JESUSEN BATAIOA
Isiltasuna adierazgarri
Ospatu berria du Epifania, bi urtez beheko Jesus haurrarekin. Eta, bat-batean, gizon heldu dakusagu Jesus, bataiokoan. Tarteko urteez, Lukasek dakarren tenpluko bisita alde batera utzirik. ez da ezer esaten.
Isiltasun hau esanguratsua da oso. Ebanjelariek konta zezaketen gauza interesgarririk urte haietaz: Nazaret herrixkaz, lurrean zulatutako hango etxe bereziak eta guzti; zonalde hartako Seforis hiriburuaz, 5 km-ra, erromatarren erasoa jasan, Jesus haurra zela, eta bertako jendetza azkenean esklabo saldua ikusi zuenaz; zonaldeko hiriburu berria, Tiberiades, Galileako aintzira-ertzean, eraikitzeaz, Jesus hogei urte inguruko zela bukatu zutenaz. Honetaz guztiaz ez digute ezer esan; ebanjelariek ez dute beren protagonistaren biografia idazteko asmorik.
Isiltasun hau argitzeko, Jainkoaren apaltasuna aipatu ohi da eskuarki, hainbat denboran oharkabe bizitzeko gai dena, atentzioa eman gabe, presarik gabe mundua aldatzeko, esateko hainbat eta hainbat gauza duelarik ere. Interpretazio honek badu bere balioa, eta geure ondorio pertsonalak atera beharko genituzke, gure presa eta nabarmendu nahia galgatu edo frenatzeko. Baina Itun Zaharra ezagutzen duenak sumatzen du beste arrazoirik ere. Han ageri diren pertsonaiak ez dira berez, inoiz ere, inportanteak, salbamen-historiari aurrera eragiteko egiten dutenagatik ez bada. Abrahamez, Moisesez, Josuez, Isaiasez, Jeremiasez, Ezekielez… datu biografiko asko falta zaigu. Batzuetan xehetasun txikiren bat edo beste badugu halakoen familiaz edo haurtzaroaz. Alabaina, oro har, halakoen biografia beraien bokazioarekin hasten da, pertsonaia Jainkoaren egitasmoaren zerbitzuan hasten denean.
Jesusen kasuan, burubide bera aplikatu da; Jesusen bataioaren garrantzia azpimarratu nahi da, haren bizitza goitik behera eraldatzen duen esperientzia pertsonal bezala. Aurreko guztia, harrigarri gertatzen bazaigu ere, ez da aintzat hartu. Une honetan, bataiokoan, hasi da «berri ona».
Jesusen bataioa
Gogorrena gertatzen den mementoetako bat da bataioko isiltasuna. Zer dela-eta erabaki du Jesusek Jordan ibaira joatea? Nondik nora izan zuen Joan Bataiatzaileak esaten eta egiten zuenaren berri? Zergatik halako axola hartaz? Ebanjelari bakar batek ere ez digu ezer esan. Markosen kontakizunak, antzinakoenak, oso hitz gutxiz dakar bataioa. Gainera, ez du bataioa ardatz, baizik haren segida-segidan gertatu dena, Jesus uretik irtetean: «zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beragana jaisten. Eta mintzo bat etorri zen zerutik: “Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin”». Bi gai dira funtsezkoak: Espiritua eta zeruko mintzoa.
Espiritua etortzeak garrantzi berezia du, zeren rabino batzuen artean bazen ustea, Espiritua ez zela komunikatzen erbestealdiaz gero edota Esdrasen garaiaz gero (K.a. V. mendea). Orain, Jesus etortzean, aro berri bat estreinatu da Jainkoaren eta gizadiaren arteko harremanen historian.
Zeruko mintzoa. Entzule judu bati, «Zu zaitut neure Semea, neure maitea» hitzek bi testu dakarzkiote burura, oso esanahi desberdinekoak. Salmo 2,7koa: «Zu zaitut neure semea, neuk zaitut gaur sortu», eta Isaias 42,1ekoa: «Hona hemen nire zerbitzaria, nik eusten diodana; neuk hautatua, atsegin dudana». Lehenengo testua erregeaz ari da; tronuratze-unean Jainkoaren seme titulua hartzen zuen hark, Jainkoarekin zuen harreman bereziagatik. Bigarrena, bere sufrimenduaz eta egundoko pazientziaz herria salbatzen duen pertsonaia batez ari da.
Hiru lekukoak: Espiritua, ura eta odola (2. irakurgaia)
Gaurko bigarren irakurgaian ere sufrimenduaz salbatzearen ideia hori ageri da. Jesusez hitz egitean, dio: «Uraz eta odolaz etorri zena da: ez uraz bakarrik, baizik uraz eta odolaz». Aipu argia bataioari eta heriotzari.
Aldi berean, Jesusez testigantza egiten duen Espirituaren erreferentziagatik aukeratu da irakurgai hau.
Gure bataioa (lehen irakurgaia)
Jesusen bataioa une aproposa dugu geure bataioaz gogoeta egiteko. Badirudi, hori zutela buruan lehenengo irakurgaia aukeratu zutenek. Luzeegia meza baterako (jenderik gehiena ez da jabetuko ezertaz); halere, egokia dateke bakarka lasai-lasai irakurtzeko. Lau puntu nabarmenduko ditut:
1.-Geure burua goseak eta egarriak garen pertsona bezala ikusten lagunduko digu, produktu garestiz eta alferrekoez ase nahian ibiltzen garen pertsona bezala, benetako janari bila ibili gabe.
2.-Antzinako promesak eta Jainkoak Davidekin burututako elkartasuna ematen dizkigu bataioak. Jaunagana korri dagien herri ezezaguna gara gu.
3.-Harengana ez bagoaz, konbertitu beharra dugu, bidez aldatu beharra, haren bila hasi beharra; hura aberatsa da barkatzen eta aterako zaigu bidera.
4.-Eta hau, ilusio hutsa irudi dakizukeen hau, gauzatuko da; izan ere, Jainkoaren Hitzak ernalduko du gure bizitza, euriak eta elurrak hazia ernearazten duten bezala.
José Luis Sicre