Mendekoste igandea C 2019-06-09

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur ospatzen dugun egun hartan, duela bi mila urte inguru, ikusgarria izango zen ikuskaria: Espiritu Santua jaitsi ikasleengana eta ikasleak hizketan kale gorrian jende askoren aurrean! Oroitze hutsak bihotza pozik eta bero-bero jartzen du.

Duela gutxi, urtero Benidormera joaten den bikote bati entzuna: «igandean eliza bete-beterik han; hemen mezara joaten ez den jendea ere bai han». Eta galdera: «Zergatik?» Erantzuna: «Ba, nik uste, beldurragatik. Hemen zaudenean adiskide-jendez eta baliabidez inguraturik zaude. Han, berriz, jende asko, bai, baina adiskide-jendea falta, baliabideak falta. Bakarrik sentitzen zara».

Ez dakit, hori ote den benetako arrazoia. Baina Bernanos frantses nobelagilearen pasadizo bat gogoratu dit. Frantziako Iraultzan, moja-sail bat, bata bestearen ondoren, urkamendira igotzen ari dira, gillotinaz lepo egingo dituzte, guztiak «Veni Creator Spiritus» (Zatoz Espiritu Kreatzailea) kantatuz doaz. Moja bat, frantses nobleziakoa, heriotzaren beldurrez komentura joana, baina gillotinaz hilko zuten beldurrez komentutik ihes egin zuena, urkamendira dator orain, moja guztietan azkena, eta berak bukatu du «Veni Creator Spiritus» kantua, Espirituak eman dio adorea eta kemena.

Senideok, Espirituak ez du beldurra desegiten. Baina beldurra gainditzeko indarra ematen du. Pentsa. Jesusen ikasleak juduen beldurrez etxe barruan zeuden. Espiritua etorri zaielarik beldurra gainditu dute. Mundu zabalera jo dute, bizia galtzeko arriskuari kasurik egin gabe. Bernanos frantses nobelagile handiak ondo ulertu zuen hori, eta «Karmeldarren Elkarrizketa» liburuan grafikoki azaldu zuen.

Lehen protagonista beti Espiritu Santua da. Berak mugiarazten gaitu beti. Berak eragiten digu, bai otoitz egitera, bai lanari ekitera. Berak digu xuxurlatzen bihotzean.

Pertsona bat prest dagoenean bizia emateko, martiri izateko, Espirituaren indarrari esker izaten du jarrera hori. Espirituak ematen du adorea.

Bikote batek krisialdia gainditzen duenean, eta senarrak eta emazteak batak besteari barkatzen diotenean, zein dago egintza horren hondo-hondoan? Espiritu Santuak egiten die argi eta ematen die indarra.

Itun Berriko liburu santuek esaten digute, Espiritu Santua, egiaren, maitasunaren era santutasunaren Espiritua dela, parekotasunaren, esperantzaren, pozaren eta bakearen Espiritua dela. Hau da, politikoek agintzen eta ematen ez duten, eta guk antsiatzen dugun hori, Espiritu Santuak ematen digula

«Espiritu Santua gabe, Jainkoa urruneko da, Kristo iraganeko zerbait edo norbait, Ebanjelioa letra hila, Eliza antolakuntza huts, aginpidea zapalkuntza, misioa propaganda huts, kultua iradokizun huts eta kristau-jarduera esklaboen moral. Espirituarekin, berriz, kosmosa asaldatu egin da eta intzirika ari da Erreinu-minetan. Kristo berpiztua presente dago, Ebanjelioa bizi-ahalmen da, Eliza Hirutasunaren elkarte, aginpidea zerbitzu askatzaile, misioa Mendekoste, liturgia oroitzapen eta aurreratze, giza jarduera jainkotu egiten da» (Laodizeako Ignazioa, II. mendeko martiria).
Zatoz, ba, pobreen Aita, bihotza argitzen duzun argia, dohain guztien emailea. Kontsolamendu guztien iturburua, arimako bizilagun maitatia, atsekabean bakea. Zatoz, Jainkoa Espiritu Santua.

Dionisio Amundarain