ESPERIENTZIA PERTSONALA (Mateo 3,13-17)

Jesusen Bataioa A 2020-01-12

Jesusek Joan Bataiatzailearekin izan zuen topaketa, bere bizitzari bira eman zion esperientzia izan zuen. Jordan ibaiko bataioaren ondoren, Jesus ez da itzuli jada Nazareteko bere lanera; ez zaio atxiki Bataiatzailearen mugimenduari ere. Bere bizitzan xede bakar bat du orain: guztiei aldarrikatzea gizakia salbatu nahi duen Jainkoaren Berri Ona.
Baina Jesusen ibilbidea aldarazi dutenak ez dira izan, ez Bataiatzaileari entzun dizkion hitzak, ezta bataioaren erritu garbitzailea ere. Askoz sakonago bizi da Jesus. Goitik behera Aitaren Espirituak harturik sentitu da. Jainkoaren Seme dakusa bere burua. Bere bizitza, aurrerantzean, Jainko Aitaren maitasun ezin atzeman hori irradiatzea eta kutsatzea izango du.
Jesusen esperientzia honek badu guretzat ere esanahi bat. Fedea ibilbide pertsonala da, norberak egin beharrekoa. Oso garrantzizkoa da, noski, txikitatik gurasoengandik eta hezitzaileengandik aditu duguna. Garrantzizkoa da apaizei eta predikariei aditzen dieguna. Baina, hondo-hondoan, beti egin beharko dugu galdera bat: Norengan sinesten dut nik? Jainkoagan dut sinesten ala Jainkoaz hitz egiten didatenengan?
Ez genuke ahaztu behar, fedea beti esperientzia pertsonal bat dela, ezin ordezka dezakegula bestek esaten digutenari obedientzia itsu bat eskainiz. Kanpotik norabidetu gaitzakete zerbaitek edo norbaitek federantz, baina ni neu naiz Jainkoari barnea konfiantzaz ireki behar diona.
Horregatik, fedea ez datza, besterik gabe, formula-multzo jakin bat onartzean ere. Fededun izatea ez dago, hondo-hondoan, kristau-ikasbidean bildurik dagoen irakaspen-eduki bat onartzearen baitan. Oso garrantzizkoa da hori guztia, dudarik gabe, existentziaren gure kristau-ikuskera moldatzeko. Baina hori guztia baino lehen eta horri guztiari zentzua emanez, barne dinamismo hori dago, dinamismo hori da barnetik eragiten diguna Jesu Kristogan agertu den Jainko hori maitatzera, berorrengan konfiantza izatera, berorrengan esperantza izatera.
Fedea ez da bataiokoan hartzen dugun kapital bat ere, gerora hartaz lasai baliatu ahal izateko. Ez da betiko jabetzan hartutako zerbait. Sinestedun izatea, Jesusengan haragitu den Jainkoari etengabe aditzeko jarreran bizitzea da, egunez egun era beteagoan eta askeagoan bizitzen ikasiz.
Fede hau ez da dena ziurtasun huts. Bizitzan barna, fededunak askotan bizi ohi ditu ilunaldiak. Romano Guardini teologo handi hark esan ohi zuen bezala, pertsonaren egitekoa «fedea aski argi edukitzea da ilunaldiak jasan ahal izateko». Fedea, guztien gain, leialtasuna da. Benetako sinesteduna gai da argialdian ikusi duena ilunaldikoan ere sinesteko. Sinestedunak beti jarraitzen du gure formula argi edo ilunak baino harago dagoen Jainko horren bila. Henri de Lubac-ek idatzi zuen «guk Jainkoaz sortzen ditugun ideiak itsasoko uhinak bezalako direla, zeinen gainean sostengatzen baita igerilaria haiek gainditzeko». Gauza erabakitzailea, bere Seme Jesu Kristogan agertu zaigun Jainkoarekiko leialtasuna da.

Jose Antonio Pagola