JAUNAREN BATAIOA (A) 2017-01-08

SARRERA

Senideok, herenegun, Epifania egunean, artean haur den Jesus ospatu dugu. Gaur, liturgiak jauzi handi bat egitera garamatza: Jesus gizon eginik aurkezten digu.
Hain zuzen, Jesusen Bataio-eguna ospatzen dugu gaur. Hogeita hamar urte inguru zituen Jesusek. Beste jende bekatariaren lerroan jarri zen horretarako.
Zergatik, ordea? Jesusek ez zuen bekaturik. Gainerako jendeak bai. Ez da gauza erraza galdera horri erantzutea. Behar bada, honengatik: gizon egitean egin zuen bezala, beste behin ere gure arteko bezala agertu nahi izan zuelako; besteek bezala, bere burua osoro legepean jarri nahi zuelako.
Inportanteagoa, ordea, beste hau izan zen: Joan Bataiatzaileak bataiatu zuenean, Espiritu Santua jaitsi zen Jesusen gainera. Eta adierazpen hau jaso zuen: «Ene Seme kuttuna da hau».
Espiritua etortzeak sendotu egin zuen Jesus, buruan zerabilen bere ustean. Berri Ona zabaldu behar zuen munduan. Horixe izango zuen bere egitekoa.
Gutako bakoitzak ere nork bere bataioa berrituko dugu. Bataiatu gintuzten egun hartan bezala, Jainkoaren maitasunezko hitz hori entzungo dugu bihotzean: Ene seme, ene alaba kuttuna da hau. Eta horrekin, Jesus Espirituak bidali zuen bezala, gu ere geure eginkizuna betetzera bidaltzen gaitu
Poztu gaitezen Jainkoaren gogoko gaituela, gutaz fidatzen delako, eginkizun eman digulako, eta ez edozein eginkizun: Jesusek bera hasi zuena. Horrenbestez, saia gaitezen, Jesus bezala, munduan Berri Ona zabaltzen. Izan dezagula lagun Jaunaren adorea eta indarra!

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik 42,1-4.6-7)

Juduen herriko jende gehiena Babiloniako erbestean zegoela idatzi zuen pasarte hau idazle ezezagun batek. Zerbitzari misteriotsu batez mintzo da pasarte hau. Zerbitzari hori zein ote den ez dago batere garbi. Dena den, Elizaren tradizioan, Nazareteko Jesusi aplikatu izan zaio.
Gauzarik inportanteena, dakarren mezua da. Zerbitzari horren gainera Espiritua etorriko da. Espiritu horren argiz, ez du desegingo erdi-hautsia den kanabera; hau da, ez du desegingo bekatuan dabilen pertsona; adibidez, Jesusek ez du kondenatu, ez Zakeo zerga-biltzaile nagusia, ez adulterioan harrapatutako bekataria, ez… . Baizik eta herrien argi izango da zerbitzari hori.
Horra. Gure argia da Jesus.

BIGARREN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (10,34-38)

Pedroren fedea agertzen du pasarte honek. Kasi-kasik, esan genezake Pedroren konbertsioa agertzen duela.
Pedrok Kornelio ehuntariaren, erromatar militarraren, etxera joateko deia jaso du. Baina ez du joan nahi. «Nola joango naiz pagano baten etxera?», dio. Baina azkenean Espirituaren eraginez joan da. Eta han gertatu dena ikustean, erabat aldatu da Pedro. «Espiritua etorri bada pagano hauen gainera, nor naiz ni hauei bataioa ukatzeko?», esango du.
Konturatu da, alegia, Jesus ez dela etorri juduentzat bakarrik; baizik eta gizon-emakume guztiei Jainkoaren berri ona ematera etorri dela. Eta bere fedearen sintesi labur hau egin du Jesusi dagokionez:
Jainkoak Espiritu Santuaz bete du Jesus.
On eginez eta jendea sendatuz bizi izan da.
Juduek hil dute, baina Jainkoak piztu.
Gu geu gara horren testigu. Agertu egin zaigu, ba, piztu ondoren. Eta egiteko hau eman digu: mundu guztiari bere berri ona adierazteko eskatu digu.
Senideok, Pedroren fede hori geure fede egiten saiatu beharko genuke. Baina, jakina, fedea ez da gauza bat edo bestea jakitea, baizik fede horrek adierazten duena bizitzea. Azken batean, geure inguruan eta munduan Jesusen berri zabaltzea. Nork bere moduan.

EBANJELIOA San Mateoren arabera (3,13-17)

Ebanjelioan bi zati entzungo ditugu. Batean, Jesus bataiatua izan dela. Jesus beste bekatarien lerro berean jarri da Joan Bataiatzaileak bataia dezan. Bigarren zatia da inportanteena. Bataiatu ondoren, Espiritua jaitsi da Jesusen gainera. Orduan ulertu du Jesusek, zein egiteko edo misio duen mundu honetan. Eta egiteko horri ekin aurretik, hartaz hausnarketa egiteko, basamortura doa.
Jainkoaren Espirituak, Jainkoaren bizi-arnasak goitik behera aldatu du Jesus.
Geure bataioa berritzeak eraman gaitzala gu geu ere, mundu honetan bakoitzak dugun misioa onartu eta betetzera; beti ere, Jesusen Espirituaren argipean.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Eliza osatzen dugun kristau guztion alde: munduan era batean edo bestean, pertsona batengan edo bestearengan ageri den Espiritua sumatzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Geure bataioa bizitzeko gai izan gaitezen: gure bihotzera etorri den Espirituaren eragina, ito ez, baizik aintzat hartzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Bataioa hartu dugun guztion alde: geure senideekin solidario izan gaitezen; horrela, inork ezeren faltarik izan ez dezan, duintasunez bizi ahal izateko. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan, gero eta jende gehiago, Jesus bizi izan bezala, on eginez bizi dadin. Eska diezaiogun Jaunari.