Senideok, atzo hartu nuen Joseren heriotzaren berri. Harridura handia eragin zidan. Baina, pentsatzen hasi orduko, Salmo bateko hitz hauek etorri zitzaizkidan burura eta bihotzera: «Jauna, zure argian ikusten dugu argia».
Bai, erraza da hori esatea. Baina beste bat da hori sentitzea. Beti izan ohi da norbaiten heriotza pena ematekoa. Triste jartzekoa. Halere, egia esan behar badut, ZARTAKO handia hartu dut Joseren heriotzarekin. Pentsatzen dut, beste askorentzat ez dela izango txikiagoa.
Baina, beti bezala, aurrera egin beharra dago. Ez dut esango denborarekin ahaztuko zaigula ZARTAKO hau. Ez da irtenbide ona izaten, denborak konpondu zain egotea. Beste zerbait behar dugu buruan, joan zaigun pertsona bat dela-eta; bai pertsona bezala, bai kristau bezala.
4 urtera dira Joseri ama joan zitzaiola; nire uste sendorako, zeruko Aitaren altzora. Ama zaintzen eman zituen Josek bere gaztaroko urterik alaienak. Pozik eta gustura eman ere.
Gaur, Jose, inori lanik eman gabe joan zaigu, amaren ondora. Baina hemen utzi gaituen askoren garrasia da, nik uste:
–Zergatik joan haiz, Jose?
–Zergatik hain gazte?
–Zergatik hain sasoiko?
Ez da esplikaziorik. Ez da argituko digunik. Bakar-bakarrik, pertsona bakar bati begira gelditu gabe, Joseri bakarrik begira gelditu gabe, ikuspegi edo horizonte zabalago bat hartzea gelditzen zaigu. Hala uste dut.
Sabin Intxaurraga politiko ezaguna hil zenean, Gonzal Mendibilek hitz hauek zuzendu zizkion hildakoari: «Zeuk esan zenidan, bizitzak bere neurriak dauzkala eta gure nahierak neurtu behar ditugula, mugatuegiak garelako hemen»
Bai. Hala da. Mugatuak gara. Jaiotzak heriotza zor du, dio esaera zahar batek ere.
Alabaina, ez gara hiltzeko jaio. Bizitzeko jaio gara: mundu honetan era batean, beste munduan beste era batean.
Mugatuak izate horren aurrean, bai egokiak Joan Mari Lekuona olerkariaren hitz hauek:
«Lo hartzen dudanean
eta ez esnatzeko…
Milla galdera datoz burura
orratz sastada antzeko.
Bañan biotza beti prest dago
datorrenari heltzeko» (Joan Mari Lekuona).
Jaiotzak heriotza zor du esatean, ez dugu jartzen geure burua patuaren, zoriaren, destinoaren eskuetan. Jesu Kristo berpiztu zuenaren eskuetan jarria dugu geure burua.
Jainkoak, Jose, ez zaitu eskutik utzi. Jainkoak ez du inor abandonatzen. Zenbat eta ahulago edo mugatuago izan, orduak eta hurbilago da Jainkoa.
Ez, Jainkoak ez zaitu utzi. Guk ere ez. Heriotzan, ez zaitugu bakarrik utzi nahi. Horregatik bildu gara gaur zure inguruan. Aldarearen inguruan. Zure heriotza hizketan ari zaigu, hitz egiten. Hutsune bat utzi diguzu. Baina badakigu, horrelako hutsunea Jainkoak bakarrik bete dezakeela. Halere, Jainkoaren lagun izan nahi dugu hutsune hori betetzen: Jainkoaren esku, aho, bihotz…
Zure heriotza, bestalde, Jesusen heriotzarekin bat egin duzulako, esperantzaz mintzo zaigu. Jainkoaren errukian hil zara. Jainkoaren errukian hilko gara guztiok. Haren eskuetan uzten zaitugu. Aitaren altzoan, Aitaren etxean uzten zaitugu.
Goza dezazula, Altzon, zeure herrian, bihotz osoaz zaindu zenuen zeure amaren ondoan. Goza dezazula Jesusen eta gizon-emakume guztion zeruko Amaren ondoan. Har zaitzala Jesus maiteak lepoan, Aitagana eramateko.