Trufania (EPIFANIA) ondoko igandea
JESUSEN BATAIOA
Lehen irakurgaia
( Presta Jaunaren bidea )
Izai profetaren liburutik 40, 1-5. 9-11
1 “ Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak.
2 Mintza bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu :
Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra,
Jaunaren eskutik hartua baitu bere bekatu guzien ordain betea. ”
3 Mintzo bat ari da oihuka:
“ Presta basamortuan bidea Jaunari.
Egin eremuan galtzada laua gure Jainkoari.
4 Bete daitezela erreka guziak, apal mendi eta munoak oro;
Xuxen daitezela malkarrak, eta zelai bilaka maldak.
5 Orduan Jaunaren aintza agertuko da,
eta guziek batean ikusiko dute Jaunaren ahoa mintzatu dela.”
9 Igan mendi gainerat, zu, Zioni berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu handi, Jerusalemi berri ona ekartzen diozuna.
Egin oihu, ez izan beldurrik.
Erran Judako hirieri: “ Huna zuen Jainkoa.”
10 Hara: indarrez jantzia heldu da Jainko Jauna
eta haren besoa nagusi da.
Hara : berekin dakar garaipen saria,
eta bere aitzinean irabazia.
11 Artzainak bezala, zaintzen du bere artaldea,
bildotsak besoan hartu eta altzoan eremaiten ditu,
eta artarekin gidatzen ardi umatu berriak
“Kontsola zazue, kontsola nere herria, dio zuen Jainkoak”. “Nere herria” eta “zuen Jainkoa”
Nere eta zuen…Horrek oroitarazten du Jainkoak Izrael-ekin duen aliantza, jainkoak bere aldetik
hautsi ez duena. Ez da mirakulu dudak ere sortzen badira populuan. Alabainan Izraeldarrak
Babiloniako desterrura eremanak izan dira eta han egon preso Kristo aitzineko 587 eta 538 urteen
artean, mende erdi batez…
“Mintza bihotzera Jerusalemi…Betea duela bere mutilgoa, ordaindua bere hobenen zorra”.
Horrek erran nahi du Populuari bere hutsak barkatuak zaizkiola eta ondorioz berriz bere horiek
jondoni Batistari gogoratuko zaizkio Kristok bataioa galdetuko dioenean.
“Igan mendi gainerat, zu Zioni berri ona ekartzen diozuna: Huna zuen Jainkoa…Indarrez
jantzia heldu da..;Haren besoa nagusi da”. Hori da berri ona. Jainkoak berekin dakar garaipen
saria, eta bere aitzinean irabazia…Artzainak bezala, zaintzen du bere artaldea…“ Errege handi
hori artzain da ere, artaldea otsoetarik beiratzen duen artzainak bezala, errege horrek Izraelgo
populua du etsaietarik beiratuko.
Salmoa 103
Leloa: Zure lekuko, Izpiritua eta ura,
Ospez betea ziren Jauna !
Dena dirdira, edertasuna duzu jauntzi,
Argi zabalaz inguratua zare bizi.
Oihal urdinez duzu gain hartan zuk egoitza,
Lanoez gora baizik zurekin ezin goza.
Zuk hedoi beltzak zaldi karroa, karro gaitza,
Haize-hegalen gainen gainean bazabiltza.
Haize zaluez duzu zabaltzen zure hitza,
Suaren garraz badakizu noiz nola mintza.
Zoin diren nasai zure egintzak, Jainko Jauna,
Zuk egin hoitaz lurra betea dago dena.
Huna itsaso, den izaiterik zabalena,
Handi bai ttipi baitabil nasai hor arraina.
Guziak oro mundu guzitik daude zuri :
Eman dezazun behar orduan zuk janari.
Guziak dire zuk eman horren biltzen ari,
Zabaltzen duzun eskutik denek indar berri.
Begitartea zuk gordetzean denen lotsa!
Zuk hatsa kenduz heien gorputza zer errautsa!
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.
103 garren salmoaren zati batzu ditugu irakurtzen hemen. Egiptotik etorri otoitzarekin konpara ginezakegu:
Amenofis laugarrenak, Nefertitiren senarrak, iduzkiari egin kantua. Errege horrek bere indar gehienak
erlisione berri baten eraikitzen eman ditu, Amon-eri buruzko ospatzea Aton jainkoari, erran nahi baita
iduzkiari, ezarriz. Karia hortarat, izen berri bat hartu du: Akhenaton. Testo hau Tell El-Amarna deitu tokian,
Egipton, hil harri batean grabatua aurkitua izan da.
Huna: Eder zaude zeru mugan, hastapenetik bizi ziren Iduzki bizia
Eki aldeko mugan dirdiratuz, zure edertasunez lurraldea betea
Eder, haundi, distiranta, erresuma guzien gainean jaikia
Ezin kontatuak zure egintzak, gure begieri ezin ulertuak
Jainko bakar, nehoren iduri, zure bihotzaren pare egin duzu lurra
Zure eskuan gauzatzen dira zuk nahi bezala
Zu dirdira eta hek bizi; zu etzan eta hek heriotzez hil
Zure baitan zure biziaren iraupena, zure ganik gurea
Zu gorderaino gure begiak so zure edertasunari
Eta gure lanak oro geldi zu mendebalen sartu bezain sarri.
Egiptoko Jainko-Iduzkiarentzat egin kantu hau eta Israelen egin salmo hau arras idurikoak direla ez da
ukatzerik; alabainan, egiptoko testoa zaharragoa da, 14 garren mendekoa, Ebrearrek Egipton esklabo ziren
denborakoa. Beraz, jainko-iduzkiari egin olerki hau entzuna zutela asma dezakegu. Beren erlisione berriaren
argitan, Egiptotik libratu dituen Jainkoaren ohoretan, kantu hau moldatu eta antolatu lezakete.
Bi testo hauek elgarren iduri badute ere, arras ezberdinak dira. Lehenik, Israelen Jainkoa Jainko personal bat
da, bere Herriari Elkartasuna proposatu duen Jainkoa, gizadiaren alde xedea duena, gizon eta emazte libre
nahi dituen Jainkoa. Bigarrenekorik, Jainkoa bakarrik da Jainko eta iduzkia kreatura bat da, nahikunderik
gabekoa: salmo hunen bertsu batzuek diote: « Aldiak neurtzen ditu ilargiak, badaki noiz sar eguzkiak. Zuk
iluna hedatzean horra gaua ». Bertzela erraiteko, iduzkiaren botere guzia, Jainkoa ganik dauka. Hasiera
Liburuak gauz bera dio: iduzkia eta ilargia kreaturen tokian ezartzeko, lehen kapituluko olerkiak ez ditu
izendatzen ere; argi haundi eta argi ttiki deitzen ditu, erran nahi baita doi doia tresna batzu.
Itzul gaitezen 103 garren salmorat. Israelen beraz Jainko kreatzailearen ospea zuten kantatzen, kreazione
osoaren erregea. Goraipatze hunekin da hasten bai eta bukatzen: « Ene arima, benedika zazu Jainkoa » olerki
huneri bere egiazko hatsa emanez. Jainkoari eman izena Elkartasunaren izena da, YHWH ezin errana,
bainan Jainkoa bere Herriaren ondoan dagolako izena. Errege dela erraiteko, gortearen hiztegia da erabiltzen:
« Dena dirdira, edertasuna duzu jauntzi » Jainkoak gorteko soinekoa balu bezala! Olerkariak dio ere:
« Jauna ene Jainkoa hain haundia! » Israelen erregeri doakion ospea.
Huna nun kristau liturgiak Jesusen bataiokari daukun salmo hau proposatzen: harrigarri lehen begi kolpean…
Zer lokarri liteke mundu osoaren Jainkoaren kreazionearen gauzatze eta Joanes Bataiatzaileak, zonbat miliun
urteren buruan, egintzaren artean, Nazareteko Jesus, zurgin baten semeak, onartzen duen egintza huntan?
Nun ez den zurgin seme hori, « mundu berritzerat » etorria, erraiten duten arabera?
« Zeure hatsa igorri eta sortzen dituzu, lurraren aurpegia berritzen duzu. » zion salmoak. Hasiera
Liburuaren erranari lotuz: « Orduan Jainko Jaunak lurretikako errautsez gizona moldatu zuen; sudurxiloetarat
bizi-hatsa ufatu zion, eta gizona bizidun bilakatu zen. » (Has 2,7) Eta lehen kapituluko olerkiak
zion: « Jainkoaren hatsa uren gainean zabilan ».(Has 1,2) Jesusen bataioa Jordane ibaiaren hegian dugu,
Jondoni Lukek diola: « Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola, zerua zabaldu zen. Izpiritu Saindua gainerat
jautsi zitzaion gorputz itxuran, uso bat bezala. »Itzul dezagun: Jainkoa gizon eta kreazione osoa berritua! Eta
geroztik, Kristo errege: « zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin » erregetzeko lerroa.
Ez da beraz harritzekorik bigarren Isaiasen testoa ukanik irakurgaikari, gauz guzien berritzearen abeslaria,
harek baitzuen mezutzen: « Hara zerbait berriren egitera noa: hasia da sortzen ez zaizkiote ohartzen? »(Is
43,19)
Bigarren irakurgaia
( Bataioko mainuaz, Jainkoak bizi-berritu gaitu )
Jondoni Paulok Tito dizipuluari 2, 11-14; 3, 4-7
2,11 Agertu da Jainkoaren grazia, jende guzientzat salbagarri.
12 Hunek irakasten dauku
Jainko gabeko biziari eta munduko gutizia tzarreri uko egiten,
zentzuz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez
mundu huntan bizitzen,
13 gure esperantza zoriontsuaren beha gaudela :
Jesu Kristo gure Jainko handia eta gure Salbatzailea
aintzaz beterik noiz agertuko den.
14 Harek bere burua eman du guretzat,
gu gure gaitz guzietarik libratu eta garbi egiteko,
gu haren herri izan gaitezen, beti ongiaren egiteko prest.
3,4 Agertu zaizkigu Jainko gure Salbatzailearen bihotz ona
eta gizakien alderako haren maitasuna.
5 Salbatu gaitu, ez guk egin zuzenbidezko egintzengatik,
bainan bai bere urrikalmenduari esker.
Bataioko mainuaren bidez sorberritu gaitu,
eta Izpiritu Sainduaren baitan berri egin.
6 Izpiritu hori nasaiki ixuri dauku Jainkoak,
Jesu Kristo gure Salbatzailearen bidez.
7 Horrela, haren graziari esker, zuzen eginak gira,
eta esperantzaz betiereko biziaren ondarearen jabe.
Hirugarren bidaian, Paul hasi zen ebanjelioaren zabaltzen Cretako islan. Gero Titori utzi zion lana
eta gutun bat igorri zion kontseilu batzu emanez.
Gutun laburra, hiru kapitulu bakarrik. Fedeaz mintzo da. Paulok dio bataioak duela gizon
berri bat egiten : « Jainkoaren grazia agertu zauku » erran nahi baita « Jainkoa gizon egin izan dela
». Bataioari esker, bertzelakatzen gira, « bataioaren mainuak berriz pitzarazi gaitugu Izpiritu
Sainduan. »
Behar dugu onetsi bertzelakatze hori; mundua mezu horren beha dago. Ez xeka
merezimenduak baditugunez! « Hori egin dauku bere urrikalmendu handian, ez gure
merezimenduen gatik »; bainan mezua hedatu behar dugu. Jainkoaren grazia ez da bakarrik orai
sinesten dugunentzat bainan mundu guziarendako: « Jainkoaren grazia agertu da gizon guzien
salbatzeko. »
Jainkoaren xedea da gizadi osoaren bertzelakatzea eta gu elgarretaratzea, bat egin dezagun
harekin. Batetaratzea, erran nahi baita bazterrerat uztea herrak, etsaigoak, gu guzietarik populu
bakar bat egiteko. Fedea dutenek erraiten dute, Jainkoaren agintza balinbada gertuko dela.
Hitz horiek orroitarazten daukute apezak mezan erraiten dituen hitzak Eukariztian
« zorionaren esperantzan, Jesu Kristo gure salbatzailea noiz etorriko den zain gaudela ».
Munduaren bertzelakatze hori fedezko akta da, menturatzen gira erraiterat azken hitza Jainkoak
ukanen duela.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Heldu da ni baino ahaltsuagoa dena, dio Joanesek.
Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 3, 15-16 . 21-22
15 Joanes Bataiatzailearen ganat etorri jendea haiduru zagon,
eta denak beren baitan ari ziren
Joanes ez ote zen Mesias.
16 Joanesek deneri erran zioten:
“ Nik urez bataiatzen zaituztet;
bainan badator ni baino ahaltsuagoa dena,
eta ni ez naiz on haren oinetako lokarrien laxatzeko.
Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.”
21 Herri guzia bataiatzen ari zela,
eta Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola, zerua zabaldu zen.
22 Izpiritu Saindua gainerat jautsi zitzaion
gorputz itxuran, uso bat bezala.
Eta mintzo bat etorri zen zerutik:
“ Zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin.”
Matiu, Mark eta Luken hiru ebanjelioak Kristoren bataiatzea kondatzen dute, bakotxak bere molderat.
Joanesek ez du kondatzen, aipatzen du. Luken ebanjelioak bere berezitasunak baditu eta hek ditugu egun
argituko. Adibidez, hastapenean dio: « Joanes Bataiatzailearen ganat etorri jendea »; jendea bataiatzerat
heldu zela Lukek bakarrik du aipatzen; bakarra da ere Jesusen otoitza aipu duena: « Herri guzia bataiatzen
ari zela, eta Jesus ere bataiaturik otoitzean zagola »; urbilketa hau Luken moldea da: gizonen artean gizon ,
Jesus beti bere Aitari lotua dago.
Hain du Lukek Jesusen gizadia finkatu nahi nun bataioaren kondaira sorterroarekin du berehala uztartzen.
Matiuren ebanjelioan sorterroa hastapenean du ezartzen, Abrametik haste Jesuseraino Dabid eta Josepen
bidez; Lukek aldiz, sorterroa Jesusetik du hasten bere arbasoeri igaiteko; Josepen seme, Dabiden seme,
Abramen seme dela dute uste (dio Lukek)… bainan Luke gorago doa eta Jesus « Adamen seme, Jainko
seme » dela dio. Horrek erran nahi du bere ebanjelioa idazten duelarik, Nazareteko Jesus eta Jainkoaren
arteko lokarri berezia lehen girixtinoak aurkitua zutela: egiazko Jainko seme zen.
Segida ez da Luken berezitasuna: Matiu eta Markek guti gora behera hitz berak erabiltzen dituzte. Jesus
otoitzean zagola « zerua zabaldu zen »: hiru hitzez, gertakarri behin betikoa! Zeru-lurren arteko lokarria
antolatua; fededunen otoitza entzuna. Mendeak eta mendeak geroztik, Juduek beha zauden: « Ai ! Zerua
urratu eta jauts bazinte! Mendiak kordoka litaizke, egurra erretzen edo ura irakitzen duen sua bezala
zintezke! » zion Isaiasek. (Is 63,19 – 64,1) Hemen ditugu urak, Jordane hegian gaudelakotz; sua ere: « Harek
Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte » dio Joanes Bataiatzaileak. Eta Lukek berriz: « Izpiritu Saindua
gainerat jautsi zitzaion gorputz itxuran, uso bat bezala » Hemen izpiritua ez da suaren indarrari lotua, bainan
usoari, goxotasun eta ahultasunaren sinboloari. Ez dira kontrakoak: indar eta bortiztasun… goxotasun eta
ahultasun, hola da amodioa, hola da Izpiritua.
Izpiritua uso baten itxuran, lau ebanjelistak hola dute aipatzen. Matiu eta Markek Izpiritua « uso bat bezala »
dela jausten diote; Lukek berriz: « Izpiritu Saindua gainerat jautsi zitzaion gorputz itxuran, uso bat
bezala ».Joanesen ebanjelioan, Joanes Bataiatzaileak du ondotik gertakaria kondatzen: « Izpiritua ikusi dut,
uso-itxuran, zerutik jausten eta haren gainean egoiten. Nik ez nuen ezagutzen, bainan urez bataiatzera igorri
nauenak erran daut: « Izpiritua jausten eta gizon baten gainean egoiten ikusiko duzu; hura da Izpiritu
Sainduaz bataiatuko duena. » Nihaurek ikusi dut, eta lekuko naiz hura dela Jainkoaren Semea. »(Jn 1,32-34)
Lau ebanjelistak aipatuz geroz, usoaren itxura hau arras garantzisua liteke. Zer gogoratzen ote zuen
heientzat?
Testamendu Zaharrean, kreazionea du gogoratzen. Hasierako Liburuak ez du usoa aipatzen, doi doia erraiten
du: « Jainkoaren hatsa uren gainean zabilan » (Has 1,2) Bainan Juduen pentsaketan, hats hortan Jainkoaren
Izpiritua zen deitua eta Hasierako komentario batek dio: « Jainkoaren Izpiritua uren gainean zabilan uso bat
bere haurren gainean iduri, bainan ez ditu hunkitzen ». (Babiloniako Talmud liburua). Gero, usoak
Jainkoaren eta gizadiaren arteko Elkartasuna zuen gogoratzen, uholdearen ondotik berritu lokarria. Orroit
Noeren uso laxatzea: uholdea bukatu zela eta bizia berriz hasi, harek zuen Noeri berria zabaldu. Gehiago
dena, Kantarik Ederrenaren amorosak bere maite miña « ene usoa gordelekutzat harrokarteak …ene arreba,
ene emaztegaia, ene usoa, guziz ederra »du deitzen, hots Jainkoaren maitasunezko errana gizadiari
Kantarik Ederrena dela, diote Juduek.
Mende berri baten goizaldea : kreazione berria, elkartasun berria. Hemen Isaiasen erranak dituzte
ebanjelistak entzuten: « Hara , zeru berria eta lur berri kreatuko ditut »(Is 65,17) eta Ezekielen hitzak: « Ur
garbia ixuriko dautzuet gainerat eta garbi izanen zirezte; zuen kutsadura eta idolatria guzietarik garbituko
zaituztet; bihotz berria emanen dautzuet eta izpiritu berria ezarriko zuen baitan: harrizko bihotza kenduko
dauzuet eta haragizkoa emanen. Neure izpiritua ezarriko dut zuen baitan, nere legeen arabera joka dezazuen
eta nere manamenduak bete ditzazuen…. Nere herri izanen zirezte eta ni zuen Jainko » (Ez 36,25…28) Hori
zuen Joanes Bataiatzaileak erraiten ziolarik: « Harek Izpiritu Sainduaz bataiatuko zaituzte. »
Orduan, dio Lukek: « mintzo bat etorri zen zerutik: Zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin ». Ez da
nehorentzat durarik mintzo hori Jainkoaren mintzoa dela . Aspalditik Juduek ez zuten gehiago profetik
bainan deusek ez zuela Jainkoa trabatzen bera zuzenean mintzatzeko eta bere boza, zerutik etorria, uso baten
idurikoa zela, zioten apezek. Eta erranaldi hau: « « Zu zaitut neure Semea, zu zaitut atsegin » Juduentzat ez
zen berria; bigarren salmoko bertso hau Jerusalemgo tenploan kantatzen zen betitik. Israelen ez zen gehiago
erregerik bainan erregen eguneko lelo hori errepikatzen zuten, tematuz, Mesias deituko erregearen etor eguna
igurikatzen zutela.
Hor zirenetan, ongi ulertu nahi zutenak eta heietarik Joanes Bataiatzaileak, bet betan ulertzen dute:
Izpirituaren usoa, hau da Mesiasen korona.