! Bainan Jainkoak hizkuntzak nahasten ditu.
Jendeek ez dute gehiago elgar ulertzen ahal.
Zer pentsa gertakari huntaz ? Jainkoak gure ongia nahi duenaz geroz, ez da pentsatzen ahal
gure makurtzeko egin duela hori. Zer ulertu behar dugu beraz ? Gogoeta bakar bat izaitea, asmu
bakar bat izaitea, ez dela bide ona. Elkartasuna bilatzea, gauza ona da, bainan elkartasuna
desberdintasunez egina da. Batasuna ez da berdintasuna. Batasuna ez da berdintasunean.
Maitasunaren batasuna, amodioaren batasuna desberdintasunean da. Babelen gizarteak
desberdintasuna ikasten du; Mendekostez, desberdintasunaren bidez den batasuna ikasten du.
Ordutik, zerupean diren herrialde guziek beren desberdintasunezko mintzaira guzietan goraipatzen
dituzte Jainkoaren miragarriak