Jesusen Bataioa B (2018-01-07)
BATAIOA

Anai-arrebok!

Jesusen Bataioaren jaia ospatzen dugu gaur. Gure bataioaren aurrekaria da Jesusen Bataio hori. Baina errituaren azpian zer da Jesusen Bataio hori?

Badakigu, mendebaldeko, hau da, Erromako gure Elizaz gain, badagoela, besteak beste, greziar Eliza bat ere. Greziar honek baditu Erromako Elizan gorde ez ditugun tradizioak; batzuk oso interesgarri eta gogoan hartzekoak.

Horietarik bat, Jesusen Bataioari dagokion tradizioa da. Tradizio horretan Jesusen Bataioa dute Eguberrialdiko jairik inportanteena. Urtarrilaren 6an ospatzen dituzte, denak batean, jai hauek: Bataioarena, Jaiotzarena, Magoen bisitarena, Kanako ezteiena; denak errealitate bakar bezala. Jesusen bizitzako gertakizunen hurrenkera historikoa baino gehiago, Jainkoaren agerpen historikoa zaie axola: Jesus Jaun bezala agertu izana, Jaun bezala aitortua izana.

Gaurko gure jaia ospatzean, gogoan izan beharko genuke, Jesusen Bataio hori salbamen-historiaren agerpen bat izan dela: Jaiotza bezala, Magoen bisita bezala.

Gainera, greziar tradizio horrek inportantzia handia ematen dio urari. Beren liturgian Itun Zaharreko pasadizo asko aipatzen dituzte: ura salbatzaile dela agertzen dituzten pasadizoak dira. Esaterako: Jainkoak mundua kreatu duenean, Jainkoaren hatsa, arnasa, espiritua uren gainean dabil, ura saneatuz (Hasiera 1,2); Nilo ibaiko urak salbatu du Moises, faraoiak eman zuen hiltzeko agindutik libratuz (Irteera 2,2-9); Israel herriak Egiptotik ihes egin duenean, urak ezker-eskuin banatu dira, herria igarotzeko (Irteera 14,21-23); israeldarrek beren ihesian, Mara izeneko parajean ur gazia bakarrik aurkitu dute; Moisesen agindura geza bihurtu da ura, hau da, salbatzaile ( Irteera 15,22-25); israeldarrek promes egindako lurraldean sartu nahi dutenean, Jordan ibaiko urak gelditu egin dira, haiek oinez pasatzeko (Josue 3,14-16); Naaman siriarra, Eliseo profetaren aginduz, Jordan ibaian bainatu da eta sendatu (2 Erregeak 5,14-16); Jesusek ura ardo bihurtu du (Joan 2,6-8), etab. luzea itun berrian.

Pasadizo horiek historikoak diren ala ez alde batera utzirik, herriak bizi duen uste sendoa ageri da hor: ura tarteko dela, Jainkoa salbatzaile eta askatzaile dela ikusi dute. Ura sinbolo bat da, Jainkoak gizon-emakumeon ona opa eta desiratzen duela adierazteko.

Geure tradiziora etorriz, bere nortasunaren kontzientzia bilatuz bizi behar izan du Jesusek ere: nor naiz ni?, zer naiz ni?, zein dut neure egitekoa mundualdi honetan?

Eta halako batean jakin du Jesus horrek Joan Bataiatzailearen berri: penitentzia eta bihotz-berritzea predikatzen ari da, eta bataiatzen; jende asko joaten zaio; harengana doa Jesus bera ere.

Joan ez da ari lanean tenpluan. Jordan ibaiaren ertz batean ari da. Ohiko lekuetatik aparte. Eta jendea bataiatzen ari da. Ez zaio axola erritu bat. Baizik eta penitentzia eta bihotz berritzea. Zertara doa Jesus?

Esan dugu: bere nor izatea zaio axola. Nor naiz ni? Eta hona: Joanek bataiatu duenean eta uretik irten denean, zerutiko hitza entzun du: Hau, neure Semea dut, neure Seme maitea, atsegin dudana. Markos ebanjelariak oso labur kontatu digu pasadizoa. Beste ebanjelariek luzeago kontatu digute. Besteak beste, hauxe gehitu dute: Entzun iezaiozue.

Jesusek, jakina, bihotz-ase handia hartu du zerutiko hitz hori entzutean. Berehala, basamortura joko du. Bere zereginaz gogoeta egin beharra du. Hausnartu beharra. Zer esan nahi du beretzat «entzun iezaiozue» horrek?

Senideok, Jesusengana jaitsi den zerutiko hitz horrekin, aro eta etapa berri bat hasi da Jainkoaren eta gizakion arteko harremanetan. Gizon egin den Jesus izango dugu Jainkoaren ordezkoa, Jainkoa ikusteko, Jainkoari entzuteko, Jainkoari hitz egiteko, Jainkoarekin harremanak izateko ordezkoa.

Geure bataiokoan hitz bertsuak jaulki ditu Jainkoak gutako bakoitzaz: Hau, neure semea dut, neure alaba dut; maite-maitea, atsegin dudana. Entzun iezaiozu. Bataioaren bidez guztiok gara apaiz, Jainkoari aintza emateko; guztiok gara profeta, batak besteari Kristoren eta haren ebanjelioaren berri emateko; guztiok gara errege, kristau-elkarte handiaz eta hurbileko kristau-elkarte txikiaz arreta handiz arduratzeko.

Izan dezagula goi-argia ura eta gainerako sinbolo eta seinaleak aintzat hartu, eta fedean, esperantzan eta maitasunean sakontzen joateko.

Dionisio Amundarain