Jesusen Bataioa B (2015-01-11)
HOMILIA

Jesusen bataioaren eguna ospatzen dugu gaur. Oso labur mintzo da Markosen ebanjelioa Jesusen bataioaz. Gehiago inporta zaio, bataioaren ondoren gertatu dena: Uso bat ikusi dute Jesusen gainera etortzen. Eta ahots bat entzun dute: Hau da nire Seme kutuna.

Hau da gertaera. Joan Bataiatzailea jendea bataiatzen ari da Jordan ibaian. Halako batean, Jesus ere bataiatu beharrekoen lerroan jarri da Jesus.

Alabaina, zergatik joan da Jesus Joanen bataioa hartzera? Joan Bataiatzailea bekatariei ari zitzaien hots egiten, penitentzia egiteko eta penitentziaren seinaletzat bataioa hartzeko. Jesusek ez du, noski, bekaturik. Beraz, zergatik jarri da bekatarien lerroan?

Markosek ez dakar argibiderik galdera horrentzat. Tradizioz, esan ohi da, Jesusek apaltasuna agertu nahi izan duela. Ez zaio arrazoirik falta uste horri. Haurtxo egin denean bezala, bataiokoan ere gizon-emakume guztien antz-antzeko agertu nahi izan du.

Bada, ordea, beste arrazoi bat ere. Jesus, hogeita hamar urte inguruko dela joan da bataiatzera. Bitarte horretan guztian ez dakigu zer egin duen. Baina dudarik gabe, bere bihotzean kezka bat hausnartzen joan da: zer naiz ni?, nor naiz?, zein dut neure egitekoa, neure misioa, zeruko Aitaren egitasmoan?

Halako batean, lodi-lodi egin da kezka hori. Entzun du Joan Bataiatzailearen berri. Eta han doa Joani entzutera eta bataiatzera. Eta bataioa hartu orduko, sentitu edo sumatu du zeruko Aitaren ahotsa: Nire Seme kuttuna zara zu. Aldi berean sumatu du, beste gizon-emakume guztientzat ere Aita (Abba) dela Jainkoa. Beste norbait dela sentitu du. Jabetu da, egiaztapen horrek bere anai-arreben alde jokatzera eragiten diola. Izan ere, ondo asko ikusia zuen, ordurako, gizon-emakumeak ez zirela anai-arreba bezala bizi. Liskarra, zuzengabekeria, zapalketa zirela nagusi.

Bataioaren ondoren hartu duen Espirituak argi eta garbi ikusarazi dio bere misioa: Jainkoaren erreinua hots egin behar du. Jesusen bataioa, gurutzeko eta piztuerako salbazio-bidean etapa berezi-berezi bat izan da.

Horrela, Jesusen bataioa, Jesusen jaiotza bezala, Jainkoaren agerpena izan da. Lehen mendeetako kristauek, Epifania ospatzean, Jesusen hiru agerpen ospatzen zituzten: Jesus Magoei agertu izana, Jesus bataioan Jainko Aitaren Seme kuttun bezala agertu izana, Kanako ezteietan ura ardo bihurtuz Jainko agertu izana. Judu askorentzat kontsolamendu eta lasaitasun gertatu zen Jesusen Bataioa. Juduen ustez, zerua itxirik zegoen aspaldidanik; Jainkoak ez zien hitz egiten; Jainkoak alde batera utzirik zeukan bere herria. Bataiokoan, Jesusi agertzean, berriro hasi da Jainkoa bere herriarekin hitz egiten. Agerpen handia gertatu da bataioa.

Jesusen bataioa, aukera on-ona dugu geure bataioaz gogoeta egiteko.
1.-Geure bizitzan, geure barruko antsia mundu honetako gauzekin ase nahi izaten dugu. Lehenengo irakurgaiak aipatu dituen gauzetara itzultzeko gonbita dugu, bai Jesusen bataioa, bai geurea.
2.-Jesusengan Jainkoa agertu den bezala agertu izanak, gogoratzen digu, Jainkoak ez gaituela uzten eskutik sekula, geu Jainkoaz ahaztu izan bagara ere.
3.-Jainkoarengana jo nahi badugu, geure bihotza aldatu beharra dugu: haren bila ibili beharra, haren egitasmoan gure misioan zein den bila ibili beharra, Jesus ibili zen bezala.

Jesusen bataioak mezu handi eta bikaina dakarkigu: Jainkoak bere Espiritua eman diola Jesusi. Geure bataioak mezua zoragarria dakarkigu: Jesusek bere Espiritua eman digula, Espiritu poz-emailea, Espiritu laguntzailea, Espiritu bizi-emailea.

Dionisio Amundarain