MARABU
(Eukaristiaz)
Niri, lehen, marabu delakoaren hori Duna Francisquitako Aurora la Beltranaren kopla iruditzen zitzaidan eta batzuetan ahopeka kantatzen dut xurgagailua erabiltzen dudanean:
«Con el ay, con el marabay,
con el bu, con el marabú!
Ay que me mu, que me muero,
si me miras tú!»
Geroago, ordea, begirunea diot. Foucauldeko Karlosen bizitza irakurri baitut (ez ezazu utzi bazterrera Antoine Chatelar-ek PPCen argitara eman duen haren biografia bikaina); jakin dut, tuareg herriak erabiltzen zuen deitura zela, beraien artean, Tamanrasset-en, Algeria sakonean, bizi zen frantses arraro hura izendatzeko.
Orain dohatsu izendatzekotan dira eta, hara, Eliza osoan Eukaristia ospatzeko urtearekin batera gertatuko da aitorpen hori, Erroman egingo den gotzainen Sinodoarekin bukatuko den urtean. Kointzidentzia probidentziala: Karlos dohatsu berriak (uste dut, berari, «guztien anaia eta neba» izatea nahi zuenari, guztiz arraro gertatuko zaiola deitura hau…) Eukaristia bizitzeko zuen aparteko eratik zerbait kutsatuko ahal digu! Erakusgarri bezala, beraren egunkariaren orrialdetxo bat: «Nomadek eta sedentario apurrek egina dute ohitura, niregana etortzekoa: eskatzeko jostorratzak, botikak, eta behartsuek, noizbehinka, gari-pixka bat. Lanez jota nago, ahalik lasterren bukatu nahi nuke tuareg hizkuntzaren hiztegi bat. Baina lan hau askotan eten behar izaten dut iristen zaidan jendeari arreta eskaintzeko, edota mesede koxkor bat gauzatzeko; horrenbestez, gutxi aurreratzen dut aipatu lanean. (…) Nire bizitzaz ideia zehatz bat izateko, jakin behar da, nire atean ordu betean gutxienez hamar aldiz jotzen dutela, gutxiagotan baino egiazkoago gehiagotan, pobrek, gaixok, bidaiarik; hala, bakea handiarekin mugimendu handia bizi dut» (1901-09-30).
J.F. Six-ek, beraren biografoetako batek, honela komentatzen du: «Karlos anaia konturatuz joan zen ezen gauza inportantea ez dela adorazio-uneak egitea, ezta meza ezinbestean ematea ere, baizik eta Jesus bezalako izatea. Nolabait esateko, eukaristia-errealitateak bere egin zuen, asimilatu egin zuen, Karlos pixkana-pixkana: Jesusek bere buruaz bere Aitari egindako eskaintza den Eukaristiak, alegia; gizon-emakumeei bere burua dohain ematea den Eukaristiak, alegia. Aurreratzean badaki Karlosek, Jesus Eukaristian kontenplatzeak zorrotz eskatzen diola bere burua Aitari eskaintzea eta gainerako gizon-emakumeek bera jan dezaten uztea, Eukaristiaren luzapen izango den bizieran».
Ez dut ideiarik zer esango duen Sinodoaren lanak laburtuko dituen dokumentuak; baina badaezpada, hura beste alde batetik badoa ere, ez digu kalterik egingo gogoratzeak den-dena orduan hasi zela: Jesusek ogia bedeinkatu zuenean, alegia, eta bere bizia zatitu zuenean jendearentzat, artean transubstantziazioaren [ogi-ardoak Kristoren gorputz-odol bihurtzea] berririk ez bazuen ere. Edota Jesusek berak eta beraren adiskideek topa egin zutenean Galilearen ardo gaztearekin eta kopa eskutik eskura pasatzen zutenean, zori bera bizitzeko beren gogoa adierazteko. Eta ez zitzaien burutik pasatu ezen ondoren biziko ginenok ogi pixka bat kalizan bustirik hartuko genuela parte Eukaristian.
Karlos anaiak hori guztia (sustantziarena eta antzirudiena, eta ogi-apurrena, eta garbitze-zapitxoarena …) Trapan bizi izan zenean ikasi bide zuen, apaiz ordenatzeko ikasten ari zenean, eta, segur aski, Saharako txoko gorde hartan Meza ematen zuenean zorrotz beteko zituen kultu-arau guztiak; halakoa baitzen bera gauza guztietan. Aldea honetan dago: Eukaristia hain sarri bizitzearekin, kutsatu egin zutela Karlos Jesusen keinuek eta jarrerak, eta horregatik ekin zion Jesusek egin zuena egiteari, haren oroitzapena eginez. Eta beraren Maisuak bezala, bere bizitza ogi zatitu eta banatu bihurtuz joan zen, bera irensten utziz gosea zutenei: maitatuak izateko gosea zutenek, nork entzungo zien gosea zutenek, nork ulertu zituen eta saneatuko zituen gosea zutenek. Atea jotzen zutenak onartzen zituen jarrera natural beraz banatzen zuen bere burua, ezer gorde gabe, guztiei emanez bere astia, bere afektua, bere zaletasuna eta bere adiskidetasuna.
Hala esango du geroago René Voillaume-k, Karlos anaiaren lehen «jarraitzaileak», Jesusen Anaien Anaidiaren, eta Ebanjelioaren Anaien eta Arreben Erakundeen fundatzaile eta «Jende-masaren bihotzean» liburuaren egileak (kontzilio ondoko belaunaldiaren oheburuko liburua): «Eukaristia bizitzea nork bere burua besteei ematea da, haientzat izateraino, maitasunez eta eukaristia-kontenplazioaz, zerbait «irensgarri». Azken batean, «Tantum ergo»k (1) dioena ondo ulertzen ez baduzu, hor duzu Marabu delako horrengana [Foucauld-eko Karlosengana] jotzeko aukera.
Dolores Aleixandre
(Alandar aldizkaria, 2005eko urria, 221. zenb.?
(1) (latinez eta euskaraz; hau Orixerena, ukitu batzuekin)
Pange Lingua: Tantum ergo
Pange, lingua, gloriosi
corporis mysteirum,
sanguinisque pretiosi,
quem in mundi pretium,
fructus ventris penerosi Rex
effudit gentium.
Nobis datus, nobis natus
ex intácta Vírgine,
et in mundo conversátus
sparso verbi sémine,
sui moras imcolatus
miro clausit órdine.
In suprémae nocte coenae,
recumbens cum frátribus,
observáta lege plene,
civus in legálibus,
cibum turbae duodénae
se dat suis mánibus.
Verbum caro, panem verum,
Vebo carnem éfficit,
fitque sanguis Christi merum,
et si sensus déficit,
ad firmándum cor sincérum
sola fides súfficit.
Tantum ergo Sacraméntum
venerémur cérnui;
et antíquum documéntum
novo cedat rítui:
traestet fides suppleméntum
sensuum deféctui.
Genitóri, Genitóque
laus et jubilátio;
salus honor, virtus quoque
sit et benedíctio;
procedénti ab utróque
compar sit laudátio.
Amen.
Gertaera harrigarri bat
ospatzen dugun egun,
Jainkoak sabel garbian
haragi hartu baitzun;
ogi-ardo, gorputz-odol
gugatik egin zitun.
Inork ukitu gabeko
amak zigun ekarri.
Lur hontan eman ondoren
Jainko Aitaren berri;
azkenik Eukaristia
utzi zun oroigarri.
Azken gauean jarririk
anaiekin mahaian,
pazko-oparia janik
legeak zion eran,
bere eskuz hamabiei
bera zitzaien eman.
HITZAK hitzez ogi zina
haragi bihurtzen du,
ardoa Kristoren odol
nahiz gauden begiz itsu.
Onez dabilen kristauak
sinestea aski du.
Ogi zerutik jaitsia
gurtu dezagun ahuspez;
opari zarra gal beza
berri honek ordainez;
begiz ezin dezaguna,
ikus dezagun fedez.
Aipu, omen, edertasun
Aitari, Semeari;
indar, dedu ta gorespen
biengandik denari
hasieran, orain
eta egun egizki.
Ala bedi.