. URTEKO HOGEI TA BEDERATZIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Erresumak, Jainkoaren eskuetan )

Izai profetaren liburutik 45,1.4-6
1 Huna zer dion Jaunak Ziro erregeari,
berak sagaratu eta eskutik hartu duenari,
herriak haren menpean ezartzeko
eta erregeeri soinetik armak kentzeko,
ateak haren aitzinean zabaltzeko, bat ere ez baita hetsirik geldituko.
4 “ Jakob nere zerbitzariarengatik, Izrael nere hautetsiarengatik,
zure izenaz deitu zaitut, eta ohorez bete,
zuk ni ezagutzen ez ninduzularik.
5 Ni naiz Jauna, eta ez da besterik:
ez da Jainkorik ni baizik.
6 Nik indartsu egin zaitut, zuk ezagutzen ez ninduzula,
ekialdetik mendebalderaino jakin dezaten
ez dela nehor nitaz besterik.”

Horra orai Izraego profeta batek zer derasan : Iraneko errege bat Mesias dela !
Izaik lerro hauek idatzi zituelarik, herria desterratua zen Babilonerat 50 bat urte hartan.
Nabukodonosor-en armadak Jerusaleme xehatua zuen J.K. aitzineko 587an. Eta horra Persiako errege Cyrus
Babiloniaren kontrako gerlaren irabazten ari dela. Berri ona Izraeldarrentzat. Cyrusek fama ona du : presoak
askatzen ditu eta beren herrietarat igortzen.
Izaik dio Jainkoak Cyrus “sagaratu eta eskutik hartu” duela. Cyrus Jainkoaren eskua da. Jainkoak du
bere herria libratzen Cyrusen bidez, ez baitu bere herria ahanzten. Izaik Cyrus laudatzen badu, ez du den
baino gorago ezartzen. Izraelen Jainkoaz besterik ez da : “Ni naiz Jauna, eta ez da besterik : ez da Jainkorik
ni baizik.”
Izairen lerro hauek ez dira beraz Cyrusen goresteko idatziak, baizik Jainkoa Jainko dela aitortzeko,
bere herriaren egiazko libratzailea, eta Cyrus haren esku-makila. Beraz zuek, Israeldar presoak, gora bihotza,
har kuraia !
Eta hala gertatu zen : 539an Cyrusek Babilona hartu zuen eta juduak berehala libratu, Jerusalemerat
joan ziten beren ontasunekin.

Salmoa 95

Leloa: Ekar Jaunari, kantuz ekar, herri guziek, ospe indar!

Hura goraipa herriz herri, Eman lurrez lur haren berri!
Handi dugu bai handi Jauna: Hari zor zaio goresmena.
Jauna ditaken handiena, Zerua Jaunak du egina.
Ekar Jaunari, kantuz ekar, Herri guziek ospe, indar.
Jaunak izena hain du azkar, Zor goresmenak kantuz ekar.
Sar haren baitan ahuspeka. Mundu guzia has oihuka:
Jainko da Jauna, ezin uka. Herriak zuzen derabilzka.

Salmo hau amets eder bat da : munduaren azkenetarat geramatza. Munduko herri guziek Izraelen
Jainkoa beren Jainkotzat hartu dute. Herri eta arraza guziak Jerusalemeko tenplorat bildu dira. Jende oste
hori Jainkoaren goresten ari da. Zer kantatzen du ? “Jainkoa da Jauna !” Oihu bat bazter guziak
dardararazten dituena, ederra baino ederragoa, sekula entzun ez dena.
Salmo hau osorik ezarria balitz hemen, hau ere irakur ginezake : ez bakarrik munduko herri guziek,
bainan ere izadi guziak egiten du kantu eta irrintzin, bakotxak bere gisan : itsasoak orro, zuhaitzek dantza…
Eta zergatik hori guzia ? Berri Ona oihukatua izan baita mendez mende, munduaren azken
mugetaraino : Izraelek oihukatu du Jainkoa bakarra dela, libratzailea, maitekorra. Hori da Izraelen mixterioa
: hazia han bota du Jainkoak, eta uzta mundu guzian egiten da.

Bigarren irakurgaia

( Elkartearen fedea, esperantza eta karitatea )

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1,1-5

1 Paulo, Zilbano eta Timoteok
Jainko Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren baitan dagon
Tezalonikako eliz elkarteari izkiriatzen diogu:
Grazia eta bakea zueri.
2 Eskerrak emaiten diozkagu beti Jainkoari zuen guziengatik,
gure otoitzetan gogoan zaituztegula.
3 Jainko gure Aitaren aitzinean geldigabe gogoan ditugu
zuen fede aria, zuen maitasun entseatua,
eta Jesu Kristo gure Jaunaren baitan duzuen esperantza iraunkorra.
4 Badakigu, haurrideak, Jainkoaren maiteak,
harek hautatu zaituztela.
5 Alabainan, hots egin dautzuegun Ebanjelioa
ez zaitzue ele hutsez eman,
bainan Izpiritu Sainduaren indar beteaz, segurtamen osoz.

Hau da giristinoen lehen idazlana, gutaraino heldu dena! Testamendu Berria liburua idekitzen
dugularik, hastean Ebanjelioak ikusteari hain gira jarriak nun ahanzten baitugu Pauloren gutunak lehenago
idatziak izan direla. Jesus piztu eta doi doia hogoi bat urte geroagokoa da gutun hau. Giristino predikuen
lehen fede-aitorpenak ditugu beraz hemen. Jesu Kristoren harrigarriko misterioaren aurkikuntza hemen da
lehen aldikotz agertzentzen. Guti gora behera J.K. ondoko 50a da, eta Ebanjelioa jadanik Jerusalemetik
urrun hedatua. Tesalonika Europan da, Grezia iparraldean, Mazedonia deitu eskualdean, bainan horrat heldu
aitzin, Paulok taldeak sortarazi ditu hegoaldean, barnekaldean, eta Turkia mendebaleko itsas-hegian.
Gauzak nola iragan ziren, Apostoluen Egintzetarik badakigu. Paulo Turkia mendebaleko itsas-hegi
aldean zen. Hara nun, gau batez, ikuspen batean ukaiten duen Mazedoniar baten galdea heien ganat joaiteko
: « Zato Mazedoniarat eta lagunt gaitzazu. » Eta Luk han baitzen, huna zer dion: « Paulok ikuspen hau ukan
eta berehala, Mazedoniarat joan nahiz hasi ginen, Jainkoak heieri berri onaren mezutzera deitzen
gintuelakoan. » (Eg 16,10) Huna beraz gure misionestak, (Paulo, Luk eta Silas) greziako itsas hegian. Filipe
hirian lehen trikaldia. Hastapenean sekulako ongi etorria egin zioten, bainan laster ororen lasaitasuna
nahasten zutela akusatuak izan ziren, makilaztatuak eta presondegirat botatuak. Lur ikara bat gertatu zen,
eta askatuak izan ziren. Hiri hartarik lehen bai lehen urruntzeko manatu zioten hango buruzagiek.
Handik joan ziren Tesalonikarat. Haratu orduko, larunbat goizez, hiru astez, Paulo judueri mintzatu
zitzaioten sinagogan. Apostoluen Egintzen arabera, predikuaren gaia beti berdina zuen: « Liburu Sainduak
oinarri harturik, Mesiasek sofritu eta hiletarik piztu behar zuela erakusten eta frogatzen zuen. Erraiten
zioten: « Nik mezutzen dauzuetan Jesus hori da Mesias. » Eta testoak dio: « Judu zenbaitek sinetsi zuten…
Israelen Jainkoa adoratzen zuten greziar ainitzek eta emazte handikietarik multzo batek. » (Eg 17,3-4)
Bainan, usu bezala, Paulok ez du bakarrik karra sortarazi. Egintzen arabera « Juduek, bekaizgoz,
alfer-gaixto batzu bildu zituzten eta, jendea kalapita egitera berotuz, hiria nahasi zuten. » (Eg 17,5) Orduan
Paulo eta Silas hiritik ateratu ziren. Talde sortu berri hori Paulok sobera laster utzi zuen eta kexu zen. Egun
irakurtzen dugun gutun hau, Silas eta Timoteok Mazedoniatik ekarri berri onen ondotik idazten du Paulok .
Gutun hunen hastapen airosa, lasaitasunarena da kezkaren ondotik.

« Paulo, Zilbano eta Timoteok, Jainko Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren baitan dagon Tesalonikako
eliz elkarteari izkiriatzen diogu: Grazia eta bakea zueri. Eskerrak emaiten diozkagu beti Jainkoari zuen
guziengatik. » Hastapenetik, agur ospetsu hunek harritzen du: eliz elkarte hori ttiki ttikia da eta haundizki
deitzen du « Jainko Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren baitan dagon Tesalonikako eliz elkartea ». Jondoni
Pauloren errespetu handia eliz elkarteentzat, izanik ere ttikiak, ohikoa da haren gutunetan, ez badu ere
konplimendua bakarrik erraiteko. Okerrak eta itzalak ukanik ere, Jainkoaren grazia berekin dute eta hori du
Paulok heien baitan lehenik ikusten: « Badakigu, haurrideak, Jainkoaren maiteak, harek hautatu zaituztela.
Alabainan, hots egin dautzuegun Ebanjelioa ez zaitzue ele hutsez eman, bainan Izpiritu Sainduaren indar
beteaz, segurtamen osoz. »
Lerro horiek eduki teologiko handia badute. Hiru ideia bederen badira.
– Lehenik testo hunek trinitatea aitortzen du; trinitate hitza ez da oraino erabilia -berantago
asmatuko da- bainan Jesus « Jauna » izendatua da eta titulu hori Jainkoari bakarrik lotua zen Testamendu
Zaharrean, eta hemen esker ona hiru presuneri zuzendua da : « Geldigabe gogoan ditugu zuen fede aria,
zuen maitasun entseatua, eta Jesu Kristo gure Jaunaren baitan duzuen esperantza iraunkorra … alabainan
hots egin dautzuegun Ebanjelioa ez zaitzue ele hutsez eman, bainan Izpiritu Sainduaren indar beteaz,
segurtamen osoz. »
– Izpiritu Sainduak ditu fededunak goiargitzen eta heien egintzak sustatzen. Hemen ditugu hiru
bertute nagusiak : fedea, ekintzara deramana; esperantza, sendotasunaren seinale; elkarren laguntza edo
karitate entseatua.
– Paulok du predikatzen, bainan badaki Izpiritu Sainduak duela goiargitzen. Biblia osoan bezala
Jainkoaren misterioak hemen aurkitzen dira. Tesalonikako bere haurrideeri Paulok dio: « Badakigu,
haurrideak, Jainkoaren maiteak, harek hautatu zaituztela. » Eta Jesusek berak zion bere dizipulueri: « ez
nauzue zuek hautatu, nik zaituztet hautatu. » Gauza bera Moisek leinuak askatasunaz jabetzera ereman
zituelarik: « Jaunak atsegin ukan eta hautatu bazaituzte, maite zaituztelakotz da eta zuen arbasoeri eman
hitza atxiki nahi ukan duelakotz. » (Dt 7,7-8) Dena opari delako aitormena. Fededunak, (izan daitezen Izrael,
Jesusen dizipuluak edo Tesalonikarrak) Hitzari idekiak agertzen direlarik eta beren burua aldatzerat uzten,
Izpiritu Sainduaren lana da.

Ebanjelioa

Alleluia, Alleluia

Bihur Jaunari, Jainko semeek, zor eskerrak,
Bihur bai ospe bai indar,
Bihur Jaunari haren izenaren goresmenak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 22, 15-21

15 Farisauek elkar aditu zuten, Jesus nola bere eleetan harrapa.
16 Beren dizipuluak igortzen diozkate,
Herodesen alderdikoekin, erraitera:
“ Irakasle jauna, badakigu egia diozula,
eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula,
nehoren axolarik gabe, ez baitiozu jendearen itxurari behatzen.
17 Erraguzu, bada, zer zaitzun:
haizu ote da enperadoreari zergaren ordaintzea, ala ez? ”
18 Bainan Jesusek, heien maltzurkeriaren berri baitzakien,
ihardetsi zioten:
“ Zergatik nahi nauzue hutsean atzeman, faltsuak?
19 Ea, erakuts zerga-dirua.”
Ekarri zioten denario bat.
20 Jesusek erran zioten:
“ Norenak dira itxura eta izena?”
21 Heiek ihardetsi: “ Zezar enperadorearenak.”
Jesusek, orduan:
“ Itzul, beraz, Zezarrena Zezarri, eta Jainkoarena Jainkoari.”

« Haizu ote da enperadoreari zergaren ordaintzea? » « Faltsuak » dio Jesusek galdegileari.
« Faltsuak », zeren farisauen galdea ez baita galdea. Hola mintzatzeko Jesusek arrazoinak baditu: lehenik,
galde horri berak erantzuna aspaldian emana diote. Jerusalemen ez daiteke bertzela egin, nun ez duten beren
burua legez kanpo ezarri nahi. Enperadoreari zerga ordaintzen diote, eta Jesusek ez du bertzerik erraiten.
Bainan « faltsu » ere, ez baitira jakin nahiz ari, bainan bai maltzurkeriaz. Matiuk garbiki erraiten du,
eta ere finkatzen: « Farisauek elkar aditu zuten, Jesus nola bere eleetan harrapa » eta heien lehen hitzek
Jesusen alde, adeitasunez faltsuki apainduek, gehiago erakusten dute: « Erakasle Jauna, badakigu egia
diozula eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula, nehoren axolarik gabe, ez baitiozu jendearen
itxurari behatzen. » Hoinbertze grazia aitzin solasetan, sareak hobeki hedatzeko! Jesusek, iduriz, ez du
aterabiderik. Bietarik bat: edo Erromanoen alderako zerga ez ordaintzera bultzatzen ditu bere herritarrak, eta
orduan agintarieri errexki salatuko dute eta kondenatua izanen da. Edo zerga ordaintzea aholkatzen diete, eta
bere herritarren begietan erromanotiar bat izanen da, nihundik ere ez igurikatzen duten Mesias, Izraelgo
tronuan jarriko den erregea.
Sarea ongi hetsia da. Gisa guziz, galdua da eta hori da beharrezkoa: hiltzea du merezi. Azken egunak
ditu Jerusalemen. Bere erantzunean, Jesusek arras ongi ulertu duela erakusten du: « Zergatik nahi nauzue
hutsean atxeman, faltsuak ?» Ez da petzero. Bizkitartean, bere solaskideak ez ditu trabatu nahi. Jesusek ez
du sekulan norbaiten trabatzea bilatu edo maltzurkeriaz norbait atxeman nahi izan.
Gainerat, kontrakoek erran diozkaten konplimendu guziak, trufatzeko, osoki egiak dira : « Irakasle
Jauna, badakigu egia diozula, eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula, nehoren axolarik gabe,
ez baitiozu jendearen itxurari behatzen. » Hain segur, xuxen eta merezituak diren konplimendu horiek,
ebanjelistak pozik errepikatzen ditu hemen.
Jesusek ez du beraz maltzurkeriari bertze maltzurkeria batez erantzuten. Galdea galde bat bezala
hartzen du eta zinez ihardesten. Hiru pondutan erantzuten du : « Itzul Zezarrena Zezarri » ; itzul Zezarri
bakarrik Zezarrena ; « Itzul Jainkoarena Jainkoari. »
1) « Itzul Zezarrena Zezarri. » Zezarrek du boterea, bertzerik ez. Ez da hor uztarpeko menpekotasunik.
Testamendu Zaharreko ikus moldean, botere guzia Jainkoaren ganik dela pentsatzen da. Jesusek berak,
Pasione denboran, Pilatusi erranen dio: « Ez zinuke nere kontra eskurik batere, Jainkoak eman ez
balauzu » (Jn 19,11). Bertzalde, (Izaik dion bezala lehen irakurgaian) Ziro erregea aipatuz, Jainkoak
edozoin erregetza bere populuaren onerat itzultzen ahal du
2) « Itzul Zezarri Zezarrena » bakarrik : Zezarrek, (erran nahi baita Erromako enperadoreak) zerga
eskatzen duelarik, bere dretxoan da. Bainan hura « Jainko Jaun » deitzea eta jaurestea eskatzen
duelarik, hori idolatria da ; hor ez da amor emaiterik. Egiazki hola zen Matiuren denboran eta martir
ainitz Erromako enperadorea ez jauresteagatik hil ziren.
3) « Itzul Jainkoarena Jainkoari. » Dena hortan da: Jainkoarena Jainkoari. Segur zarete hori egiten
duzuela ? Sinesten duzue Jesus Jainkoaren ganik eta Jainkoarena dela ?
Jesusek ez du hemen botere politikoaren teoria bat ezarri, ez da hortaz mintzo. Ebanjelio hunek
askatasunezko erakaspen ederra dauku emaiten. Zezar Zezar da, bertzerik ez; lur huntako erregeak
erregetxoak baizik ez dira. Beren erregetasuna iragankorra da eta Jainkoarena arras bertzelakoa.