Jaunaren Igokundea C 2016-05-08
HOMILIA

Anai-arrebok:

Jesusen Igokundea ospatzen dugu gaur. Jesus zeruratu izana. Baina zer esan nahi dugu Jesus zerura igo dela esatearekin?

Andoni Egaña bertsolariak esan du: «Beti iruditu izan zait denik bertsorik zailena dela eskelakoa». Hau da, hildako batean gainean bertso bat eskatzen diotenean, oso nekoso gertatzen zaio bertso bat botatzea. Zergatik? Esaten du ere: «Lehengo fede modu hura galdu genuenok bestelako euskarriak eskas ditugula esango nuke». Eta jarraitzen du, nola hitz egin «hurrengo bizitzarik ez dela eta bizi zen hura jada gorpu baino ez dela sinesten dugunok?» Ikuspegi horretatik, ezin aipatu dute zerurik, «oso kontzeptu erlijiosoa» delako, eta aitortzen du, zerua ez aipatzeagatik, «zauden tokitik» eta «zauden tokian zaudela» bezalako esapideak erabili izan dituztela, edota «begiak gorantz jartzea».

Horra «lehengo fede modu hura» galtzean nola gertatzen den pertsona bat hil berria den pertsona batez hitz egitean. Zerua denik ez du sinesten. Hil den pertsona «gorpu» besterik ez dela uste du. Halere, familiartekoei animo pixka bat emateko, «zauden tokian zaudela» eta antzeko esapideak erabiltzen dira.

Eta kristauok? Jesus ZERURA IGO DELA, edo Aitak ZERURA JASO DUELA esaten dugu. Zerua. Igo. Zerura jaso. Zer esan nahi dugu hitz horiekin.

Esan dezagun argi eta garbi: zerua ez da leku bat, ez da toki bat. Igo esatean, zer ari gara esaten? Zerua leku bat ez bada, «igo» eta «jasoa izan» bezala hitzek ez dute zentzurik. Halere, lasai-lasai erabiltzen ditugu termino horiek. Hain zuzen, hitz horien hondoan edo azpian beste gauza bat ikusten dugulako.

Esan nahi dugu, Jesus, gizona den aldetik, zeruko Aitaren orbitan bizi dela jada; aintzaz betea izan dela. Ez dagoela jadanik lurreko gorabeherei lotua, gurutzean hil aurretik zegoen bezala. Aitarekin bizi. Aintzatua. Hilezkor. Zorion beteko. Horixe esan nahi dugu. Zerua ez da leku bat. Zerua izaera bat da. IZAN. Esan nahi handiko hitza IZAN.

Baina goazen gauza zehatzago batzuetara. Zer esan nahi du GURETZAT Jesus zeruratu izanak.
Lehenik eta behin, Jesusek, zeruratzearekin, ez gaitu utzi. Gurekin jarraitzen du. Gurekin pozean eta tristuran. Gurekin berak gure gain utzi duen eginkizuna gauzatzen.
Bigarren, eta hain zuzen, Jesusek, gure arteko presentzia fisikoa uztean, gutako bakoitzaren presentzia fisikoaz baliatu nahi du bere asmo salbatzailea mundu osora eramateko. Horretarako bere Espiritua bidaliko digu: laguntzaile, bizi-emaile, kontsolatzaile…
Esan dezagun ere, Jesusen piztuera eta igokundea une berean gertatu zirela. Guk aparte ospatzen baditugu San Lukasen pedagogiaren gauza dela. Funtsean, ordea, dena une berean gertatu da: Jesus berpiztu, zeruratu, Espiritu Santua bidali. Eta horrenbestez, Elizaren aldia hasi da Jesus berpiztean. Gure eginkizuna da Jesusen Berri Ona zabaltzea.
Zatoz, Espiritu Santua, eta bete gure bihotza zeure arnasaz, zeure indarrez, zeure maitasunez, zeure suaz… Maita dezagula egiaz nork geure burua eta maita ditzagula munduan diren gizon-emakume guztiak.

Dionisio Amundarain

Oharra. Norbaitek gaurko jai honen esanahia sakondu nahi balu, Leonargo Boff-ek artiku bukaina du sarean: aski luke interneten Boff Ascension bilatzea. Hona segidan helbide zehatza. http://www.servicioskoinonia.org/biblico/textos/ascension.htm