Loiolako San Ignazio (2015-07-31)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Loiolako Ignazio santuaren eguna ospatzen dugu. Antzinako kristauek, martirien heriotza-egunari JAIOTZA esaten zioten: zerurako jaio izena. Gauza bera esan genezake kristau guztien heriotza-egunaz ere. Beraz, Loiolako Ignazioren JAIOTZA ospatzen dugu.

Dakizuen bezala, Ignazioren lehen jaiotza Loiolan gertatu zen. 1491n. Garai hartako handikien familia zen Ignaziorena. Eta gaztaroa handikien giro horretan bizi zuen Ignaziok: lehenik Loiolan; gero, 16 urteko zenetik, Arevalon (Gaztelan); hurrena, Errioxan eta Iruñean; azkenik, Loiolan, Iruñean jasotako zaurietatik sendatzen.

Ignazioren gaztaroa ez zen izan ereduzkoa. Halere, jaso zuen nolabaiteko kristau-kutsu bat. Batez ere, Andre Mariarekiko debozioa. Oso lagungarria izango zuen gerora, bihotz-zokoan gordean eta ezkutuan zeraman geruza arin hori: sendatu, erdi konbertitu eta berehala, Arantzazura jo zuen; gero, Montserratera.

Alabaina, bihotz-zokoan zeraman hazi txiki hori ernetzeko bitarteko nagusiak, bi liburu izan ziren. Loiolan gaixo zegoela, bi liburu eman zizkioten: Jesusen bizitza eta santuen bizitza. Liburuen irakurketak eta txikitatik gordea zuen Andre Mariaganako debozioak ore bizi bat gauzatu zuten Ignazioren bihotzean.

Zergatik ez egin nik Asisko Frantzisko santuak egiten zituen egintzat?, zergatik ez egin nik Guzmango Domingo santuak egiten zituen egintzak?, hasi zitzaion galdezka bere buruari.

Baina, asmo handia eta guzti, konturatu zen ahula zela bera. Eta Andre Mariagan jo zuen, laguntza bila. Jesusen bizitza irakurtzean ere, irakurria zuen gaurko ebanjelioko galdera hura: «Zertako du gizakiak mundu guztia irabazteak, bere burua galtzen eta hondatzen badu?» (Lukas 9,25).

Hala, sendatu orduko, asmo handia hartu zuen: Jesus bizi izango lurraldera joango zen. Esana dudanez, lehenik eta behin Arantzazuko Andre Mariagana jo zuen. Segidan, Errioxatik igaroz, Montserrateko Andre Mariagana.

Erabaki sendo eta zorrotza hartu eta bete zuen Montserraten. Artean berekin zeraman handiki-kutsuko guztiari uko egin zion: bere armak utzi, bere jantziak eskale bati eman, eta berak eskale-jantzia hartu. Montserraten egonalditxo bat egin ondoren, Manresara joan zen. Han, sekulako esperientzia izan zuen: Jainko biziaren esperientzia. Ignazioren bizitza guztia markatuko zuena; bere buruaz esango du, beste gizon bat ikusten zuela, beste adimen bat, beste gogo bat. Dena modu berri batean ikusten hasi zen.

Gaztetan mundu guztia nola bere egingo ibili zen Ignazio hura, mundu guztia Jesusen zerbitzura nola jarriko hasi zen pentsatzen. Eta pentsamendu hura izango zuen gidari bere bizitza guztian.

Lagunduko ahal digu Ignaziok: bai, gizakiaren bizitzarako, txikitan jainkozko hazi txikia bihotzean itsasteak duen inportantzia ikusten, bai besteen bizitza nolakoa izan den jakiteko bideak egiten, bai zeruko Amarengana maitasunez jotzen, bai bihotzean ari zaigun Jesusen Espirituari belarriak irekitzen. Ignaziok bezala, egin dezagula guztia Jainkoaren aintzarik handienerako.

Dionisio Amundarain