Trufania (Epifania) ondoko igandea
JESUSEN BATAIOA B
Lehen irakurgaia
( Huna ura, zatozte, biziko zirezte )
Izai profetaren liburutik 55,1-11
1 Egarri zirezten guziak zatozte, huna ura;
dirurik gabe ere, zatozte, eros eta goza,
zatozte arno eta esne erostera, dirurik gabe eta urririk.
2 Zergatik xahu dirua, hazten ez duten gauzetan,
zergatik ibil penatuak asetzen ez duten gauzen ondotik ?
Entzun nezazue, bada, eta jan gauza onetarik,
janari gozoenez aseko zirezte.
3 Adi zazue! Zatozte nereganat! Entzun eta biziko zirezte.
Betiko batasuna eginen dut zuekin,
Dabidi hitzeman nion maitasunaren finkatzeko.
4 Herrientzat lekuko egin nuen Dabid, herrialdeen gidari eta buru.
5 Eta zuk ezagutzen ez duzun herriari dei eginen diozu,
eta ezagutzen ez zaituen herria lasterka etorriko zaitzu,
Jauna zure Jainkoagatik,
ospez jantzi zaituen Izraelen Sainduagatik.
6 Bila zazue Jauna, aurki ditakeno, dei egiozue hurbil deno.
7 Utz beza gaixtoak bere bidea, eta gaixtaginak bere asmo tzarrak!
Itzul bedi Jaunarenganat, eta urrikalduko zaio.
Itzul bedi gure Jainkoaganat, nasaiki barkatzen baitu.
8 Zeren ene gogoetak ez baitira zuen gogoetak,
eta ene bideak ez baitira zuen bideak , dio Jaunak .
9 Zerua lurretik gora da; berdin gora ene bideak zuen bideetarik,
eta ene gogoetak zuen gogoetetarik.
10 Euria eta elurra zerutik jausten dira,
eta ez dira berriz harat itzultzen
lurra ureztatu eta ondu gabe, hazia hozitu gabe,
ereileari hazia eman dezon, eta jaleari ogia.
11 Berdin berdina ene ahotik ateratzen den hitza:
ez zait hutsik itzuliko, nik nahi dutana egin gabe,
bere egitekoa bete gabe.
Huna hemen Izairen bigarren Liburuaren azken kapitulua. Desterruaren bururatzea eta
Lur Hitzemanerat itzultzea aipatzen ditu buruan-buru, bere tituluaren arabera: « Izraelen
kontsolamenduaren liburua ».
Ainitzetan, erlisioneek beren iduriko Jainkoa asmatu zutela salatu dute filosofoek. Alta
badira urteak badakigula Jainkoa bertzelakoa dela. Isaiasek errepikatzen dauku: « Nere
gogoetak ez dira zuenak bezalakoak ez eta nere joka-moldea zuena bezalakoa. Nere jokamoldeetarik
zuenetarat eta nere gogoetetarik zuenetarat bada zerutik lurrerat bezainbat
bide. » Zertan da holako urruntasuna ? Izairen liburuaren arabera, Jainkoa urririk ari dela eta
gu kondatuz. Jainkoa opari eta barkamendu; gu karkula eta kondu. Gure merezimenduak
kondatzen ditugu. Jainkoak ez du merezimendurik bilatzen. « Utz beza gaixtoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo tzarrak. Itzul dadila Jaunarenganat, urrikalduko baitzaio; gure
Jainkoarenganat, guziz barkakorra baita…. nere gogoetak ez dira zuenak bezalakoak. »
Horrengatik du Izaik urririkako hori hainbertze aipatzen. « Egarri zirezten guziak,
zatozte urerat, zatozte, dirurik ez duzuenak ere! Galdegizue ogia eta jan urririk, har arnoa
eta esnea, ordaindu gabe. » Hainbertze publizitate ikusiz gure inguruan, urririk dena arrotz
zaiku. Zergatik ez onar dirurik gabe gaudela Jainkoaren aitzinean, Jainkoa gure bihotz idekiari
beha dagola. « Entzun nezazue eta biziko zirezte » dio Izaik?
Lerro hauetan Izai jende deskuraiatuari mintzo da. Babilonian, juduen bizia latza da
eta Jainkoak baztertu dituelako gogoetetan daude. Jainkoak bere ber utziko ote ditu ? Duda eta
ustekeria horieri uko egin behar zaiote, dio profetak; gogoeta gaixto eta makurrak dira. Ixilik
bada ere, Jainkoa ez da urrun.
Iduzkiaren lurraldean, lehen euriaren ondotik berehala loreak ateratzen diren
eskualdean, Izairen lerro hauek aski aipagarriak dira. « Euria eta elurra zerutik jausten dira,
eta ez dira berriz harat itzultzen lurra ureztatu eta ondu gabe, hazia hozitu gabe, ereileari
hazia eman diezon eta jaleari ogia.» Jainkoaren hitza berdin. Gure Jainkoa mintzo den
Jainko bat da, eta Haren Hitza eragile da. « Jainkoak erran zuen, eta hala izan zen. » (Has 1).
« Hala nago ni ere erne neure hitzaren betetzeko. » (Jr 1,12). Salomonek bere herria
benedikatzen du erranez: « Benedikatua Jauna, hitzeman bezala bere herri Izraeli pausua
eman diolakotz! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisen bitartez emanikako hitz on bat
ere. » ( 1 Erg 8,56) Gure Jainkoa ez da idolo mutu bat, deusetako ez dena . Idoloek «ahoa bai
, eta ez dira mintzatzen.» (Sal 115,5). Ez da ere hitza ahantzi eta gibelerat egiten duten
jendeak iduri. « Jainkoa ez da jendea gezurra erraiteko, ez da erabakiaz damutzen jendeak
bezala. Mintzatzen ote da eta errana ez egiten?Hitza emaiten ote, eta egin gabe uzten? » (Zen
23,18-19)
Ondorioz, Biblian, entzutea arras garrantzitsua da: Jainkoa mintzo bada eta gure
zorionaz mintzo, entzutea balio du, gure askatasuna errespetatzen baitu. « Entzun nezazue eta
biziko zirezte » (Is 55,3). Hitza egile da. Egungo irakurgaiaren mezua da, bainan lur ona
aurkitzekotan.
Kantika Izai 12
Leloa: Zatozte oro salbamenduko iturriraino !
Jauna da nere Jaungoiko eta Salbatzaile,
Harekin nago beldur gabe.
Jainkoa baita nere indarra, goresmena,
Hura, salbatu ninduena.
Zuek duzue ateratuko ura pozik,
Salbamenduko iturritik.
Eskerrak eta goresmen eman Jainkoari,
Dei egin haren izenari.
Miragarriak nasaiki egin dauzkigula
Mundu guzian da jakina
Zutan, Izrael, Jainko saindua handi baita,
Zionen egin jauzi, kanta.
Olerki hau Izairen liburutik dator; ez da beraz salmotegikoa, bainan liturgiako kantika
bat da halere. Lehen behakoan, Jainkoak salbatzen gaituelakotz esker onezko salmoa da:
« Goretsazue Jauna, dei egin hari, jakinaraz haren egintzak herrieri. » Iduri luke denak arras
ongi doatzila. Bainan Bibliako testoari behatuz, aitzineko bertsetetan irakurtzen dugu herria
beldurrez ikara dagola.
Jesu Kristo aitzineko 8. mendean gira, 740-730 urteetan. Aziriarren mehatxua pisua
da. Orduko testo ainitzek mehatxu hori aipatzen dute. Aziria goiti doan boterea da. Etsaia da,
arrisku haundia juduentzat. Izaik bere herritarrak lasaitu nahi ditu : Ez beldur izan, Jauna da
nere (gure) Jaungoiko eta Salbatzaile, harekin nago beldur gabe. Eta historiak erakusten
dauku Judako erresuma ez zela Asiriarren aztaparretarat erori.
Bigarren irakurgaia
( Izpiritua, ura , odola )
Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 5, 1-9
1 Jesus, Kristo dela sinesten duen oro Jainkoaganik sortua da ;
Aita maite duenak harenganik sortua ere maite du.
2 Beraz, Jainkoa maite badugu
eta haren manamenduak betetzen baditugu,
badakigu Jainkoaren haurrak maite ditugula.
3 Alabainan, Jainkoaren maitatzea
haren manamenduen begiratzea da.
Eta haren manamenduak ez dira dorpeak,
4 Jainkoaganik sortua denak mundua garaitzen baitu.
Eta mundua garaitzea emaiten daukuna, gure fedea da.
5 Nor da mundua garaitzen duena,
Jesus Jainkoaren Semea dela sinesten duena baizik?
6 Hura da , Jesu Kristo, uraz eta odolaz etorri dena:
ez uraz bakarrik, bainan uraz eta odolaz.
Eta Izpiritua da horren aitormena egiten duena,
Izpiritua egia baita.
7 Hiru dira lekukotasuna emaiten dutenak,
8 Izpiritua, ura eta odola, hiruak akort direla.
9 Gizonen lekukotasuna onartzen badugu,
indartsuagoa da Jainkoarena,
eta Jainkoaren lekukotasuna hau da,
bere Semearen alde egiten duena.
Testo hau, iduriz aski zaila, arras gure denborakoa da. Aski da behatzea azken urte
hauetan zenbat liburu, artikulu eta beste Jesusez mintzo denik agertu den.
Jondoni Joaniren denborako ingurumenak bazukeen zer ikustekorik gurearekin:
giristino talde bateri mintzo da : Jesusez teoria frango bazabilan. Joani, sekta horietatik bere
haurrideak zaindu nahiz ari da. Ezjakina edo formakuntza eskasa lur onak dira sektentzat, hori
gaurregun ere badakigu. 20. mendean Eliza katolikoak bere katixima berritz idatzi duen
bezala, Jondoni Joanik bere gutunak berritz idazten ditu. Lehen gutunean argiki erraiten du:
« Sasi profeta frango atera baita munduan… Mundukoak dira heiek; horrengatik, munduaren
arabera mintzo dira eta mundukoek entzuten dituzte. » (Jn 4, 1-6)
Lehen bertsetetik, sekten kontrako pikoa senditzen da: « Jesus, Kristo dela sinesten
duen oro Jainkoaganik sortua da. Aita maite duenak harenganik sortua ere maite du. »
Sinestea aski da, ez da lehenik egiteko den biderik. Jainkoaren misterioa ez da sekretuki
atxikia den berria bainan bai zabaldua; eta talde osoa argi bete betean bizi da.
Joaniren gutunetan haren etsaien edo kontrakoen ideiarik ez da aurkitzen, bainan lerro
hauek irakurtzean nun zen problema haundiena ikus daiteke. Kristo beraren izaitea: haren
misterioa nola aipa ? Juduentzat, Jainkoa “bertzelakoa” da, eta Izairen irakurgaian hori entzun
da. Nazareteko Jesus, gizon gizonen artean, Jainko dela erraitea, ez ote da blasfematzea?
Gainera, Deuteronomia liburuak dio zuretik dilindan ezarria dena Jainkoak madarikatzen
duela. Orduan, gurutzea, Kristoren misterioan, nola onarraraz ?
Bere denborako hitzekin, deus baztertu edo aldatu gabe, zer den giristinoen fedea
erraiten du Joanik. Jesu Kristo baitan, “bertzelakoa” “hurbil” egin da, urrun zagon Jainkoa
gizaki egin, gure iduriko. Jesus, osoki gizon eta osoki Kristo, Mesias, Jainkoaren seme,
Jainko. Beti bera da, Izpirituak bataiatzean agertu duena eta gizon baten heriotzea ukan duena.
Jondoni Paulok ere erraiten du: « guk berriz, Mesias gurutzitzatua predikatzen dugu,
juduentzat onartezina eta paganoentzat erokeria dena. » (1 Kor 1,23)
Egia hortaz, ez da amor emaiterik, dio Joanik. Argi eta garbi erraiten du bere bigarren
gutunean: « Enganatzaile ainitz sortu da munduan, Jesu Kristo egiazko gizon egin dela
aitortzen ez dutenak. Hauek dira enganatzailea eta antikristoa. » (2 Jn, 7). Jesusen baitan edo
gizona bakarrik edo Jainkoa bakarrik ikustea, ez da girixtino izaitea. « Jesusen izaite hau
ukatzen duenak, ordea, ez du Jainkoaren Izpiritua » (1 Jn 4,3)
Bakotxak bere berezitasunarekin, Ebanjelioek hori erakusten dute: gizon gisa, Jesusek
aitzinetik ez dakizki gauzak: haunditzen da, bere bidea egiten du, tentaldieri buru egiten
diote… Eta ber denboran, Jainko da, erran nahi baita Maitasunaz munduaren garaile. Hemen,
bere gutunean, Joanik Kristoren biziaren gertakari haundienak ditu aipatzen eta lerro lerro
ezartzen, bakar bat ez dadin urrunt. Gertakari horiek dira: bataioa eta gurutzea: urezko
bataioa, odolezko bataioa. Joanik diolarik: « Jesu Kristo uraz eta odolaz etorri dena: ez uraz
bakarrik, bainan uraz eta odolaz », erran nahi du ez dela bataioko ospeaz orroitu behar
gurutzearen apaltzea ezeztatuz. Gurutzean zen bezala, Izpiritua bataioan ere zen Seme zela
erakusteko. Hortakotz dio: « Hiru dira lekukotasuna emaiten dutenak, Izpiritua, ura eta
odola, eta hiruak akort dira. »
Lekukotasun hau, Jainkoak berak emaiten dio bere Semeari. Joanik dion bezala:
« Gizonen lekukotasuna onartzen badugu, indartsuagoa da Jainkoarena, eta Jainkoaren
lekukotasuna hau da, bere Semearen alde egiten duena. » Lekukotasun hori, Jesusen piztea
da. Mendekoste egunean, Petrik oihukatzen du: « Jakin behar duzue denek eta Israel herri
osoak ere: Jainkoak Jaun eta Kristo egin du Jesus, zuek gurutzitzatu duzuena »
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Egun zeruak zabaldu dira, Izpiritua jautsi Jesusen gainerat,
eta Aitaren mintzoak dio: Hau da nere Seme maitea!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 7-11
7 Joanes Bataiatzaileak basamortan hunela hots egiten zuen:
“ Nere ondotik dator ni baino ahaltsuagoa dena,
eta ni ez naiz on,
ukurtu eta haren oinetakoen lokarrien laxatzeko ere.
8 Nik urez bataiatu zaituztet;
harek, aldiz, Izpiritu Sainduz bataiatuko zaituzte.”
9 Egun heietan, Jesus Galileako Nazaretetik etorri zen,
eta Joanesek Jordanean bataiatu zuen.
10 Uretik ateratzean, Jesusek zerua urratzen ikusi zuen,
eta Izpiritua , uso idurian, bere gainerat jausten.
11 Eta mintzo bat etorri zen zerutik:
“ Zu zira nere Seme maitea,
zu zaitut atsegin.”
Jesusen bataioa, lehen agerraldia, haren egiazko izaitearen lehen erakustea ere izan da.
Jordan ibaiaren ondorat heltzean, ainitzentzat Jesus Nazaretarra bertze gizonen iduriko bat da:
« Egun heietan, Jesus Galileako Nazaretetik etorri zen eta Joanesek Jordanean bataiatu
zuen. » Joanes Bataiatzaileak errana zuen: « Nere ondotik dator ni baino ahaltsuago dena, eta
ni ez naiz on ukurtu eta haren oinetako lokarrien laxatzeko ere. Nik urez bataiatu zaituztet;
harek aldiz, Izpiritu Sainduz bataiatuko zaituzte. »
Arras xinple iduri duten lerro hauek, agerraldi handia dira. « Bataiatu » hitzak
« urperatu » erran nahi du; behar da beraz itzuli : « Nik urperatzen zaituztet, harek
izpirituperatuko zaituzte. » Juduentzat Jainkoaren agintza betetzen duena da Jesus. Agintza
(promes) hori aski ezagutua zen. Joel profetak erranen zuen: « nere izpiritua ixuriko diot
jende orori » (Jl 3,1) eta segida ezaguna da: « Uretik ateratzean, Jesusek zerua urratzen ikusi
zuen, eta Izpiritua, uso idurian, bere gainerat jausten. Eta mintzo bat etorri zen zerutik: Zu
zira nere Seme maitea, zu zaitut atsegin. »
Zerua urratzen da, Izaik erranaren arabera: « Ai! Zerua urratu eta jauts bazinte!
Mendiak kordoka litaizke, egurra erretzen edo ura irakitzen duen sua bezala zintezke! » (Is
63,19) Zeru urratuak erran nahi du ez dela muga hetsirik zeruaren eta lurraren artean: izadia
ez da gizadiak Jainkoaren beldurrez egin presondegia. Jainkoa eta haren haurren arteko
lokarria berritz egina da. Geroago, Jerusalemgo Tenploko oihala ( Juduentzat zerua
sinbolisatzen zuena, Jainkoaren eta jendeen tokia berexten baitzuen), oihal hura urratu zen
Jesus hil zelarik gurutze gainean. Jondoni Paulok dio : « Jainkoak nahi izan baitu bere
betearen betea Kristoren baitan egoitea eta hunen bitartez guziak berekin adiskidetzea, bai
zerukoak eta bai lurrekoak, harek gurutzean ixuri odolaz bakea finkatuz. » (Kol 1,19-20)
Jesusek beraz Izpiritua, usoa iduri, bere gainerat jausten ikusten du. Izai profetak
errana zuen: « Haren gainean finkatuko da Jaunaren Izpiritua: zuhurtziaz eta adimenduz
beteko du, kontseilari eginen eta kemenez jantziko; Jainkoaren ezagutza eta errespetua
irakatsiko dio » (Is 11,2). Eta Mesias horren bokazioneaz, Izaik erraiten du : « Jainko
Jaunaren Izpiritua gainean dut, Jaunak sagaratu bainau; harek igorri nau behartsueri
berrionaren ekartzera, bihotz urratuen sendatzera, gatibueri askatasunaren eta presoeri
libertatearen oihukatzera.. » (Is 61,1)
Zeruko mintzoak Jainkoaren Seme erakusten du Jesus : « Zu zira nere Seme maitea, zu
zaitut atsegin. » Jesus Errege-Mesias da. Bataioa egiazko erregetzea da. Hots, Markek Jesusen
misterio osoa dauku presentatu. Testamendu Zaharraren igurikatzea, kreazione berriaren lehen
gizona, Semea, Isaak berria, Mesias-Erregea, Mesias-Zerbitzaria, denak bere ditu. Alabainan
ez da bakarrik den gizona; egiten duena, herri osoak egiten duena da eta bekatorosen partalier
agertzen delarik, orduan da « Seme » izendatua; Jondoni Paulok erranen duen bezala:
« haurride ainitzen artean lehen-seme izan dadin. » (Er 8,29)