Urteko 28. igandea A 2014-10-12
HOMILIA

Anai-arrebok!

Bai Isaiasek, lehen irakurgaian, bai Jesusek, ebanjelioan, eztei-otordu bezala agertu digute Jainkoaren Erreinuko zoria. Beste hitz batez esanda, zeruko zoria.

Gogoan izan behar da, bai Jesusen garaian, bai gaur egun, otorduak inportantzia handia duela gizartean. Besteak beste, gizon-emakumeen arteko loturak eta harremanak estutzeko aukera eman ohi du otorduak.

Jesusek, bestalde, oso gustukoa zuen otorduak bekatariekin eta zerga-biltzaileekin egitea. Segur aski, bere jokabide horrengatik egiten zioten kritikari erantzun nahi dio Jesusek parabola honekin. Kritika egiten diotenei esan nahi die: zuek ez duzue onartu Jainkoaren gonbita; bekatariek eta paganoek, aldiz, gustura onartu dute gonbita.

Edonola ere, Mateok horixe azpimarratu nahi izan du: judu-herriak uko egin dio Jainkoaren deiari, Jainkoaren onginahiari.

Eta guretzat?, zer dakar parabola honek?

Esan ohi da, gaur egungo gizartean oso handia dela momentuka bizitzeko joera eta jarrera. Askorentzat, momentuak dira inportanteak. Uneak. Aspaldi samar ere antzeko zerbait bizi zutenaren lekuko bat badugu: carpe diem. Bizi ezazu egunean egunekoa.

Joera horrek esan nahi du, ez dagoela helburu bat, ez dagoela jomuga bat, ez dagoela proiektu bat. Momentuan momentua eta kito.

Bai Isaias, lehenengo irakurgaian, bai Jesus, ebanjelioan, joera horren kontra doaz. Norbaitek esan du, gure homilietan ez dugula hitz egiten geroko biziaz. Agian, egia da, neurri batean.

Dena den, gaurko bi irakurgaiek garbi adierazten digute, pertsonak helburu bat, jomuga bat, proiektu bat izan behar duela. Eta jomuga bat izateak esanahi du, jomuga horretarako bidekoak kontuan hartu behar direla; aztertu egin behar direla, bai jomugako zoria bera, bai jomugarako bideko gorabeherak.

Jomugako zoria bera: otordu bezala aurkeztu digute bi irakurgaiek. Otordua, ez da mahai batean modu bakartian egotea; jatea eta edatea bazter utzi gabe, elkartasuna bizitzea da, poz-alaitasunean.

Jomugarako bideko gorabeherak: gaurko irakurgaietan gehiegi deskribatzen ez badira ere, ebanjelioko bigarren parabola laburrak aski ondo agertzen digu: jai-jantzirik gabeko pertsona horrek uko egin dio jai-aretora sartzean eskaini dioten jai-jantziari. Alegia, uko egin dio mahaikide bizi-bizi izateari. Zer esango zenukete, mahaian eseri, eta egonaldi guztiak bere patrikako makinatxoarekin ibiliko balitz?

Nolanahi ere, Mezakoan, irakurgaiez gainera, bideko gorabeherak zein izango diren eta nola bizi behar diren agertzen digun Kristoren misterioa ospatu ohi dugu: heriotza eta piztuera; gizon-emakumeen salbaziorako hiltzea eta piztea.

Senideok, ezar ditzagun geure begiak geure jomugan, geure helburuan. Har dezagun geure bizitza proiektu bizi eta emankor bezala. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain