Jesusen Bataioa C 2015-01-10
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen Bataio-eguna ospatzen dugu gaur. Esan genezake, Jesusen benetako jaiotza Bataiokoa izan zela: Espiritu Santua hartu zuen; zeruko Aitaren aitormena entzun eta onartu zuen: nire Semea maitea zara, nire Seme maitea. Eta Aitaren aitormena onartu, esan dut. Jainkoa Aitatzat hartu duela esan nahi du horrek; Jainkoa Aitatzat hartzeak, zeruko Aitaren asmoa aintzat hartu duela esan nahi du; Jainkoa Aitatzat hartzeak, Aita horren seme-alaba guztiak bere anai-arrebatzat hartzen dituela esan nahi du.

Gaurko jai honek, Jesus zer den ezagutzera gonbidatzen gaitu, zer esperientzia izan duen hausnartzera: Jainkoa Jesusentzat zer den kontuan hartzera eta Jesus bera zer de beste gizon-emakume guztientzat.

Gutxitan bezala, lau ebanjelioek aipatzen dute nola edo hala Jesusen Bataiokoa. Garrantzi handia ematen diote Bataiokoan gertatuari. Jesusen benetako jaiotza ospatzen dugu: uretik eta Espiritu Santutik jaio izana.

Garrantzizkoena ez da Bataioa bera, garrantzizkoena ez da erritua bera, garrantzizkoena ez da ikusten den hori. Garrantzizkoena Jesusen bihotz-hondoan gertatu dena da. Gauza bera esan beharko genuke geure bataioaz.

Jainkoa pertsonaren bihotz-hondoan dago. Jainkoa ez da ikusten. Bataioak, ikusten dena baino harago bultza egiten digu. Ikus zeri dion garrantzia ematen Lukasek: zerua ireki zen, Espiritua jaitsi zen, Aitaren ahotsa entzun zen. Horiek guztiak sinboloak dira: ez zuten ikusi zerua irekitzen, ez zuten ikusi Espiritua jaisten, ez zuten entzun Aitaren ahotsa.

Inportanteena ez da ikusten dena. Baizik Jesusek sentitu zuena bere bihotzean. Joan ebanjelariak ez du aipatzen Bataio erritua; jakindakotzat ematen du; Espiritu Santuaren presentziaz mintzo da. Espiritu Santuaz hitz egitean, Jainkoaren energiaz, Jainkoaren bizitzaz mintzo da.

Inporta zaiguna, beraz, Jesusek zer sentitu zuen da: alde batetik, Jainkoaren harreman pertsonal bat sentitu du; bestetik, harreman pertsonal horri zer erantzun eman behar dion. Harreman pertsonala! Begira zertarainokoa den harreman hori: Jainkoari Abba esaten ausartu da; haren nahia egin nahi du; hari entzuteko prest dago.

Jesusen Bataiokoa, honetara dator: Jainkoaz izan duen esperientzia agertzera; hartu duen Espiritua munduari adieraztera: horixe izango du Jesusek funtsean bere egitekoa: Jainkoa munduari agertu; Jainkoa agertuaz, gizon-emakumeak beren artean zen diren agertu.

Jesusen asmo eta egiteko guztia, gu ere esperientzia horretara eramatera, gidatzea, laguntzea da. Hausnar dezagun gure bataiokoa. Segur aski, hemen gauden guztiok haur jaio berri ginela bataiatuak izan ginen. Ez genuen Jesusena bezalako esperientziarik bizi izan. Baina hazi ahala, Jesus ezagutu ahala, Bataio edo erritu haren arima esnatzen eta pizten joan zaigu. Jesusek bezala, Jainkoari Aita (Abba) esateko bihozkada sentitu dugu. Eta sentitzen dugu. Zorionekoak gu Jesusen esperientzia bizia bezalakoa bizi dugulako. Eskerrak Jainkoari.

Dionisio Amundarain