Jesu Kristo
Zeruko Ihintza

Egunsentiko eguzkia bezala etorriko da munduaren salbatzailea
eta Andre Mariaren sabelera jaitsiko,
belardira ihintza bezala. Aleluia.

Goizeko ihintza
Bibliako esapiderik ederrenetakoa eta poetikoenetakoa da,
Jainkoak munduan dagiena adierazteko.

Ihintzaren irudi hori ulertu nahi badugu,
imajina dezagun Palestina udako galda batean.
Jasanezina izan ohi da han beroa egunez.

Baina gaua iristean,
eta inor konturatu gabe,
ihintza eratzen da landareen hostoetan,
loreen petaloetan,
baita mendiko harri gainean ere.

Ihintz-tanta dira,
perla-sorta bihurturik,
han eta hemen banaturik.

Ihintzaz,
berde eta fresko bihurtzen da dena,
lurraren lehorra bizigarri bihurtuz.

Mariaren Seme hori
Aitak sortua zuen betikotasunean:
“Neuk sortu zintudan santu dirdaitsu,
egunsenti aurreko ihintza bezala” (Sal 110 [109],3)

Zeruak, isuri ihintza;
hodeiak, isuri Zuzena;
ireki bedi lurra eta erne bedi salbazioa,
eta sor bedi harekin zuzentasuna. (Is 45,8)
Munduak Kristo Salbatzailearen antsia zuen,
eta Isaias profetak oihu biziz eskatzen zion Jainkoari.

Jesus mundura etorri zenean,
Oseas profetaren hau bete zen:
“Ihintza bezala izango da Israelentzat:
lirio-lorategi bihurtuko da,
lore eta usain paradisu” (Os 14,6)

Gero, Isaiasekin batean,
hau esan ahalko dugu Jesusez,
Jauna hildakoen artetik piztuko denean gau isilean:
“Zure ihintza ihintz dirdaitsua da,
eta lurrak, hark blai eginik,
argira ekarriko ditu hildakoak”(Is 26,19).

Zeruko ihintz honetaz profetizatu zuen Salmoak:
“Ihintza bezala jaitsiko da,
eta haren egunetan zuzentasuna loratuko
eta bakea iraunkor da izango” (Sal 71[72],6)

Guri, Mikeas profetaren arabera,
ihintza bezala izateko digu eskatzen,
Kristoren premia duen mundu honetan:
“Eta Jakoben hondarra,
Jaunak bidaltzen duen ihintza bezala,
belardira jaisten den euri-lanbroa bezala izango da
herri askoren artean” (Mi 5,6).

Eukaristia hartzen dugunoi,
ihintzak blai egin zuen soroko gari hura
zeruko Ogi bihurtzen zaigu …
Ez ote gara izango ihintz bizi-emaile
premia duten guztientzat?…

Jesu Kristo Jauna,
zu zeu zara nire bihotzeko lur lehorrak behar duen ihintza.

Bizitzako nekea, lan gogorra, tentazio arriskutsua,
egunean eguneko ahuldadea…
Ez ote da hori guztia niretzat eguzki galda,
askotan esperantza galarazten didana?…

Baina zu, ihintz bizi-emaile,
zatoz egunero nigana,
batez ere Eukaristian hartzen zaitudanean…
Eta gai zara ni lorategi bihurtzeko
eta kristau-bertutea sortzen den alor emankor.

Jesus Jauna,
ihintz freskagarri lur idorrarentzat,
non bertute oro baituzu sortzen eta loratzen.
Antsia biziz zaitut antsiatzen,
Jainkoarentzat lore-soro atsegin bihur nazazun.

Ez dut opa zure onginahia baizik,
bizia bera baino baliotsuagoa den hori baizik,
egunsentiko freskuran nire Jauna abestu ahal izateko.

Ama Maria,
zerutiko ihintza zeure sabelean hartzean,
Espiritu Santuaren paradisu bihurtu zinen,
hark zugan jainkozko atsegin guztia izan zuelarik.

Egizu,
har dezadala Onginahi hori,
zuk bezala, guztiz esaneko,
nire bihotza, erru guztitik garbi,
zure Bihotz Garbiaren isla izan dadin.

Jainkoak maite gaitu
eta badaki zeren faltan garen.
Gure arimaren alor agorrera
bere Graziaren ihintz freskagarria du bidaltzen,
beti belardi berde izan gaitezen.

(Pedro García, misiolari klaretarra, Mi hora Santa Eucarística)