LOIOLAKO IGNAZIO SANTUA
Jainkoa maitatuz, gizon-emakumeak liberatu. (2014-07-31)

Ignazio 1491n jaio zen Loiolako (Azpeitia) dorretxean. Erdi Aroan Euskal Herrian izan ziren handikien familietako batean. Alabaina, Ignazio jaio zenerako, handiki horien indarra gainbehera etorria zen; Gaztelako erregeak 1447an emandako aginduz, Loiolako Gotorlekuari berari gandorra moztua zioten. Beraz, Ignazio ez zen jaio handikien gotorleku batean, baizik eta loiolatarren dorretxean. Halere, birika betean arnastu zuen bere aurrekoen eta garaikoen idealismoa eta lilura,
Aita gazterik hil zitzaion Ignaziori, 16 urte inguru zituela. Amaz, Ignacio Tellecheak dioskunez, izena besterik ez dakigu; Ignazio berak ere ez du sekula aipatuko. Nolanahi den, 16 urteko zela, Gaztelako Arevalora eraman zuten Ignazio; Gorteko handiki baten etxera; bertako andrea loiolatarren ahaidea zen.Eta Ignaziok gorteko biziera egin zuen han, franko urtez. Besteak beste, han dastatu ahal izan zituen zalduntza-liburuak. Batez ere, erregearen konkista-irrikaren berri entzun zuen, umetan Loiolan bizi izan zuen idealismoa bizkortzeko: ezaguna en mundu osoaz jabetu nahi zuen erregeak.
Baina erregeak eta handikiak ere ezin izan, zorionez, lurrean betiko. Fernando erregea hil zen 1516an. Fernando hiltzearekin, Ignazioren Arevaloko babesleak bere babeslea galdu zuen. Zoria zori izaki. Eta Ignaziok beste «aita ponteko» baten bila joan behar. Naiarako dukeak, 1516tik Nafarroako erregeorde zenak, hartu zuen. Horrela iritsi zen Ignazio Iruñera, Gaztelaren alde, nafarren kontra, hiria defendatzera. Han ere, beste askok hanka egin zuen bitartean, bere barnea puztera jo zuen Ignaziok, hiriko gotorlekua defenditzen.
Baina Ignaziorentzat biziera berri baten hasiera gertatu zen han.Kainoi baten balak jo zuen1521eko maiatzaren 20an. Hanka puskatu zion. Ignazio gogoratu zen Arevalon etxekoandreak aurresana zionaz: «Iñigo, ez haiz zentzatuko, ez eskarmentatuko, hanka bat hautsiko diaten arte». Lehenengo sendatze-arreta eskaini ondoren, etxera, Loiolara bidean jarri zuten. Andetan eramanki, bi aste egin behar izan zituen mendiz mendi. Loiolako Dorretxean egin behar izan zuen denboraldi luzea, 1521eko ekainetik 1522ko otsailera. Han ere bere gandorra erakutsi zuen. Iruñean hezurrak oker lotu zizkiotela eta, berriro hautsi behar izan zizkioten, bizi guztirako herren gelditu nahi ez zuelako; berak esango duen bezala, anestesia bakarra hortzak eta ukabilak estutzea zuelarik.
Une batean, biziki gaizkitu zen Ignazio. Hilzorian jartzeraino. Gaixoen oliadura ere eman zioten. Baina Pedro santuaren zalea izaki eta, haren erreguz-edo egin omen zuen onera; Pedro santuaren izenean poema bat ere idatzi zuen.
Sendabidean aurrera zihoala, zalduntza-liburuak eskatu zituen. Amets handien ameslari beti gure gizona. Baina halako libururik ez eta, bi liburu ekarri zizkioten: bata, Kristoren bizitza (Vita Christi) eta, bestea, santuen bizitza (Flos Sanctorum). Zerbait egin behar eta, denbora-pasa, haiek irakurtzeari ekin zion. Txikitatik barnean zuen suak su-egur ona aurkitu zuen liburu haietan ere. «Domingo santuak hau egin bazuen, zergatik ez nik gauza bera?» «Zergatik ez nik Asisko Frantziskok egin zuena?» Ignaziok umetatik bizi zuen oilarkeria beste norabide bat hartzen hasia zen.
San Agustinen kasuan Anbrosio santuaren homilia eta Erromatarrei egindako gutuna bezala, Ignazioren kasuan bi liburu haiek sugar handia eraginez zihoazen. Ametsa ametsaren gain Ignazioren bihotzean. Gaixotu aurretik amesten zuen dama handia ez bezalako batek harrapatu zion bihotz-muina. Jesus bizi izan zen Lurraldera joateko asmoak.
Joana zen Ignaziorentzat, Errege Tenporala eta Errege Eternoa bereizten ez zituen garaia. Jabetua zen: «pentsaera batzuek triste uzten zutela; beste batzuek alai»; geroago landuko zuen askotariko espiritua delakoaren hasiera zen. Etxeko guztiek nabaritu zuten Ignaziok jo zuen aldaketa: anaiak berak, iloba txikiek; baita, Ignazioren esanetan, «beti Jainkoari begirune zion» bere koinata Magdalena andreak ere.
Azkenean, 1522ko otsailean, artean oina bendatua zuela, bidaiari ekiteko moduan ikusi zuen bere burua. Ikusi eta erabaki. Anaia zaharrenak, Martinek, asmoa burutik kendu nahi izan zion. Ez alferrik! Gaztelako erregearen aginduz 1447an gandorra moztu zioten Loiolako Gotorlekua baino gogorragoa zuen Ignaziok bere asmoa.
Lehenengo jomuga Arantzazu izan zuen. Andre Mariarekiko debozioa familiatik zetorkion Ignaziori. Bere aurreko baten esaldia da hau: Andre Maria «izan dadila nire abokatu eta erregutzaile bere seme ederraren aurrean» (Lope García de Lazcano 1441). Bestalde, Andre Mariaren irudia agertu izana 1469an ipintzen dute; puri-purian zegon, beraz, Arantzazu garai hartan.
Bere asmo handia buruan zuela, Montserratera bidean zihoan Ignazio. Halako batean, mairu batekin topo egin zuen; mandoz bata eta mandoz bestea. Solasaldian, mairuak, zer botako? eta Andre Maria ez zela birjina gelditu. Ignaziok barrua irakiten. Antzeman zion mairuak, eta ihesari ema zion. Ignazio, berriz, bere buruari koldarkeria egotziz, mairua garbitu ez zuelako, Andre Mariari halako iraina egiteagatik.
Baina Jainkoaren esku utzi zuen Ignaziok azken erabakia; hurrengo bidegurutzean mandoak, bere gisa utzirik, mairuaren bidea hartzen bazuen, argi zukeen zer egin. Mandoak, ordea, beste bidea hartu zuen. Ignazio, artean, armagizona zen, bai kanpotik (ezpata etab.), bai bihotzez (iraina ezpataz erabaki behar zelako ustetan).
Montserrat beste etapa nabarmena izan zen Ignazioren konbertsio-ibilbidean. 1522ko martxoaren 22an iritsi zen. Andre Mariaren aurrean otoitz egin, bere barneko zoko-moko guztiak argian jarri eta aitortu. Bere ezpata utzi. Soinean zeramatzan jantzi dotoreak pobre bati eman eta harenak jantzi. Eta erromes-makila eskuan. Aldaketa handia, garrantzizkoa. Behin betiko utzi zuen ezpataren bidea, «sar ezazu ezpata bere zorroan» esan zuen Jesusen bidea era beteagoan hartzeko.
Montserratik Manresara. Pentsatu zuen, ospitale batean, soilik egun bakan batzuk egingo zituela. Bizi izandako esperientzia idatziz jarri nahi zuen, berekin zeraman liburuan. Baina norbait jarraika zuen Montserratetik; guztia, Ignazioren jantzi aberatsak zeramatzan eskale hark egia esaten ote zuen egiaztatzeko. Ignaziori malkoak atera zitzaizkion, eskaleari nola erasotzen zioten jakitean. «Neuk eman dizkiot neure jantziak», erantzun zion Ignaziok, begiak malkotan.
Ignazioren asmotako Manresako egun bakan haiek hamaika hilabete izan ziren. Baina aberatsa izan zen egonaldi luze hura, bai berarentzat, baina bertako jendearentzat: Manresan jarri zituen idatziz Gogo Jardunak liburuaren hasi-masiak. Manresan izan zuen bere bizitza guztian arnastuko zuen esperientzia bizia, Cardoner errekaren ondokoa. Bertako jendearentzat, berriz, hasieran, zakukiz jantzitako gizon zen Ignazio; gerora, gizon santu bihurtu zen, pobre, apal, jainkozale, pobreen laguntzaile.
Cardoner erreka ondoko esperientzia. Behin batean elizara zihoan. Atsedeteko, ibai ondoan eseri zen. Bat-batean, adimenaren begiak irekitzen hasi zitzaizkion. Uste izan zuen beste gizon bat zela, beste adimen bat zuela. Gauza guztiak beste modu batean ikusten zituen: denak berri. Iraganeko bere bizitza ere beste modu batean ikusten hasi zen. Beste bat zen Ignazio. Zahartzean ere, pasadizo hura bizi-bizi gogoratuko zuen.
Jainkoaren maitasuna modu distiratsuan ageri ohi da santuengan. Eskerrak , ene Jainko. Aintza zuri, ene Jauna. «Aleluia! Errege izaten hasia da Jauna, gure Jainko ahalguztiduna. Poztu gaitezen eta egin festa, eman diezaiogun aintza, heldu baitira Bildotsaren ezteiak. Apaindurik dago beraren emaztegaia: jantzi zoragarria eman diote, liho garbiz eta distiratsuz egina –lihoa, fededunen egintza onak dira–» (Ap 19,6-8).

Dionisio Amundarain