JAUNAREN BATAIOA B 2015-01-11

SARRERA

Senideok, Jaunaren Bataioa ospatzen dugu gaur, baita geure bataioa ere.
Jesusen Bataioaren kontakizuna hiru ebanjelio sinoptikoetan dator: Mateo, Markos eta Lukas. Joan ebanjelariak, berriz, zorrotz esaten digu: «Neuk ikusi dut Espiritua zerutik Jesusen gainera jaisten uso-irudian» (Jn 1,32).
Oso inportantea da mezua. Jesusek bataioa hartu nahi izatea ez zen izan apaltasun-egintza bat, ezta antzerki bat ere gainerakoen aurrean; bere nortasunaren bila ibiltzean eragin zion: Zein da nire egitekoa, nire misioa?
Honek adierazten digu Jesus egiazko gizona izan zela. Eguberri jaiaren koroa-edo da gaurko jai hau: Jesus egiaz gizona dela azpimarratu nahi dugu, Jesusek bataioa hartu duela ospatzean.
Bataioaren esperientzian ikusi du Jesusek zeruko Aitak zer nahi duen beragandik. Gainera, egiaztatu du berekin duela Jainkoaren Espiritua. Guri dagokigunez, pasadizo honek adierazten digu, Espiritu bezala agertzen dela Jainkoa. Azken batean, jaiotze berriaz mintzo zaigu: uraren eta Espirituaren bidez jaiotzeaz. Horixe esango dio geroago Jesusek Nikodemori: «Haragitik datorrena, haragi da; Espiritutik datorrena, Espiritu». Hau da Jesusen helburua: guk geuk ere Espirituaren bidez jaiotzearen esperientzia izatea.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (55,1-11)

Gaurko pasartea aski luzea da. Laburtu dezagun dakarren mezua.
Isaiasen liburuak hiru zati ditu. Bigarren zatia, Babiloniako erbestean bizi direnei zuzendua da. Gaurko testu hau bigarren zatiko azkenetakoa da; Kristo aurreko laugarren mendean-edo idatzia.
Babiloniarren mendean bizi izandako bizitzaren aldean, oso bestelakoa izango den bizitza eskaintzen die profetak; gauzak goitik behera aldatu dituela Jainkoak. Oinarrizko gauzak asko izango dituztela iragartzen die profetak: ogia, ardoa, esnea; gainera, doan izango dituztela. Sinbolo bat da hori guztia; adierazi nahi du, Jainkoak elkartasun berria egingo duela zapalduekin.
Ondorengo zatian, Jainkoa leiala dela dio profetak; zintzo eutsiko diola antzinakoei egindako promesari. Horrek berekin dakar hau: herriak entzuten jakin behar duela: «entzudazue, eta biziko zarete».

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen lehen gunetik (5,1-9)

Joanek kristau-elkarte bat gidatzen zuen; baina halako batean konturatu zen elkarte horretan ez zela dena urre gorria; Ebanjelioaren aurkako jarrera bat ere bazela. Eta azkenean banatu egin zen elkartea. Banatze hori dela eta, Joanen lehen gutuna izeneko idazkian, egiazko kristau-fedea zer den argitu nahi du autoreak.
Gaurko zatiak hau diosku. Kristau-fedea ez da irakaspen-sail bat ezagutzea; kontua ez da Kredoa behin eta berriz esatea. Aitzitik, fedea ibilaldi bat da, prozesu bat, bizitzea da, eboluzioa da. Fede horretan osagai hauek bereizten ditu: maitatu, ezagutu, aginduak bete, jaio, garaitu. Egiazko fededunaren argazkia-edo da: maitatu eta aginduak bete. Egileak uste du, maitatzea eta ezagutzea sinestearen pareko direla; aginduak betetzea, berriz, Kristok bezala maitatzearen pareko dela. Azken batean, maitatzea da kristau-fedea. Maitatzea, ordea, ez Jainkoa bakarrik, baizik Jainkoa eta gizon-emakumeak. Bereizezinak dira biak.

EBANJELIOA san Markosen liburutik (1,6b-11)

Lehen kristauek Jesusen hiru agerpen edo epifania ospatzen zituzten Epifania egunean: Magoak etortzean agertu izana, Jesus Jordan ibaian bataiatzean agertu izana eta Kanako ezteietan Jesusek ura ardo bihurtzean agertu izana.
Bataiokoan, zerua urratu zen. Hitz hauek Isaiasen beste hitz hauek gogorarazten dizkigute: «Ai zerua urratuko eta jaitsiko bazina!» Izan ere, zerua itxia zen; mendeak ziren profetarik agertu ez zela juduen artean. Baina orain zerua ireki da; Jesus dela medio, zeruaren eta lurraren arteko komunikazioa posible egin da.
Nire Seme maitea zara zu. Maitatua zarela uste izatea da zuk zeuk maitatu ahal izateko oinarria. Jesusek bere Aitarekin izan zuen komunikazioa ez zen izan zentzu fisikoen bidez egina: ez begi fisikoez, ez esku fisikoez… Gu bezalaxe komunikatu ahal zen Aitarekin.
Alde horretatik, Jesusek ez du izan, beraz, inolako pribilegiorik. Soilik, kontenplatuz aurkitu zuen Jesusek zein eta zer den Jainkoa. Lukasek garbi dio: «eta otoitzean ari zela…».
Jesus benetako gizona zen. Beste gizon-emakumeok bezala bila ibili beharra izan zuen: Nor naiz ni?, zein da nire egitekoa munduan? Horregatik joan zen Joan Bataiatzaileagana. Bataioa hartu orduko, Espiritua hartu zuen. Hark erakutsi zion bere egitekoa, bere misioa zein zen.
Jesusengana datorren Espiritua Jainkoaren arnasa da, bizia sortzen duen arnasa, eraberritzen duen indarra eta bizidunak sendatzen dituena, guztia aldarazten duen maitasuna da.
Gu ere Espiritu gara. Eta geure betera iritsi nahi badugu, Espirituaren ahal guztiak garatu behar ditugu. Horrek esan nahi du, Jesusez esana den hura egin behar dugula geure bizitzan: «On eginez bizi izan zen eta deabruak zapalduak zituenak sendatuz, berekin baitzuen Jainkoa».

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: munduan Jesusen Espirituaren lekuko bizi-bizi eta haragitu izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bataiatuak izanik, han hartutako misioa edo egitekoa erdi bidean bertan behera utzi dutenentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobre, preso, gaixo eta gizarteak alde batera utziak dituenentzat: geure burua kristau jotzen dugunongan argi-printza bat barrunta dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Politiko, enpresario, finantzarioen alde: pobreengan Jesusen sakramentua ikusirik, bihotza zabal ireki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.