Jesusen Bataioa A (2017-01-08)
Isiltasuna oso adierazgarri
Ospatu berria dugu Epifaniaren festaburua, bi urtez beheko Jesus haurrarekin; bat-batean, gizon egina ageri zaigu Jesus, bataiokoan. Tarteko urteez, Lukasek dakarren tenplura egindako bisita alde batera utzirik, ebanjelioek ez digute ezer esaten.
Oso esanguratsua da isiltasun hau. Ebanjelariek kontatzen ahal zuten Nazareteko urte haietaz gauza interesgarririk, lurrean zulatutako etxe haietan bizi izandakoaz; baita soilik 5 km-ra zegoen eta Jesus haurra zenean erromatarrek eraso egin zioten eta bertako jendea esklabo saldu zuten eskualdeko Seforis hiriburukoaz ere; orobat Galileako aintzira ondoan eraiki zuten eta Jesusek hogeiren bat urte zituenean bukatu zuten eskualdeko Tiberiades hiriburu berriko bizitzaz ere. Honetaz guztiaz ez digute ezer kontatzen; ebanjelariei ez zaie axola beren protagonistaren biografia idaztea.
Isiltasun hau argitzeko, Jainkoaren apaltasuna aipatu ohi da eskuarki: hainbat denbora oharkabean pasatzeko gai dela alegia, atentzioa eman gabe, mundua aldatzeko presarik gabe, hainbat eta hainbat esateko duen arren. Baliozkoa da interpretazio hau, eta ondorio pertsonalak atera beharko genituzke horretatik, geure jarrera presatia eta nabarmendu beharra galgatzeko. Baina Itun Zaharra ezagutzen duenak sumatzen du beste arrazoi bat ere. Hartan ageri diren pertsonaia handiak ez dira inportanteak inoiz ere berenez, salbamen-historiaren aurrerapenerako partaide diren aldetik baizik. Abraham, Moises, Josue, Isaias, Jeremias, Ezekielez… milaka datu biografiko falta zaigu. Batzuetan xehetasun koskor batzuk ezagutzen ditugu halakoen familiaz edo haurtzaroaz. Baina, oro har, halakoen biografia deia egiten zaien unean hasten da, delako pertsonaia Jainkoaren egitasmoen zerbitzura jartzen den puntuan.
Gauza bera gertatu da Jesusen kasuan; bataioaren funtsezko inportantzia azpimarratu nahi izan da, Jesusen biziera guztiz aldarazi duen esperientzia pertsonal bezala. Horren aurreko guztiak, harrigarri bada ere, ez du interesik. Orain, bataiokoan, da hasten «berri ona».
Jesusen bataioa (Mateo 3,13-17)
Isiltasuna gogorrenik nabari den uneetakoa da bataiokoa. Zer dela-eta erabaki du Jesusek Jordanera joatea? Nondik nora jakin du Joan Bataiatzaileak egiten eta esaten duena? Zer dela-eta axola zaio hura hainbeste? Ezer ez du esaten ebanjelarietako batek ere.
Mateoren kontakizunean hiru une bereiz ditzakegu: Joanekin izandako solasa, Espirituaren etorrera eta zerutiko ahotsa.
Joanekin izandako solasa Mateok bakarrik dakar. Markosek bere ebanjelioa idatzi zuenean, Jesus Joanek bataiatua izateak ez zuen arazorik harrotu. Mateok, ordea, kristauentzat benetako eskandalu bat sumatu du eszena honetan: nolatan jarri da Jesus Joanen pean eta nolatan eskatu dio bataioa bekatuen barkaziorako? Balizko eskandalu hori saihesteko, solasaldi bat tartekatu du Mateok bi protagonisten artean, Jesusek aipatu duen arrazoia nabarmenduz: «egoki da Jainkoak nahi duen guztia horrela betetzea». Agerian ipini du horrenbestez Jesusek bere bizitzan zer izango duen garrantzizkoena: Jainkoaren borondatea bete. Aldi berean, konturatu gara, Jesusen jarduera tarteka harritzeko modukoa izaten dela, erabat inoiz ere ezin atzeman izango dugun misterio bat izaten dela; are gehiago, gogorik hobeneko jendearen artean eskandalu bat ere eragin dezakeena. Lehen eszenatik, jada, Jesus nahasmendu ari zaigu gertatzen.
Hain juxtu, haren umilazio ikaragarrienaren unean gertatu da haren gorapenik handiena. Jesusen esperientzia pertsonal bezala kontatu du bataioaren pasadizo hori Markosek: «Uretik irtetean, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua bere gainera etortzen, uso baten itxuran. Zerutiko ahots bat entzun zen: Nire Seme maitea zara Zu, nire kutuna» (Mk 1,10-11). Jesusek bakarrik ikusi du zerua urratzen, eta ahotsa berari bakarri doakio: «Nire Seme maitea zara Zu, nire kutuna». Ez da kontua Jesusek bizipen berri bat, berezi bat izan duela, baizik eta bertakoak Jesusen garrantziaz konturatu izana da arazoa.
Espiritua Jesusengana etorri izanak inportantzia berezia du; izan ere, rabino batzuen artean bazen uste bat, Espirituak, Esdrasez gero (K.a. 5. mendetik), gizakiekin komunikatzeari utzia ziola. Orain, Jesus etortzearekin, aro berri bat estreinatu da Jainkoak gizadiarekin dituen harremanen historian. Zeren eta Jesusengana datorren Espiritu hori, Jesusek gu bataiatzean gugana isuriko duen Espiritua bera baita, Joan Bataiatzailearen hitzetan.
Zerutiko ahotsa. Edozein hipotesitan, esperientzia pertsonal bezala nahiz jendaurreko aldarrikapen bezala hartzen dela, joan-etorri handikoa da hitzek zer esan nahi duten ulertzea: Nire Seme maitea zara Zu / da hau, nire kutuna». Judu entzule bati bi testu iradokitzen dizkiote hitz hauek, oso esanahi desberdinekoak. Sal 2,7: «ene semea zara zu, nik gaur sortua», eta Yahveren zerbitzariaren lehen kantikaren hasiera (Is 42,1). Salmoa erregeaz mintzo da, Jainkoaren semeaz, berau tronuratzekoan. Isaias, berriz, bere herria egundoko pazientziaz eta sufrimenaz salbatzen duen pertsonaia batez ari da. Ematen du, Mateok bi ideiak iradoki nahi dizkigula: Jesusen duintasuna, batetik; salbazioa sufrimena dela medio, bestetik. Hau guztia, orain iradokia bakarrik dena, baietsiz joango da Ebanjelioan barna. Uneren batean, irakurlea eskandalizaturik senti liteke azkenean heriotza ekarriko dioten eta Jesusek egiten eta esaten dituenengatik; baina gogoan izan behar du, Jesus ez dela, ez biraolari bat, ez hereje bat, baizik eta Espiritua gidari duen Jainkoaren semea.
Jesusen etorkizuneko egitaraua (Isaias 42,1-4.6-7)
Zeruko hitzak ez dira mintzo Jesusen duintasunaz bakarrik; gainera, egitarau bat marraztu diote. Horixe du adierazten igande honetako lehen irakurgaiak, Isaiasen liburukoak (42,1-4.6-7).
Egitarauak, lehenik eta behin, egingo ez duena adierazten du: oihu, deiadar, buila: mehatxu egitea eta gaitzestea izango litzateke hori; ez du hautsiko kanabera pitzatua, ez du itzaliko metxa dardaratia: desegitea hobe omen liratekeen izaki arriskutsu edo ahulen sinbolo dira horiek (gogoan har Levi zerga-biltzailea, adulterioan harrapatutako emakumea, emakume prostituitua…).
Ondoren, zer egingo duen dio egitarauak: zuzenbidea sustatu eta ezarri, edota, beste era batean esanda, itsuen begiak ireki, gatibuak presondegitik atera; irudi hauek, segur aski, pertsiar Ziro erregearen jarduerari dagozkio; izan ere, Babiloniak mendean dituen herriak errege horrek askatuko dituela uste du profetak; Jesusi aplikaturik, beste esanahi bat dute, orokorragoa eta sakonagoa, askapen espirituala eta pertsonala barne.
Egitarauak berekin du nola jokatuko duen ere: «ez da koloka jarriko, ez da hautsiko». Beraren eginkizuna ez da izango soila, ezta gizon-emakume guztiek onartua ere. Ugari izango ditu kritikak eta gaitzespenak, batez ere judu-agintari erlijiosoenak (lege-maisu, fariseu, apaiz nagusi). Baina beti sendo eutsiko dio, hil arte.
Eginkizuna betea: on eginez bizi izan zen (Eginak 10,34-38)
Bigarren irakurgaiak, Apostoluen Eginak liburukoak, Kornelio ehuntariari eta honen familiari Pedrok esandako hitzak hartuz, honela laburbiltzen du Jesusen jarduera: «On eginez bizi izan zen». Etsenplu eta jarraibide ona geure bataioa bizitzeko.
José Luis Sicre