HOMILIA
Urteko 26. igandea A (2014-09-28)

Anai-arrebok! Gure esaera zaharretan badugu bat, gaurko ebanjelioaren muina agertzen diguna: «hitzekoa izatea». Bai ederra eta bai mamitsua. San Benitok ere badu esapide bikain bat; dio: otoitz egitean, bihotzak bat egin behar du esaten duzunarekin.

Hori guztia bat dator gaurko ebanjelioarekin: zure bizierak bat egin behar du diozunarekin. Hitzekoa izatea. Horixe da Jesusek eskatu nahi diguna.

Bai. Gaurko ebanjelioan bi zati ditugu. Batetik, parabola labur bat. Bestetik, parabola horren aplikazioa; agian, geure Mezan edo geure erlijiotasunean askotan ahazten dugun aplikazioa; irakurri eta irakurri, entzun eta entzun, eta horretan gelditu. Jakina, hori ez da ebanjelioa fedez irakurtzea, fedez entzutea.

Lehenik eta behin, parabola bera. Bi seme. Mahastira joateko erregutu die aitak. Lehenengoak ezetz, baina, damuturik, mahastira doa. Bigarrenak baietz, baina ez doa.

Jakina, jarrerarik hobena, lehenengoarena. Ondo asko adierazi digu horrek zer garen. Behin baino gehiago gertatzen zaigu Pauloren hura: nahi dudana ez dut egiten. Paulok ondo sumatu du bere barruan bitasun bat; pertsona bikoitza bagina bezala. Hasiera batean bata da gailentzen. Baina norberaren hondo-hondoan aztarrika egitean, bestea da aurrera ateratzen. Horixe da garrantzizkoa: hausnartzen jakitea, axalean ez gelditzea.

Eta bigarrenaren jokabidea. Ondo gelditzeko-edo «bai» esan, baina mihi hutsez, ezpainen puntaz. Zuriaren jokabidea. Hipokrita.

Agian, imajina genezake hirugarren anaia bat ere. «Bai» esaten eta «bai» egiten duena. Ez du duda-mudarik. Ez du zurikerian jardun beharrik ere. Hirugarren anaia hori, nor dela esango zenuke? Gaurko bigarren irakurgaiaren bigarren zatian, Filipoarrei egindakoan (2,6-11), argi asko deskribatu digu Paulok: bere jainkozko izaeraz ahazturik, gure arteko egin da Kristo: dena «bai» izan da Kristo, mundua salbatzeko betiko asmoren inguruan. Horra zer proposatzen digun Paulok ere: hitzekoa izatea.

Bigarren zatia, Jesusek egin duen parabolaren aplikazioa. Parabolako bigarren semearen jokabidea leporatu die Jesusek Jerusalemeko apaizei eta zaharrei: «bai» esan eta «ez» egin. Modu zakarrean hitz egin die. Horra, esan die: zuek baztertu dituzuen zerga-bilatzaileek eta emakume prostituituek entzun diote Joan Bataiatzaileari. Zuek, berriz, entzun bai, baina kasurik ez; ez zarete damutu, ez diozue sinetsi.

Anai-arrebok, guztiontzat da parabola. Guztiok gaitu interpelatzen. Guztiok gaitu koloka jartzen. Alabaina, azpi-azpian Jainkoaren maitasunaren interpelazioa da. Badaki zerez eginak garen. Lehen irakurgaian Ezekielek esan diguna berresaten digu: oker jokatu duena, hausnartu, gogoeta egin eta bekatutik urruntzen bada, biziko da, ezta hilko. Eta gaurko pasartea baino apur bat geroxeago, gogoan hartzeko hitz hau esan digu: «Ez dut atsegin inor hiltzea; itzuli, beraz, eta bizi zaitezte» (Ez 18,32).