BESTE ETAPA BAT (Mateo 3,13-17)
Jesusen Bataioa A 2020-01-12
Jesusen profeta-jarduera kontatu aurretik, haren bizitza errotik aldatuko duen haren esperientzia batez mintzo zaizkigu ebanjelariak. Joanen bataioa hartu ondoren, Jesusek sentitu du Jainkoaren Seme maitea dela, goitik behera Espirituaz betea. Espiritu horrek arnasturik, Jesusek ibiliari eman dio guztiei hots egiteko, bere bizieraz eta mezuaz, gizakiaren adiskide eta salbatzaile den Jainko baten Berri Ona.
Ez da harritzekoa, Aita Santuak guztiok gonbidatzea datozen urteetan «beste etapa ebanjelizatzaile bat» bizitzera, eta guztioi gogoraztea Elizak behin ere baino beharrezkoagoa duela «Espirituaz ebanjelizatuko duen jendea». Ondotxo daki Jesusen Espirituak bakarrik ematen ahal digula indarra, Elizak behar duen errotiko konbertsioa abian ipini ahal izateko. Zein bidetan barna?
Elizaren berrikuntza hau Ebanjelioaren berritasunetik bakarrik etor daiteke. Hau nahi du Aita Santuak: jendeak entzun dezala Galileako bideetan barna Jesusek hots egiten zuen mezu hura bera, eta ez beste bat desberdina. «Sorburura itzuli behar dugu eta Ebanjelioaren jatorriko freskotasuna berreskuratu». Horrela bakarrik «hautsi ahal izango ditugu eskema aspergarriak, Jesu Kristori hesitzat ezarri nahi izan dizkiogunak».
Errotiko berrikuntza du buruan Aita Santuak; «gauzak dauden daudenean utzi ezin dituena; jada ez du balio administrazio soil batek». Horregatik eskatzen digu «bertan behera uztera “beti horrela egin izan da” delako irizpide pastoral erosoa»; behin eta berriz errepikatzen du: «Guztiak gonbidatzen ditut ausart eta kreatzaile izatera, birpentsatzera elkarteen beraien xedeak, egiturak, ebanjelizatzeko estiloa eta metodoak».
Eliza-mota honen bila dihardu Frantziskok: kezka bakarra, gaur egungo munduari Jesusen Berri Ona komunikatzea izango duena. «Beldurra, erratzeari baino gehiago, egitura hauei lotzeari izatea espero dut: atxikitze faltsu bat ematen digutenei, epaile gupidagabe bihurtzen gaituztenei, patxadan gelditzeko modua ematen diguten ohiturei, kanpoan jendetza-mundua goseak ikusi eta Jesusek esaten digularik: Emaiozue zeuek jaten».
«Ateak irekirik dituen Eliza bat» eraiki dezagun nahi du Aita Santuak; izan ere, Ebanjelioaren alaitasuna gizon-emakume guztiei dagokie eta ezin baztertu dugu inor ere. Zer poza entzutea Aita Santuaren ahotik Elizaren ikusmolde hau: Jesusen Espiriturik jatorrena berreskuratzen dituena, mendetan barna errotutako jarrerak hautsiz! «Sarritan portatzen gara graziaren kontrolatzaile bagina bezala, eta ez bide emaile bezala. Alabaina, Eliza ez da aduana bat, baizik eta Aitaren etxea da, non guztiek baitute nork bere lekua, bere bizitza lorrean duela»
Jose Antonio Pagola.