JAUNAREN BATAIOA (A) 2020-01-12

SARRERA

Senideok, joan den astelehenean, Epifania egunean, artean haur zen Jesus ospatu genuen. Gaur, liturgiak jauzi handi bat egitera garamatza: Jesus gizon eginik aurkezten digu.
Hain zuzen, Jesusen Bataio-eguna ospatzen dugu gaur. Hogeita hamar urte inguru zituen Jesusek. Beste jende bekatariaren lerroan jarri zen bera ere.
Zergatik, ordea? Jesusek ez zuen bekaturik.. Ez da gauza erraza galdera horri erantzutea. Behar bada, honengatik: gizon egitean egin zuen bezala, beste behin ere gure arteko bezala agertu nahi izan zuelako; besteek bezala, bere burua osoro legepean jarri nahi zuelako.
Inportanteagoa, ordea, beste hau izan zen: Joan Bataiatzaileak bataiatu zuenean, Espiritu Santua jaitsi zen Jesusen gainera. Eta adierazpen hau jaso zuen: «Ene Seme kuttuna da hau».
Espiritua etortzeak sendotu egin zuen Jesusek buruan zerabilen ustea: Berri Ona zabaldu beharra munduan. Horixe izango zuen bere egitekoa. Horixe da gure egitekoa ere: geure bataiokoan Jesusen Espiritu hori bera hartu genuen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik 42,1-4.6-7)

Juduen herriko jenderik gehiena Babiloniako erbestean zegoela idatzi zuen pasarte hau idazle ezezagun batek. Zerbitzari misteriotsu batez mintzo da. Zerbitzari hori zein ote den ez dago batere garbi. Dena den, Elizaren tradizioan, Nazareteko Jesusi aplikatu izan zaio.
Gauzarik inportanteena, dakarren mezua da. Zerbitzari horren gainera Espiritua etorriko da. Espiritu horren argiz, ez du desegingo erdi-hautsia den kanabera; hau da, ez du desegingo bekatuan dabilen pertsona; adibidez, Jesusek ez du kondenatu, ez Zakeo zerga-biltzaile nagusia, ez adulterioan harrapatutako bekataria, ez… Baizik eta herrien argi izango da zerbitzari hori.
Horra. Gure argia da Jesus.

BIGARREN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (10,34-38)

Pedroren fedea agertu digu pasarte honek. Kasi-kasik, esan genezake Pedroren konbertsioa agertu digula.
Kornelio ehuntaria erromatar militarra da; berorren etxera joateko deia jaso du Pedrok. Baina ez du joan nahi. «Nola joango naiz pagano baten etxera?», dio. Baina azkenean Espirituaren eraginez joan da. Eta han gertatu dena ikustean, erabat aldatu da Pedro. «Espiritua etorri bada pagano hauen gainera, nor naiz ni hauei bataioa ukatzeko?», esango du.
Konturatu da, alegia, Jesus ez dela etorri juduentzat bakarrik; baizik eta gizon-emakume guztiei Jainkoaren berri ona ematera etorri dela. Eta bere fedearen sintesi labur hau egin du Jesusi dagokionez:
—Jainkoak Espiritu Santuaz bete du Jesus.
—On eginez eta jendea sendatuz bizi izan da.
—Juduek hil dute, baina Jainkoak piztu du.
—Gu geu gara horren testigu.
Senideok, Pedroren fede hori geure fede egiten saiatu beharko genuke.

EBANJELIOA San Mateoren arabera (3,13-17)

Ebanjelioan bi zati entzungo ditugu. Batean, Jesus bataiatua izan dela. Jesus beste bekatarien lerro berean jarri da Joan Bataiatzaileak bataia dezan.
Bigarren zatia da inportanteena. Bataiatu ondoren, Espiritua jaitsi da Jesusen gainera. Orduan ulertu du Jesusek zehazki, zein egiteko edo misio duen mundu honetan. Eta egiteko horri ekin aurretik, hartaz hausnarketa egiteko, basamortura doa.
Jainkoaren Espirituak, Jainkoaren bizi-arnasak, goitik behera aldatu du Jesus.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Eliza osatzen dugun kristau guztion alde: munduan era batean edo bestean, pertsona batengan edo bestearengan ageri den Espiritua sumatzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Geure bataioa bizitzeko gai izan gaitezen: gure bihotzera etorri den Espirituaren eragina, ito ez, baizik eta aintzat hartzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan bake-gogoa eta aldeko ekina handituz joan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan, gero eta jende gehiago, Jesus bizi izan bezala, on eginez bizi dadin. Eska diezaiogun Jaunari.