LITURGIA
1. «ZARATARIK» EZ
Gure ospakizunetan, bada halako zarata-mota bat «lehen mailakoa» edo egoera gordinekoa dei genezakeena: neguko eztulak, umeen negarrak, karranka egiten duten mikrofonoak edota berandu samar iritsitako zenbait emakumeren takoi-hotsa…
Zarata-genero horren barruan, badira batzuk «ongarritzat» ere har ditzakegunak, bakea elkarri emateko unean sortzen dena adibidez: eliz batzarra, hain serio eta hieratikoa, erlaxatzen denean, banku berean dauden herritarrek elkarri begietara begiratzen diote eta halako sakoneko murmurio bat sortzen da elkarri eskua ematean edota elkar besarkatzean («mezatako jolasaldia», katekesiko neskato baten hitz xaloz esanda). Tonu horretan, kantari bakarlariaren «oilar-soinuak» edota organo-jotzailearen hutsegiteak, behar bezalako umorez harturik, ez dute zertan eragozpen edo traba izanik, baizik giroa zerbait lasaitu eta batzarrari gizatasun handiagoko ingurumena sortzen laguntzeko baliabide dira, beti ere garai bateko filosofoaren aholkua jarraituz: «Akats orori atera bere etekina» (L. Wittgenstein).
Baina bada, ordea, «bigarren mailako» beste zarata bat ere; zentzu teknikoan hitz eginda, gaur egun hedabideetan oso arrunta. «Zarata» («noise»), kasu honetan, komunikazioa oztopatu eta noranzko zirkulazioa eragozten duen gauza oro da. Gai honetan adituek bereizi egiten dituzte, aldi berean, sintaxi-zarata, semantika-zarata eta pragmatika-zarata (A. de Benito, Diccionario de las ciencias y técnicas de comunicación, Madril 1991, 762-763 or.). Teoria horrek xeheki adierazitakoak, gure ospakizunei aplikaturik, ondoren datorrena bezalako gogoetak iradoki liezazkiguke:
«Zarata» gertatzen dira hitzaldiak, prestatu gabeak direnean, zentzugabeak, gutxi gorabeherakoak, mezu eta hizkera anakronikodunak direnean. «Zarata» dira alfer-alferrikako oharpenak edo oharrak, bistako gauzen errepika direnak, jada jakina eta birjakina den gauza errepikatzen dutenak. «Zarata» da ospakizun-buruak zalantzaz beterik eta batzuetan gozakaitz «kantatutako» prefazioa, aldarrikatu nahi duen hitz bera ere alferrik galtzen duena. «Zarata» dira abesbatzek beren «luzimenduaren» bila egindako jarduerak; beren burua zerbitzatzen baitute eta ez liturgia, eta gainera ospakizunaren barne-dinamika bera ere hautsi egiten baitute. Mota horretako «zaraten» adibideak erraz biderka litezke irudimen-ahalegin handirik egin gabe.
«Zarata» ekiditea edo saihestea, ospakizun orotan ere, aldez aurretiko edo hasierako unea da, zorua garbitzeko egintza beraren kidekoa («removens prohibens» esango zuketen zorroztasun handiagoz eskolastikoek); gero ostera ospakizun-egintza bera esanahiz betetzeko eta horrela liturgiak han bildutako sinestunei esanguratsua den zerbait «adieraz» diezaien lortzeko; eta buruei behar adina mintzatuta gero, bihotzak ere mugitu ahal izateko. (Euskaraz: Andoni Sarriegi)
2. ARRAZOIAREN BIDEA ETA BIHOTZAREN BIDEA
Edozein garai eta lekutan ere, bada jendea, irakurtzeko eta idazteko gai ez izanik, pentsatzeko eta, zer esanik ez, sentitzeko oso gai dena. Oso ikuspegi desberdinak azaltzen dira liturgia aztertzeko garaian: Arrazoizkoa/hunkigarria bikotearen ikuspegia oso gako interesgarria iruditzen zaigu, gaur egungo gure ospakizunez gogoeta egiteko.
Arrazoizko elikagaia, «logos a», eskas samarra izan zen Vatikano II.aren aurreko mende luzeetan; latinez egin eta gaia, modua eta «ex opere operato»-a ziurtatzeko kezka zuten liturgia hartan. Baina dirudienez, horrez gainera, hunkipena ez zen larre guritako bazka ugaria; hori baieztatzeko nahikoa da, garai hartan berean erlijiotasun herrikoiak sorrarazi zituen mila adierazpen-modu gogora ekartzea; hain zuzen ere, proposaturiko liturgia ofizialean sumatutako gabeziak estaltzeko asmoz sortuak. Erlijiotasun herrikoia, hain zuzen ere, «jakin eta ezagutzen dutenena baino areago, sentitzen eta ikusten dutenen adierazpena da» (M. Meslin).
1960. hamarkadako lehen urteetan, Vatikano II.aren berrikuntzak ahalegin handia egin zuen eliztarren burmuina hornitzen: «Hitza» berreskuratu zuen. Herri-hizkuntzak sartzeari esker, hitza, bere adierazpide desberdinetan (bibli irakurketak, kantu berriak, hitzaldia, oharpenak…), presente bilakatu zen liturgian eta «ulertzearen bila dabilen fedea» indartzen ahalegindu zen, hau da, sinestunen fedearen arrazoiaren bidea indartzen. Baina ez zen denbora asko igaro erantzuna iritsi arte. 1970. hamarkadaren erdi aldetik aurrera, eliz giro batzuetan behintzat, egindako berrikuntza hotzegia, arrazoizkoegia eta burutsuegia zenaren iritzia sortuz joan zen. Horren parean, talde txikien liturgian, hunkipenak, bihotzaren bideak, izan duen sarbide indartsua bizi izan dugu, eta parrokia batek baino gehiagok abian jarri ditu ostera duela ez asko zaharkitutzat emandako prozesioak eta beste jaiera-agerpen batzuk.
Gaur egungo sinestuna, aldi berean kritikoa eta sineskorra den kulturan murgildurik bizi da; egunero-egunero kontsumitzen dituen kultura-jeneroak «susmoaren maisuen» lorratzek markaturik daude; baina, aldi berean, giro horretan bizi den norberekoikeriaren fruitu gisa batez ere, badago halako «sentimenduen basamortu» bat, sekta eta «aldi berrietako» antolamenduen irakinaldi anbiguoak elikatzeko aparta dena. Gure eliztarrak ezin dira garaian garaiko baldintza orokorretan partaide izan gabe gelditu, eta, ziur aski, liturgian, bi ahotan sentitzen dute gosea. Arrazoizkoa eta hunkipenezkoa izatearen arteko tentsio-maila bat osasun-seinaletzat eta normaltasuntzat ere har daiteke liturgia-bizitzan; baita arrazoizko arloak nahiz hunkipenezkoak indar apur batez nabarmentzea ere, unea, lekua eta liturgia-elkarte bakoitzaren berezko izaera kontuan harturik. (Euskaraz: Andoni Sarriegik)
3.- JENDEA LITURGIAN ALFABETATU
Ez dugu eskubiderik «masokista» izateko. Elizaren bizitzari gutxieneko historia-ikuspegiz begiratzen badiogu, zintzotasun osoz aitortu beharrean gaude, azken hamarkadetan izugarrizko aurrerapenak egin direla liturgiaren munduan. Baina, berehala esan behar da halaber oraindik ere zeregin asko dugula egiteko. Eginkizun ditugun xedeen artean, funtsezkoa eta hasierakoa den bat aipatu nahi dugu: jendea liturgian alfabetatzea. Adierazpen horrekin, liturgiako oinarrizko gaietan hasiera-mailako katekesiaren beharra aipatu nahi dugu. Horren inguruan, artzain askoren «lilura» edo ilusio faltsu bat egon liteke oraindik; alegia, kristau-herriak kristau-hastapenaren eta liturgiako keinuen eta sinboloen maila baduela uste izatea, kontuan izan gabe, herri horrek ez duela sekula izan horrelakoak bereganatzeko aukerarik.
Erlijio-gaietan belaunaldi gazteek duten kultura-gabezia handia, Europako gure ingurune honetan, asko kezkatzen gaituen konstatazioa da, eta ez Eliza katolikoan bakarrik. Hari beretik, izugarrizko «ozono-zuloa» dagoela nabari da kristau-familietan, eta, kasu askotan, kristau-ondarea eta kristautasunaren keinurik soilenak transmititzeko familiak duen ezgaitasuna nabarmen ari da agertzen. Bakarren batek esana du umore gazi-gozoz, gaurko umeek «gurutze santuaren» egiten ez dutela amaren magalean ikasten, baizik telebistaren pantailan, futboleko jokalariak partida jokatzera futbol-zelaira irteten direnean edota penaltiren bat jaurtitzea suertatzen zaienean…ikusita.
Oinarrizko ezjakintasun-arazo hau, liturgia-giro berean ere nabarmen antzematen dugu, eta, gazteen belaunaldiei bezala erasaten die helduenei ere. Pastoral-esperientziak erakusten digunez, liturgia-arloko oinarrizko errealitateak (igandeko mezaren eta hitzaren liturgiaren irudikapen orokorra eta bi horien osagaietako bakoitzaren esanahia, eukaristia-otoitzaren barne-egitura eta barne-balioak, «gure aitaren» delakoaren zentzua eta ospakizunaren hasierako eta amaierako Hirutasunaren seinalea bera) landugabeko lur dira; maizegi, eliztar xumeen ulermenetik kanpo gelditzen diren datuak dira eta, areago, baita katekista askoren ulermenetik kanpo ere. Hori guztia, ahots ozenez, jendea liturgian alfabetatu beharraren premia eskatzen ari da.
Beste garai batzuetako oroitzapen galdekatzaile edo interpelatzailea gelditzen zaigu. Gaur egun, zer pentsatua eman behar digu Anbrosioren, Agustinen edo Joan Krisostomoren mailako artzainak (gotzainak, apezpikuak) beren ohiko hitzaldietan behin eta berriz oinarrizko gai liturgikoetara nola jaisten diren ikusteak, «amen» erantzunaren edo «aleluia» goraipamenaren zentzua azaltzen edota pazkoaldian zutik otoitz egiteak duen esanahia adierazten edo liturgian elkarrekin abesteak zer esan nahi duen jarduten ikusteak… Egia gordina zera da, kristau-herriari liturgiako hastapenak ikasteko biderik jartzen ez bazaio, nekez gauzatuko dela (nahi litzatekeen legez) liturgia-bidezko fede-hezkuntzarik. (Euskaraz: Andoni Sarriegik).