Hirutasun txit Santua A (2017-06-11)
Urte liturgikoa Abendualdi eta Eguberrialdiarekin hasi ohi dugu, ospatuz, Jainko Aitak bere Semea bidali duela mundura. Segidako igandeetan Jesusen jarduera eta mezua gogoratuko ditugu. Zerura igotzean bere Espiritua bidali digu, joan den igandean ospatu genuena. Eta hor ditugu Aita, Semea eta Espiritu Santua. Prest gaude hirurak jai bat berean, Hirutasunaren jaian, ospatzeko.
Jai hau aski berandu sortu zen, 1334an, eta Joan XII.a aita santuak eratu zuen. Agian, hasierako asmoa aurre egitea izan zen (Corpus jaiarekin gertatu zen bezala) Jesusen edo Espiritu Santuaren jainkotasuna ukatzen zuten talde heretiko batzuei. Horrek argituko liguke, Prefazioko hizkuntza, ospakizun liturgiko batekoa baino gehiago, teologiako ikasgai batekoa izatea. Aitzitik, irakurgaiak laburrak dira eta ulerterrazak, eta ardaztzat Jainkoaren maitasuna dute.
Jainkoaren definizio bibliko bakarra
Lehen irakurgaiak, Irteera liburutik hartuak, eskaintzen digu Itun Zaharreko Jainkoaren definizio (hobe, auto-definizio) bakarra, eta ezeztatu egiten du Itun Zaharreko Jainkoa Jainko izugarri bat, mehatxugile bat delako ustea, Jesusek proposatutako Itun Berriko Jainkoarena ez bezalakoa, Itun Berriko hau Jainko maitagarri eta onbera izango bailitzateke. Liturgiak, beti bezala, moztu egin du testua. Baina osoa ezagutzea komeni da.
Moises Sinai mendiaren gailurrean dago. Lehentxeago, beraren aintza ikusi ahal izatea eskatu dio Jainkoari, eta honek erantzun: «Neure aberastasun osoa pasaraziko dut zure begi aurretik, eta Yahveren izena hots egingo dut zure aurrean» (Irteera 33,19). Israeldar batentzat, izena eta pertsona gauza bera dira. Horregatik, «Yahveren izena hots egitea» bere burua osorik ezagutaraztearen parekoa da. Horixe gertatuko da apur bat geroxeago, Jauna Moisesen aurretik pasatuko denean hots eginez:
«Yahve! Yahve! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onbera eta leiala! Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; nahiz eta ez duen erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan, bilobengan eta heren-ilobengan zigortzen duen» (Irteera 34,6-7).
Horrela auto-definitzen da Jainkoa. Beraren gupida, onberatasun, pazientzia, errukia, leialtasuna azpimarratzen duten bost izenlagunez. Honek guztiak ez du zerikusirik izuaren eta zigorraren Jainkoarekin. Eta segidakoak hankaz gora jartzen du Jainkoaren zuzentasunaz gauzatu den ideia faltsu hau: «jende ona saritu eta jende gaiztoa zigortzen duena»; Jainkoaren balantzan zigorra eta barkazioa guztiz orekatuak eta parekoak bailiran. Egia da, Jainkoak ezin jasan duela gaizki egina. Baina barkatzeko bere gaitasuna mugagabeki handiagoa da zigortzekoaren aldean. Hori adierazten du belaunaldien irudiak. Errukia milagarreneraino iristen den bitartean, zigorra laugarreneraino bakarrik iristen da (gurasoak, seme-alabak, bilobak, heren-ilobak). Jakina, hau guztia ez da hartu behar hitzez hitz, Jainkoak seme-alabak, gurasoen bekatuagatik, apeta hutsez zigortuko bailituen. Testuak kontrastea azpimarratu nahi du: milaren eta lauaren artekoa, maitatzeko egundoko gaitasunaren eta zigortzeko gaitasun eskasaren artekoa. Ideia hau bera jaso dute Itun Zaharreko beste pasarte batzuek ere:
«Zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra zara,
haserregaitza, onbera eta leiala» (Sal 86 [85],15).
«Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta onbera.
Ez da beti agiraka ari, ez du haserrea luzaro gordetzen.
Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,
ez digu ordaintzen geure erruen arabera.
Nola zerua lurraren gainean garai,
hala haren maitasuna begirune diotenentzat handi.
Nola ekialdea mendebaldetik urruti,
hala ditu hark gure hobenak beregandik aldentzen.
Nola aita seme-alabentzat errukior,
hala Jauna begirune diotenentzat gupidatsu» Sal 103 [102] 8-14).
«Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidatsua bere sorkari guztientzat» (Sal 145,8-9).
«Banekien nik Jainko bihozbera eta errukiorra zarena,
haserregaitza eta onbera,
bere mehatxuez damutzen dena» (Jonas 4,2).
Ebanjelioak behin eta berriz tematu dira Jainkoaren maitasunaren gai horren gainean, azken ondorioetara eraman arte. Kontua ez da Jainkoak barkatzen duela soilik edota gure ahuldade eta hutsegiteekin ulerkor dela soilik. Beraren maitasuna hain handia da, non bere Semea eman baitu, gu salba gaitezen eta betiko bizia lor dezagun.
Bigarren irakurgaia honengatik aukeratu dute: Jesu Kristo, Jainko Aita eta Espiritua batera (oso gutxitan gertatua) aipatzen dituelako. Hitz hauetan inspiratzen da Mezaren hasierarako aukeran ditugun agurretako bat.
Gure erantzuna: maitasunak maitasuna du zor
Jai honen eta gaurko irakurgaien funtsezko gauza Jainkoaren maitasunarekiko konfiantza indartzea den arren, geure aldetik zor diogun erantzuna ere iradokitzen dute bidenabar.
Lehen irakurgaian, Jainkoa, Moisesen ustean, herriaren maitasun-eredu bihurtu da: basamortuko etapak elkarrekiko ezin ulertuzko memento izan dira, kritika zorrotzen une, harremanak kasik hausterainoko parada. Orain, ordea, Jainkoaren hitzek herriaz arduratzera eragin diote Moisesi eta Jainkoak dion maitasun bera agertzera.
Paulok korintoarrei egindako gutunean, Jainkoa eredu bihurtu da kristauentzat. Aitak, Semeak eta Espirituak beren artean duten maitasun bera bizi behar dugu geure artean, sentiera bera izanik, bakean biziz, batak bestea adoretuz, beharrezko denean elkar zentzaraziz, beti pozik.
Ebanjelioak, berriz, Jainko Aitari eskerrak ematera animatzen gaitu bere Semea eman digulako, eta Seme hori konfiantzaz onartzera.
José Luis Sicre