MENDEKOSTE EGUNA B
Lehen irakurgaia
( Izpiritu Sainduaren jaustea dizipuluen gainerat )
Apostoluen Egintzetarik 2,1-11
1 Mendekoste eguna etorri zenean,
toki berean bildurik zauden dizipulu guziak.
2 Bat-batean harrabotsa izan zen zerutik, haize azkar baten ufa iduria,
eta heiek zauden etxe guzia bete zuen.
3 Orduan, suzko mihiak bezalako batzu agertu zitzaizkioten,
eta bakotxaren gainean bana gelditu.
4 Denak Izpiritu Sainduaz bete ziren,
eta hizkuntza arrotzez mintzatzen hasi,
Izpirituak bakotxari emaiten zion bezala.
5 Egun heietan Judu jainkozale ainitz bazen Jerusalemen,
zerupean diren herrialde guzietarik etorriak.
6 Harrabots hura entzutean, jendetza handia bildu zen harat,
eta harriturik zauden,
nork bere hizkuntzan mintzatzen entzuten baitzituen.
7 Harriturik eta xoraturik, erraiten zuten :
“ Mintzo diren horiek, ez ote dira denak Galilearrak?
8 Gutarik bakotxak nolaz entzuten ditu bere ama-hizkuntzan?
9 Badira gurekin Partiar, Mediar, eta Elamdarrak;
Mesopotamian, Judean eta Kapadozian,
Itsas Beltzaren hegietan, Azian bizi direnak ere;
10 badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto
eta Zirene inguruko Libia aldekoak, bai eta Erromatarrak ere;
11 eta denek , Judu eta judu-berri, Kretar eta Arabiar,
gure hizkuntzetan aditzen ditugu Jainkoaren miragarriak aipatzen.”
Giristinoen besta izan aintzin, Mendekoste Juduen besta bat zen. Eta Juduen besta bat izan
aintzin, laborantzako besta zen, uztak bildu ondoan ospatzen zena. Besta baten sortzea ez da
sekulan xuxen jakiten ahal : historian zehar, ohidura batzuen arrastoak agertzen dira, han eta hemen.
Mendekoste, hastapenean, laborantza besta bat zen. Emeki-emeki Elkargoaren oroitzapenak xertatu
bezala dira, izpiritual maileraino. Bazko bestarentzat Mendekosterentzat bezala gertatu da.
Mois aintzin, Bazko besta egiten zen. Laborariek eta abere-hazleek beren ohidurak
bazituzten udaberrikari. Menturaz, bi besta horien artean, lehena udaberriko uzta hastean eta bertzea
uzta bururatzean, lokarri bat bazitaken. Bien artean sei-zortzi aste ziren. Jalgitza liburuak dio
Egiptotik ateratzea Bazko bestarekin egin zela. Ordutik, udaberrikari egiten ziren ospakizunek,
Jainkoak bere populua nola askatu zuen goresten zuten. Horra nola Bazko bilakatu zen Egiptotik
ateratzearen ospakizuna. Gisa berean, Jalgitza liburuak dio Jainkoak Moisi manamenduak eman
ziozkala Egiptotik ateratu ondoan. Ondorioz, uzta-besta aldatu zen eta legearen emaitza-besta
bilakatu. Ondotik bi besta horieri beren egunak eman zitzaizkioten, zazpi aste bat bertzearen artean.
Gero Izrael populuak lokarri sakona sumatu zuen bien artean : Bazko, gorputzaren
azkatasuna, esklabotasunetik ateratzea. Bainan esklabotasuna ez da bakarrik gorputzarena izaiten.
Beraz, Mendekoste, Lege-emaitzaren besta, azkatasun izpiritualaren besta izan zen. (Izrael
populuak Legea azkatasunaren bidea dela dio).
Kristoren denboran, Juduen Mendekoste hori, legearen emaitzaren besta, besta guziz
premiatsua zen : Jerusalemerat beilaz joaiteko urteko hiru bestetarik bat. Egungo irakurgaiak hori
oroitarazten du hastapenean : „Mendekoste eguna etorri zenean, toki berean bildurik zauden
dizipulu guziak.“ Luk Jesusen dizipuluez mintzo da, bainan testoak erraiten du ere herri guzia toki
guzietarik etorri jendez betea zela. Jesus hil zen urtean sekulako jendea bazen beraz Jerusalemen.
Nahitara erraiten da Jesus „hil den“ urtea, haren berpizteaz mintzatu gabe, zeren berpizte hori
ixiltzen baitzen oraino. Jerusalemerat etorri jende horiek ez dakite ez nor zen Jesus hori, ez zer
gertatu zitzaion. Urte hori bertze urte guziak bezalakoa zen eta Mendekoste besta hori bertze guziak
bezalakoa.
Dizipuluentzat, urte hortako Mendekoste ez da bertze urtetakoa bezalakoa. Heientzat, deus
ez da berdin. Alabainan ez dakite batere zer gertatuko den! Ongi konpreniarazteko egiazki zer
gertatu den, Lukek zehazki kondatzen du gertakaria. Testamendu Zaharreko hiru testo aipatzen ditu:
Legearen emaitza Zinaiko mendiaren gainean; Joel profetaren hitza; Babel dorrearen historia.
Zinai mendian gertatua. Suzko mihiak, arrabotsa „haize azkar baten ufa iduria“, xehetasun
horiek oroitarazten dute zer gertatu zen Zinai mendian legearen manamenduak Moisi emaitean:
Jainko Jauna su baten erdian agertu zen, suaren kea altxatu zen labe batekoa iduri, eta mendi guzia
daldaratu zen. Mois Jainkoari mintzatu zitzaion eta Jaunak erantzun zion ortzi-karraskan. Gertakari
hura aipatuz, Lukek adiarazi nahi du urte hortako Mendekoste Zinai berri bat dela. Bere Legea
populuari eman zion bezala, Jainkoak bere Izpiritua emaiten dio orain. Jaunaren Legea, harrizko
lauzetan izkiriatu zen lehen; orain, haragizko lauzetan, jendeen bihotzetan.
Lukek Joel profeta ere aipatzen du. „ene Izpiritua denetan zabalduko dut” dio Jaunak. Eta
hemen, herrialde guzietarik etorri direnak kondatzen dira “zerupean diren herrialde guzietarik
etorriak”.
Azkenik, Babeleko gertakaria. Lehen egintza: jende guziek hizkuntza bera zuten. Obra
haundi bat egitea erabaki zuten: animaleko dorre bat ! Bainan Jainkoak hizkuntzak nahasten ditu.
Jendeek ez dute gehiago elgar ulertzen ahal.
Zer pentsa gertakari huntaz ? Jainkoak gure ongia nahi duenaz geroz, ez da pentsatzen ahal
gure makurtzeko egin duela hori. Zer ulertu behar dugu beraz ? Gogoeta bakar bat izaitea, asmu
bakar bat izaitea, ez dela bide ona. Elkartasuna bilatzea, gauza ona da, bainan elkartasuna
desberdintasunez egina da. Batasuna ez da berdintasuna. Batasuna ez da berdintasunean.
Maitasunaren batasuna, amodioaren batasuna desberdintasunean da. Babelen gizarteak
desberdintasuna ikasten du; Mendekostez, desberdintasunaren bidez den batasuna ikasten du.
Ordutik, zerupean diren herrialde guziek beren desberdintasunezko mintzaira guzietan goraipatzen
dituzte Jainkoaren miragarriak!
Salmoa 103
Leloa: Jainkoa, zure Izpiritua igor guri,
Mundu guzia dadin berri !
Begitartea zuk gordetzean, denen lotsa,
Zuk hatsa kenduz, heien gorputza zer errautsa!
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.
Jainko Jaunari betiereko laudorio,
Moldatu hoitan duela beti bozkario.
Nik diotana izan bekio laketgarri:
Jainkoa baitan duket nik beti boz-iturri.
Egungo salmoa, laudoriozko salmo bat da. Ez da harrigarri Mendekostez irakurtzea. Lukek Apostoluen Egintzetan kondatzen du apostoluek, Mendekoste goizean, Izpiritu Saindua beren baitan zutela, Jainkoaren miragarriak goresten zituztela, hizkuntza guzietan. Ez da fededun izaite beharrik kreazionearen aintzinean miretsia egoiteko. Hizkuntza guzietan badira olerki ederrak naturaren edertasuna goraipatzen dutenak. Egipton bereziki, faraon baten hobian, olerki bat aurkitu da Akh-en-Aton edo Amenofis laugarrenak idatzia, jainko den Iduzkiaren ohoretan. Faraonaren olerkia eta salmo hunen artean badira berdintasunak: mirestearen hizkuntza berdina da mundu guzian. Bainan desberdintasunak dira interesgarriak: horiek dira Elkargoaren populuari egin goiargiaren herrestoak. Lehen desberdintasuna, baitezpadakoa Izraelen fedearentzat : Jainkoa Jainko da, ez da bertze jainkorik, eta iduzkia ez da jainko. Hasiera liburuan Bibliak iduzkia eta ilargia beren lekuan ezartzen ditu. Ez dira jainko; argiak dira, bertzerik ez. Kreaturak dira heiek ere, bertset batek dion bezala : “Zuk Jauna, egunak seinalatzen dituen ilargia egin zinuen eta ere iduzkia, ilargiaren sartzea dakiena.” Jainkoa da egiazki denen egile : “handi zare zu handi, Jainkoa, izigarri“. Bigarren desberdintasuna: Kreazionea ona da. Hasiera liburuan errepikatzen da : „eta Jainkoak ikusi zuen ongi zela.“ 103. salmo hau Hasierako historia bezala egina da: kreazioneko sei egunak aipatzen ditu, bat bertzearen ondotik, lerro lerro, gizakia emanez buru, Jainkoaren hatsarekin. Hirugarren desberdintasuna: kreazionea ez da lehengo denborakoa. Jainkoak ez du mundua egin eta bere gisa utzi. Lokarri bat bada beti Jainkoa eta kreaturen artean. Erraiten dugularik, „sinesten dut Jainkoa baitan , zeruaren eta lurraren kreatzailean“, ez dugu bakarrik lehengoa aitortzen, bainan Haren menpean girela beti onartzen. „Begitartea zuk gordetzean, denen lotsa, zuk hatsa kenduz , heien gorputza zer errautsa! Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa, eta betbetan berritua da mundu hitsa.“
Bigarren irakurgaia
(Ibil gaitezen Izpirituak gidaturik)
Jondoni Paulok Galaziarreri 5, 16-25
Haurrideak, 16 hau diozuet : ibil zaitezte Jainkoaren Izpirituak gidaturik, eta ez zirezte giza-haragiaren gutizieri jarraikiko. 17 Haragiaren gutiziak Izpirituaren kontrakoak dira, eta Izpirituarenak aldiz, haragiaren kontrakoak. Alabainan bi indar horiek elgarren kontrakoak dira; horrengatik ez duzue nahi zinuketena egiten. 18 Bainan Izpirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudezte legearen menpean. 19 Haragiaren egintzak ezagunak dira : lizunkeria, lohikeria, likiskeria, 20 idolatria, sorginkeria, herra, eztabadak, bekaizgo, hasarre, aharra, tirabira, alderdikeria, 21 bekaizkeria, mozkorkeria, sabelkeria, eta holakoak. Eta lehen erran nautzuena diozuet berriz ere : horrela dabiltzanek ez dute Jainkoaren erreinua ondoretasunez ukanen. 22 Izpirituaren fruitua, berriz, hau da : maitasuna, bozkarioa, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, 23 eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea. Holakoen aitzinean ez da legerik.24 Kristo Jesusenak direnek beren baitan gurutzefikatua dute haragia bere jaidura eta gutiziekin. 25 Bizia Izpirituak emaiten daukunaz geroz, ibil gaitezela Izpirituaren arabera.
Pauloren arabera, mundua mundu denetik, izpirituaren eta haragiaren artean beti guduak
badira. Kain eta Abelen historiak argitzen ahal gaitu. Abel, artzaina zen, Kain laboraria. Primaderan
usaia zen bakotxak opari baten egin zezan. Artzainak eskaintzen zuen lehen-bildotsa, eta laborariak,
uztaren lehen fruituak. Testoak aditzera emaiten dauku Kainek bortxaz egin zuela oparia. Menturaz
Kainek ez du kontzientzia lasai eta ikusten du haren oparia ez dela Abelena bezala onartua :
«Jaunak onartu zituen Abel eta haren emaitza, ez, ordea, Kain eta haren emaitza. Kain biziki
haserretu zen, eta aurpegia ilun zabilan. Jaunak erran zion: Zergatik zaude haserre? Zergatik
aurpegia ilun ?Zuzen jokatzen baduzu, argituko zaizu aurpegia; bainan makur jokatzen baduzu,
atean duzu bekatua barrandan. Halere, menpera dezakezu. »
«Barrandan » ! Ardura abere batendako erraiten da, barrandan dagola. Kain zatikatua da
bere baitan duen bortizkeriaren eta Jainkoaren amodioaren artean : «atean duzu bekatua,
barrandan… menpera dezakezu. » Bixtan dena, Kainenzat libertate osoa izanen zen menperatu
balu bere bortizkeria. Hil duelarik anaia, lilluratu du bere burua erakutsiz azkarrena zela, bainan
bere bortizkeriaren esklabo izan da. Kainen ondokoak gira eta gizadiaren historia beti gudua izan
da, bainan gero, emeki emeki, bere bortizkeria nola menpera nola menpera ikasten ari da. Aitamek
badakite luze dela haurren heztea, luze da gure baitan diren gaixtakerieri nausitzea, beti barrandan
baitaude gu baitan : « lizunkeria, lohikeria, likiskeria, idolatria, sorginkeria, mozkorkeria,
sabelkeria eta holakoak. »
Aprendizgo horren errexteko badira bideak : « ez nehor hil, ez ebats, ez egin adulteriorik, ez
egin gezurrezko lekukotasunik » Hori, leialtasunaren aprendizgoa da. Bortxaz egiten den
aprendizgoa, bai, bainan esperientziak frogatzen dauku, aprendizgo horri esker, gizonen artean
bortizkeria menperatzen ahal dela.
Zer erran nahi du « haragia » hitz horrek ? Ez da bakarrik gorputza, eta gutiago sexua.
Haragia gizon guzia da, osoki. Gizon horrek behar du legea, barnean dituen bortizkerieri buru
egiteko. Egun bat jinen da, legea bazterrerat utzirik, amodioak erabiliko baitu gizadia, zeren
Jainkoaren amodioak beteko baititu gizon guzien bihotzak : « Nere Izpiritua ixuriko diot jende
orori. » Gizadi guziak ukanen du Izpiritu berri bat, Ezekielek erraiten duen bezala: «Emanen
dauzuet bihotz berri bat eta ezarriko Izpiritu berri bat, kenduko dut zure bihotzetik harrizko
bihotza, eta emanen haragizko bihotza, ezarriko dut zuen baitan ene izpiritua, eta ibiliko zirezte ene legeen arabera, atxikiz eta jarraikiz usaiak. »
Zer berri miresgarria erraiten dugularik : « egun bat jinen da » ! Paulok erraiten dauku egun
hori hemen dela. Mendekosteko testo guziek gauza bera erraiten daukute. Eguna jina da, Jainkoak
bere Izpiritua gure gainerat hedatua du. Orai lege bakar bat da, ez borxatz begiratzen dena, bainan
amodiozko legea : « Maitatuko duzu Jainkoa eta aldeko laguna zeure burua bezala. » Erraiten ahal
dugu egun hori jina dela zeren baitira jendeak beren bihotza uzten baitute Jainkoaren Izpirituaz
gainditzerat. Huna Paulok emaiten daukula Izpirituaren fruituen zerrenda : «Maitasuna, bozkarioa,
bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna. »
Veni Sancte Spiritus
1 – Zato, Izpiritua
Eta guri zerutik
Igor zure argia.
2 – Zato beharren aita,
Zato dohain emaile
zato bihotz argia.
3 – Minen eztitzailea,
Arimen baitan zauden
Arintzaile gozo.
4 – Lan aldietan pausu,
Kar aldietan bake,
Nigar minetan gozo.
5 – Oi argi dohatsua,
Bete bihotz barnea
Fededun guzieri.
6 – Zure laguntza gabe
Ez da deus gizonean
Deus hobengabe denik.
7 – Garbi lohitsu dena,
Ihinzta idor dena,
Senda zaurturik dena.
8 – Hunki gogor dagona,
Susta hotzik dagona,
Xuxen makur doana.
9 – Eman fededuneri,
Dena zuri baitaude,
zazpi dohain sainduak.
10 – Eman merezimendu,
Eman hiltze saindua,
Eman zeruratzea.
Amen !
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Etor, Jaunaren Izpiritua, etor zaite !
Zutan sineste duten bihotzak, otoi, bete !
Eta pitz-azu heien baitan
Amodiozko zure sua.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15,26-27; 16,12-15
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek bere dizipulueri erran zioten:
26 “ Etorriko denean Laguntzailea,
nik Aitaren ondotik igorriko dautzuetana,
Aitaganik den egiaren Izpiritua,
Harek lekukotasun emanen du nere alde.
27 Eta zuek ere lekukotasun emanen dautazue,
hastetik nerekin baitzirezte.
16,12Banuke oraino ainitz gauza erraiteko,
bainan ez duzue jasaiten ahal orai.
13 Etorriko denean egiaren Izpiritua,
egia osorat gidatuko zaituzte.
Alabainan, ez da bere burutarik mintzatuko,
entzunen duen guzia erranen du,
eta gertatu beharra iragarriko dautzue.
14 Nere Jainko-aintza agertuko du,
jakinaraziko dautzuena nereganik hartuko baitu;
15 Aitak duen guzia nerea da;
horrengatik erran dautzuet
nereganik hartuko duena jakinaraziko dautzuela.
Ainitz aldiz, azken solasaldietan, Jesusek dizipulueri hitzeman diote Izpirituak lagunduko
dituela. Ainitz aldiz aipatu du Laguntzailea. Erran nahi du Izpiritu horrek ez dituela sekulan
debalde utziko : «Etorriko denean Laguntzailea…harek lekukotasun emanen du nere alde.”
Jesusek aipu baditu behin eta berriz Izpirituaren dohainak, dizipuluen sustatzeko da, zeren
bakarrik direla sendituko baitute : « Hau guzia, zuen fedeak huts egin ez dezan erran dauzuet.
Zinagogetarik kanpo ezarriko zaituztete ; are gehiago, badator ordua, zuek hilen zaituztenak
Jainkoa zerbizatzen duela usteko baitu. Eta hola ariko dira ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituztelakotz.
Aitzinetik erraiten dauzuet hori, heien ordua etorriko denean oroit zaitezten erran nauzuela » (Jn
16,1-4)
Beti harrituko gira : Jainkoaren defendatzaileek dute hilarazi Jainkoaren Semea! Semearen
dizipuluak pertsegituak, suntsituak izanen dira egiazko erlisionearen izenean. Joanik erraiten du
Laguntzailearen beharra izanen dutela jujatuak izanen direlarik gizonen tribunaletan. Izpiritua ez
zaiote berenzat emana izanen, bainan Jesu Kristoren lekuko izaiteko. Pasionean Jesusek erran zion
Pilatusi : « Ni sortu eta mundurat etorri naiz egiaren lekuko izan nadin. » Dizipuluek ez dezakete
bertzela egin, munduari agertaraztekotz Aitaren egia.
Behin betiko Elkargoa Jainkoaren eta gizadiaren artean ez da finkatuko, gizadiak Jainkoa
onartu artio. Gizakia beti mesfidatu da Jainkoaz, Bibliaren arabera : lehenik Adam, Jainkoaz jelos
izan zelarik, Zinaiko basamortuan populuak Jainkoari aurpegiratu ziolarik zergatik atera zuen
Egiptotik, eta azkenean Jainkoaren Semea kurutzefikatu zutelarik.
Bainan, Jainkoa beti leial izan da, badaki gizonak bere indarrez ez duela Jainkoa aurkitzen
ahal, Bertzelakoa delakotz. Entzun dezagun Jeremias : « Adimendua emanen diotet ni Jauna naizela
ezagut dezaten ; nere herri ukanen ditut eta ni beren Jainko ukanen naute, bihotz osoz itzuliko
baitira nereganat. » (Jr 24,7) Eta oraino Jeremias : « Jauna, zu nere indar eta geriza, hirriskutan
ihesleku ! Zure ganat etorriko dira herriak lurreko azken mugetarik, eta erranen dauzute : arbasoek
utzi dauzkiguten jainkoak gezur huts dira, zentzugabekeria deusetako ez dena. Jendeak egin
jainkoak nola izan egiazko jainko ? Jaunak dio :hara nere esku ahaltsua erakutsiko diotet behin
betiko, eta ikasiko dute Jauna naizela ni. » (Jr 16,19-21)
Jainkoa bertzelakoa delakotz, guhauren indarrez ez dugu ezagutzen ahal, bera jinen da gure
ganat. Haren ezagutzeko, Izpiritua emanen dauku gure lekukotasunari esker gizadia hel dadin
Jainkoaren egiarat.